I.- HITZAURREA.
II.- HIRUKO JAURLARITZA
BERRIAREN PROGRAMA-LEHENTASUNAK.
1.- Bakerako, elkarbizitzarako
eta normalizazio politikorako printzipioak.
2.- Gizarte integratuaren
alorreko eta bazterketaren aurkako konpromisoak.
3.- Etxebizitza, ingurumen
eta ezagutzaren gizarteari dagozkion arloko jardun zehatzak eta orokorrak.
                                  
Etxebizitza-politikaren gizarte-ikuspegia.
                                  
Ingurumenaren aldeko apustua.
Ezagutzaren gizartea
euskal herritarren zerbitzura.
4.- Euskal gizarte berrirako
ekintza publikoko beste ardatz batzuk.
III.- JAURLARITZAREN BARNEKO
ANTOLAMENDUAN ETA EGITURAN EGIN BEHARREKO ALDAKETAK. FUNTZIOEN ESLEIPENA ETA
ARLOEN DEKRETUA.
IV.- 2001EKO UZTAILAREN
6AN EAJ-PNV ETA EA ALDERDIEK IZENPETU ZUTEN GAUR EGUNGO GOBERNU-HITZARMENAREN
PRINTZIPIO ETA FUNTZIONAMENDU-ARAUEKIKO EB-IU-REN ATXIKIMENDUA.
V.- ERAKUNDE-EKINTZA POLITIKOAREN
PRINTZIPIO GIDARIAK.

I.-
HITZAURREA
EB-IUk bat egiten
du EAJ-PNV eta EA alderdiek Euskadiren orainean eta geroan duten konfiantzarekin,
baita gure gizartean bakea eta normalizazio politikoa behin betiko nagusituko
diren itxaropenarekin ere.
Euskal gizartearen
nahi legitimoak ez dira indarkeriarekin eta honek eragiten dituen nahigabe eta
frustrazioekin nahastu behar, euskal gizarteak ez du halakorik merezi eta, hori
dela-eta, gaur egun Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek zein EB-IUk bat
egiten dute eztabaida politikoa burutzeko eta proiektuak alderatzeko eszenategi
berri baten alde lan egiteko erantzukizunean. Izan ere, euskal gizartearen moduko
gizarte zibilizatu eta tolerante baten berezko elkarrizketa eta konpromisorako
bideen barruan gauzatuko den eszenategi berri baten aldeko lana funtsezkoa izango
da.
Joan den maiatzaren
13ko hauteskundeekin euskal politikaren etapa berri bati eman zitzaion hasiera.
Hauteskundeetako emaitzen ondorioz, EAJ-PNV eta EA alderdiek Euskal Autonomia
Erkidegoan koalizio-gobernua osatzeko hitzarmena lortu zuten 2001eko uztailaren
6an. Bi alderdi hauek jakin badakite VII. Legegintzaldi honek garrantzi handia
izango duela euskal gizarteak aurrean dituen erronkei aurre egiteko.
Hala eta guztiz ere,
Jaurlaritza osatzeko hitzarmen horretan bi alderdi hauek ez zuten politika egiteko
formula esklusibistarik bilatu; izatez, partekatzen zituzten programa-printzipioetan
oinarrituta bi alderdiek adostutako Azken Xedapenean ondokoa ezarri zuten: “legegintzaldi
honetan politikaren eta erakundeen egonkortasuna ahalbidetuko duen beste indar
politiko batzuekin adostasun-formulak finkatzeko prozesu bati hasiera emateko
konpromisoa, erakunde-ekintza politikoa koordinatzeko arauetan aurreikusten
diren helburuei jarraituta”.
Horrenbestez, dokumentu
honetan gaur egun indarrean dagoen Jaurlaritzaren programarekiko EB-IUren atxikipen
zehatza eta berezia adosten dute Lehendakariak zein EAJ-PNV, EA eta EB-IU indar
politikoek. Dokumentu honetan atxikipenarekiko adostasuna zehazteaz gain, EB-IU
indar politikoa dagoeneko eratuta dagoen Eusko Jaurlaritzara sartzearen xehetasunak
ere jasotzen dira. Euskadi normalizatu eta aurrerakoia eratzeko oinarrizko zutabeetako
bat gizartearen eta politikaren arloan dagoen aniztasuna errespetatzea da –izan
diren hauteskunde desberdinek finkatu duten aniztasuna hain zuzen ere– eta horixe
islatzen da dokumentu honetan. Gaur egun ezagutzen dugun Euskadi irudikatu eta
gauzatu duen aniztasun hori gure historiaren emaitza da.
