Arratsalde on guztioi;

Ez dakizue zein pozgarria den zuen aurpegiak ikustea, nahiz eta maskarak zuen irribarreak estali.

Ez dakizue zenbateko ilusioa sortzen duen amets konpartitu bat guztion artean errealitate bihurtzeak.

Ez dakizue zenbateko balioa duen dokumental honen aurkezpenean gu guztiok batera egoteak.

Urte zaila izan da aurtengoa; pandemia madarikatu honek jende asko eraman du gure artetik,

besarkadak eta aurrez aurrekoak lapurtu dizkigu, eta eguneroko bizitza aldarazi digu erabat.

Baina bide ezberdinak urratzen iaioak gara gu; dokumental hau eta Euskal Herria Bildu horren lekuko dira.

Nork pentsa zezakeen orain 10 urte Euskal Herriko indar politiko ezberdinak batu egingo zirela Euskal Herritar guztiontzat- betikoak, berriak eta pasoan daudenak- bizitza duin eta askeak lortzeko asmoz.

Nork pentsa zezakeen hain etorri ezberdineko jendea elkarlanean arituko zela erakunde eta kaleetan, Euskal Herri aske, justu eta berdearen alde ekiteko.

Nork pentsa zezakeen proiektu politiko batek hainbeste ilusio bete, hainbesteko eraldaketa politiko eta hainbeste jende bilduko zituenik.

Eta hemen gaude! 10 urtetan lorpen izugarriak lortu ditugu! Milaka pertsonaren burugogortasuna, ekina eta batez ere maitasunari esker, egun eredu eraldatzailea bilakatu gara Euskal Herri hobea helburu duten erakunde, organizazio eta mugimendurentzat.

Bidea ez da erraza izan; jausi gara, haserretu gara, negar ere egin dugu; ezintasuna batzuetan eta erasoak besteetan. Baina lortu dugu Euskal Herria Bildu eratu ez ezik, egonkortu eta are, bizitza propioa duen mugimendu politikoa izatea. Bejondeigula guztioi!

Politika haserretutako jendearen kontua dela irudikatu nahi dute batzuk, baina erakutsi dugu lau haizetara elkar entzuten, maitatzen eta zaintzen duen jendea garela Euskal Herria Bildutik politika egiten dugunok.

Bildu indarrak batzeko asmoz jaio zen orain 10 urte. Etorrera eta sentsibilitate politiko ezberdinetako alderdiak bilduz hasi, eta erakunde zabal eta anitz berria eratu dugu gizarte eta Herri proiektu bateratuan; sektore ezberdinetako emakume eta gizonak elkartzen dituena jendarte eta herri askeak lortzeko asmoz.

Ohore bat da niretzat EH Bilduren komunitatea osatzen dugun pertsona guztion inguruko dokumental hau aurkeztea. Zerbait bada Euskal Herria Bildu, guztion arteko elkartzea eta elkar ekintza baita; hasi auzo elkarteetatik eta Europako Parlamentura arte.

10 urteotan baina, egoera gorri askori egin behar izan diegu aurre. Gogorarazi behar dugu 2011an, krisi ekonomiko larri baten geundela. Jende asko langabezian, etxegabetzeak nonahi, ustelekeria politikoa edonon, gatazka politikoak sortutako indarkeria sufritzen, eta honen ondorioak pairatzen…

Egun, pandemia bitarte, egoera soziopolitikoa ez da ez askoz hobea, baina kaleratze masiboei elkartasunez aurre egiten ikasi dugu, Tubacexeko lagunek ondo erakusten duten bezala.

Etxegabetzeei auzo elkarteetatik antolatuz – eta gure alkateen lanaz- aurre egiten diegu. Gizarte sano baten oinarri eta erakusgarri diren osasungintza eta hezkuntza publikoa balioan jarri eta babesten ditugu.

Langileen eskubideak errespetatuak izan daitezen espainiar gobernuarekin hitzarmenak egin ditugu.

Aurrekontu sozialak eta berdeak bultzatu ditugu, herritarrekin elkarlanean.

Euskal Herriaren bakegintza aurrerapauso galantak eman ditugu, askok bakea zorrozteko garaia dela konturatu ez diren arren.

10 urte egin ditugu elkarrekin. Asko dugu ospatzeko, asko oraindik borrokatzeko, eta asko

partekatzeko!

Dokumental honek 10 urte hauetako ibilbidea erakusten digu, baina inork ez dezala pentsa hemen bukatzen denik pelikula. Urte luzez iraunarazi behar dugun serie baten lehen denboraldia besterik ez da izan.

Orain 10 urte Bilboko Areatzan bildu ziren irriak eta aldarriak, ametsak eta borrokak, izan daitezela akuilu guztion hoberako izango den Euskal Herria askea, justua eta demokratikoa eraikitzeko!