“Emaitza ekonomiko onak dituen entitatea euskal gizartearen alde lan egiten jarri beharrean gutxi batzuen eskuetan” uzteko erabakia gogor kritikatu du Eusko Alkartasunak
Eusko Alkartasunako Komunikazio idazkariak, Ikerne Badiolak esan duenez, asteburuan ezagutu diren estres testen emaitzek are mingarriago egiten dute Kutxabanken pribatizazioa: “EAJk gutxi batzuen esku utzi du euskal ekonomia errealari laguntzeko gaitasuna duen entitatea”.
Kutxabankek erosotasun osoz gainditzen ditu estres testak, eta horrek erakusten du “kudeaketa sozialagoaren bidez, pertsonen, enpresa txiki eta ertain eta merkataritzaren baldintzak eta egoera hobetzeko balio duen tresna ikaragarri eraginkorra dela”. Dituen erreserben erdiak izanda ere, testa gaindituko zuen Kutxabankek, “eta horrek esan nahi du ekonomia erreala finatziatu dezakeela baina ematen du ez duela nahi, zabaltzeko aukeren zain baitago”.
Bestetik, Badiolak esan du Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak zuten tresna finantziarioak, argi-ilunak izanda ere, “funtzionatzen zuen eta euskal ekonomian eragiteko gaitasuna zuen”. Orain berriz, EAJk, PP eta PSOEren laguntzarekin “tresna hori gutxi batzuen eskuetan utzi du, eta bere interes nagusia lagunen artean mozkinak banatzea izango da, ez euskal gizartearen ongizatearen alde lan egitea”.