Dokumentu honen
bidez EAJ-PNV, EA eta EB-IU indar politikoez osatutako hiruko Jaurlaritza adosten
dugun indar politikoak eta Lehendakaria bera kenketan oinarritu beharrean baturan
oinarritzen den etorkizuna hartzen dugu aintzat eta halako etorkizuna aintzat
hartzen duen gizartearen ezinbesteko zati gara. Gizartearen eta politikaren
alorreko aniztasunak gure erronka nagusiei aurre egitearen zerbitzura egon behar
duen tresna preziatua izan behar du. Erronka nagusi hauen artean bakea, elkarbizitza
normalizatua eta gehiengoarentzako ongizate-mailarik handiena ziurtatzeko borondate
publiko nabarmena nabarmendu behar dira
Gure iritziz erronka
hauek etapa berri honetan gaindituko dira, baldin eta erakundeek behar besteko
egonkortasuna badute eta herritarrei konfiantza eta segurtasuna transmititzen
badiete. Hori dela-eta, herritarrei oso mezu argia bidali behar dion formula
baten aldeko apustua egin da: beste iritzi batzuen gainetik eta alderdien interes
legitimoen gainetik, hitzarmen hau izenpetzen dugun erakunde eta indar politikoek
bat egitearen aldeko apustua egin dugu, indarkeriaren arazo itogarriaren amaiera
hurbilduko duen eta gizarte justu, solidario eta ekologikoki jasangarriago baten
etorkizuna hurbilduko duen bategite-borondatearen aldeko apustua egiten dugu.
EB-IU Eusko Jaurlaritzan
sartzeak batzuek egoskorkeriaz iraunarazi nahi duten gatazkaren logika apurtzen
du. EB-IU Jaurlaritzan sartzeak argi eta garbi adierazten du Euskadiren orainaren
eta geroaren eraikuntzan inor ez dagoela soberan; aitzitik, konpromiso eta ikuspegi
desberdin gehiago behar direla.
Jakin badakigu
egoera zail batean formula berri bat probatuko dugula eta honek ahalegin handia
ez ezik arriskua hartzea ere eskatuko duela. Hala ere, zailtasun hauei aurre
egiteko prest gaude eta horretan gure herriarentzat etorkizun hobe bat eraikitzen
lagunduko dugun ilusioak gidatzen gaitu. Zailtasunak, arazoak eta zalantzak
handiak badira ere, are handiagoa da gure gizarteari eta gure atzetik datozen
belaunaldiei utziko diegun gizarteari horrenbesteko kalte egiten dion egoerak
jarraitzeak sorrarazten digun kezka.
II.- HIRUKO JAURLARITZA BERRIAREN PROGRAMA-LEHENTASUNAK
EAJ-PNV eta EA alderdiek
izenpetutako gobernu-hitzarmenean zehazten denez datorren legegintzaldirako
programa-lehentasunak bakea eta autogobernua dira eta EB-IUk bat egiten du programa-lehentasunei
dagokienez bi alderdi hauekin. Hala ere, dokumentu hau sinatzen duten hiru indar
politikoen iritziz gobernu batek XXI. mendearen hasieran lehentasunez bideratzen
dituen jardunen oinarriak gizartea egituratzeak eta bazterketaren aurkako borrokak
izan behar dute. Hiru helburu hauek erronka handia dira, baina, era berean,
itxaropen handikoak dira gure herriarentzat.
Hortaz, Jaurlaritzan
dagoeneko finkatuta dauden eta jende guztiak ezagutzen dituen programa-printzipioez
gain (ekonomi hazkunde jasangarria, prestakuntza eta enpleguko eredua, kultura
eta hizkuntza anitzeko eredua, autogobernua…), hitzarmena sinatzen dutenek
bere egiten dituzten konpromisoak ere zehaztu beharko dira hitzarmen honetan.
Horrela Euskadiren gobernagarritasunaren alde hiruko Jaurlaritza honek gaineratuko
dituen zenbait ardatz eta proiektu zehaztuko dira, hori guztia Euskadiko herritarren
osotasunaren onurarako ez ezik, munduko gainerako herriekiko konpromisorako
ere lagungarria izango delakoan.
Horrenbestez, ondoko
ardatzak hartuko dira aintzat:
1.- Bakerako, elkarbizitzarako
eta normalizazio politikorako printzipioak.
2.- Gizarte integratuaren
alorreko eta bazterketaren aurkako konpromisoak.
3.- Etxebizitza, ingurumen
eta ezagutzaren gizarteari dagozkion arloko jardun zehatzak eta orokorrak.
4.- Euskal gizarte
berrirako ekintza publikoko beste ardatz batzuk.
1.- BAKERAKO,
ELKARBIZITZARAKO ETA NORMALIZAZIO POLITIKORAKO PRINTZIPIOAK.
Euskal gizarteak egoera bereziki
zaila bizi du eta egoera honen elementurik bereizgarriena ETAren terrorismoaren
ondorioz gertatzen den giza eskubideen urratzea eta indarkeriaren iraupena dugu.
ETAk euskal herritarren gehiengoaren borondatea mespretxatzen du eta horren
lekuko dugu gure herrian uzten ari den oinazearen eta heriotzaren aztarna. Ez
dago hilketa ekintza politiko gisa justifikatzen duen arrazoi politiko edo etikorik.
Jazarpenak, estortsioak eta mehatxuek giza eskubide besterenezinak urratzen
dituzte, elkarbizitza demokratikoa apurtzen dute eta gure nortasunean eta gure
gizarte-justiziako konpromisoan aurrera egiteko aukera uxatzen dute.
Hori dela-eta, EAJ-PNV,
EA eta EB-IU indar politikoek Lehendakariak 2000ko urriaren 25ean (konpromiso
demokratikoa), 2000ko abenduaren 20an (konpromiso etikoa) eta 2001eko otsailaren
8an (gizarte-konpromisoa) egindako adierazpenen baliagarritasuna berresten dugu.
Eusko Jaurlaritzak bakea, elkarbizitza, elkarrizketa eta normalizazio politikoaren
alorrean garatuko duen jarduna hiru zutabetan oinarrituko da: pertsona guztien,
inolako bereizketarik egin gabe, giza eskubideak eta bizitza babesteko konpromiso
etikoa; elkarrizketa –bakea eta elkarbizitza lortzeko tresna gisa– babesteko
konpromiso politikoa; eta euskal herritarren erabakiak errespetatzeko konpromiso
demokratikoa.
Ildo honetan, EAJ-PNV,
EA eta EB-Iuk ondokoa babestuko dugu:
1.      
Indarkeria fisiko, hilketa, mehatxu edo pertsonen jazarpen ororen gaitzespen
etikoa eta deslegitimazio politikoa egingo dugu. Elkarbizitza anitz eta demokratikoaren
alde eta indarkeriaren aurka egingo duen erakunde arteko adierazpena bultzatzeko
ekimenaren aldekoak gara.
2.      
Mehatxuak edo jazarpena jasaten dutenen edo legeak onartzen dizkien eskubideez
gozatu ezin dutenen giza eskubideak, segurtasuna eta askatasuna babestuko dugu.
EAJ-PNV, EA eta EB-IUk terrorismoaren aurkako borrokan diharduten segurtasun-gorputz
eta segurtasun-indarren lankidetza aktiboa eta leiala behar-beharrezkoa dela
uste dugu. Era berean, Ertzaintzak Espainiako eta Frantziako estatuen arteko
lankidetza-foroetan ez ezik, Euskadirekin lotzen diren polizia-alorreko eztabaidak
egiten direneko eta erabakiak hartzen direneko Europako foroetan ere –batez
ere Schengen-eko Akordioa Aplikatzeko Hitzarmenaren ondoriozkoetan– parte hartu
behar duela babesten dugu. Terrorismoaren aurkako borrokan arrakasta izateko
erakundeen arteko konfiantza beharrezkoa dela uste dugu.
3.      
Indarkeriaren biktimekiko elkartasuna eta laguntza inolako ñabardurarik
gabe bultzatuko dugu, beste erakunde batzuek behar bezala betetzen ez dituzten
laguntza ekonomikoak, sozialak eta psikologikoak barne. Terrorismoaren edozein
adierazpenaren biktimek Eusko Jaurlaritzaren babesa izan behar dute, gizartearen
osotasunaren ordezkaritzan.
4.      
Indarkeria eta terrorismoa legitimatzeko saioak errefusatu eta salatuko
ditugu, baita organizazioak aurrez aurre jartzeko indarkeria eta terrorismoa
politikoki erabiltzea ere. Aitzitik, Jaurlaritza indarkeriaren aurkako gehiengo
sozial eta politikoko erantzun bateratuak bilduko dituen eragilea izango da.
Indarkeriaren alderdirik
dramatikoenetako bat elkarrizketa eta eztabaida politikoaren ordez bazterketa
eta gatazka nagusi den dinamika sortzean datza, honek gure elkarbizitzaren oinarri
den gizarte-konfiantza haustea dakar-eta.
Indarkeria iraunarazteak
desiragarriak ez diren ondorioak sortzen ditu esparru guztietan. EAJ-PNV, EA
eta EB-IUren iritziz, elkarrizketa funtsezko tresna da gatazka politikoak ebazteko
zein arrazoi politikoen bidez justifikatuta gizarte-laguntza esanguratsua duen
indarkeria ebazteko.
Gure iritziz Eusko
Jaurlaritzak bakea eta demokrazia sendotzeko akordioak eta borondateak batzea
lortu behar duen baketze-eragile bat izan behar du. Ez dugu zalantzarik baketze-prozesu
honetan proiektu politikoen babesa baliabide baketsuen bidez egin behar dela
uste duten sektore horiek guztiek bat egin behar dutela. Politikak eta gure
sistema demokratikoak gauzak alda daitezen itxoitea baino askoz ere gehiago
egin dezakete bakearen eta elkarbizitzaren alde.
Arlo honetan ditugun
ideiak ondoko puntuetan laburbil daitezke:
1.      
Indarkeria jarraitzeak ezin du indar politiko demokratikoen artean eztabaidaguneak
sor daitezen eragotzi, are gehiago gune hauek bultzatu behar ditu. Ildo horretan,
gure ustez bakeak ezin du inolako proiektu politiko ezartzearen menpe egon.
2.      
Elkarrizketaren eszenategiak behar-beharrezkoa du guztiek bide politikoen
bidez eta gisa eskubideak errespetatuta egituratzen diren proiektu politiko
guztien legitimitatea onartzea.
3.      
Alderdi politikoen arteko hurbiltze- eta distentsio-prozesuari hasiera
eman behar zaio. Bizi dugun gatazka-etapa hau gainditzeko eta elkarrizketa eta
akordioak nagusi izango diren etapa berri bati ekiteko beharrezko zubiak eraiki
behar dira.
4.      
Hasiera batean mugarik izango ez duen eta kanpoko eragileek baldintzatuko
ez duten elkarrizketaz ari gara. Giza eskubideak errespetatuta elkarrizketa
politikoaren aldeko apustua egiten duten indar politiko guztiek parte hartuko
duten elkarrizketaz ari gara.
Beste ikuspegi batetik, EAJ-PNV,
EA eta EB-IUren iritziz Estatutua osorik aplikatzea izaera demokratikoko eskakizuna
da. Hori dela-eta, Lehendakariak 2001eko uztailaren 11n inbestidura-diskurtsoan
egindako planteamenduarekin guztiz bat eginik, hitzarmen hau sinatzen dugun
erakunde guztiei bidezkoa eta egokia iruditzen zaigu Estatutuaren orainari eta
izan ditzakeen aldaketei buruzko eztabaida egitea –tresna juridiko-politiko
honek aintzat hartzen duen moduan–. Estatutuak berau garatzeko eta aldatzeko
eskaintzen dituen aukerak konpromiso demokratiko batetik ulertu eta onartu behar
dira, politikoa dena etengabeko aldaketa dela aintzat hartzen duen konpromiso
demokratikotik.
Azkenik, Autonomia
Erkidegoetan eragina duten erabakiak hartzen diren Europar Batasuneko erakunde
eta esparruetan Autonomia Erkidegoek parte hartu behar dutela eta parte-hartze
hau gauzatu behar dela uste dugu.
Eztabaida honen helburua
euskal gizartearen borondatea errespetatzea eta onartzea da eta euskal gizartearen
borondatea berau ordezkatzen duten erakundeen bitartez adierazten da. Gisa honetako
eztabaidak, halaber, ezin adiskidetu daitezkeen eta elkarrizketatik urrun dauden
identitateen moduan azaltzen diren nazio anitzeko errealitateetarako eredu gisa
dira baliagarri.
2.- GIZARTE
INTEGRATUAREN ALORREKO ETA BAZTERKETAREN AURKAKO KONPROMISOAK.
Erabaki politikoen,
ekonomikoen eta sozialen giza ondorioek ere kezkatzen gaituzte. Euskal erakundeek
bere herritarren ongizatearen zerbitzura ere egon behar dutela uste dugu. Erabaki
ekonomikoek eta sozialek ahalik eta ongizaterik handiena sortu behar dute jende-kopururik
handienarentzat. Gure borondate politikoaren barruan herritarren eskubide guztiak
bermatuko dituen gizarte demokratiko aurreratua finkatzea barne hartzen da.
Mundu globalizatu
batean alderdi honi erantzutea erronka handia den arren, erronka honi aurre
egiteko baldintzetan gaude. EAJ-PNV, EA eta EB-IU euskal ekonomia eta euskal
herritarren premiak bateratu behar direlakoan gaude. Ekonomiak egon behar du
herritarren ongizatearen zerbitzura eta ez herritarrek interes ekonomikoen zerbitzura.
Gizartean zabaldu
den beste globalizazio baten aldeko mugimenduak agerian utzi du gaur egun bizi
den mundializazio-prozesuaren alderdirik kaltegarrienak mugatu nahi direla eta
beste aukera eta ereduei buruzko eztabaida zabaldu nahi dela. Eztabaida honen
zati bat gure esku-hartzearen posibilitateetatik urrun dago, baina ez da besteen
arazo.
Bestalde, bazterketa
eta marjinazioa gure demokrazia eta elkarbizitzarako oso arriskutsuak direlakoan
gaude eta herri-administrazioek nahitaez esku hartu behar dute gizartearen sektore
handiak arrisku egoeretara bultzatzen dituzten fenomenoak finka ez daitezen.
Adierazi ditugun gizartearen sektore horien artean etorkinak barne hartu behar
ditugu.
Gurekin bizi diren
eta lan egiten duten eta ondorio guztietarako herritar gisa hartu behar diren
beste herri eta beste kultur tradizio batzuetako pertsonen integrazio soziala
eta politikoa bultzatuko duten politikak diseinatzeko behar-beharrezkoa dugu
gure adimen osoa. Ez da erronka erraza. Gure kasuan integrazio hori gure tradizio
historiko eta kulturala birsortzearen eskutik etorri behar du. Integrazio honen
emaitzak gizarte anitzagoa baina integratuagoa izan behar du, gizarte konplexuagoa
baina ez banatuagoa edo gobernaezinagoa.
Euskal gizartea hazten
ari den gizartea da eta ekonomia-adierazle altuak ditu. Hori dela-eta, gure
gizartean bidegabekeria sozial eta ekonomikoak gertatzen diren heinean beharrezkoak
suertatzen diren gizarte-erronkei aurre egin behar diegu Eusko Jaurlaritzatik
eta hitzarmen hau sinatzen dugunok hala egiteko moduan gara. Guztiontzako Jaurlaritza
lortu behar dugu baina batez ere premia gehien izanik bizitzeko baldintza duinak
lortzeko baliabide publikoen menpe daudenentzako Jaurlaritza.
Gure iritziz lor daitekeen
helburu desiragarri bat gure gizarte-zerbitzuen maila Europako batezbestekora
hurbiltzea izango litzateke. Titulartasun publikoko zenbait zerbitzu sendotu,
zabaldu eta, hala badagokie, orokortu egin beharko dira eta horretarako gizarte-ekimena
gaineratzea eta beharrezkoa denean ekimen pribatuaren erabilera bateratzea aintzat
hartuko da. EAJ-PNV, EA eta EB-IUk gizarte-zerbitzuak mantentzeko eta hobetzeko
ahaleginerako ekarpen publikoa areagotzeko beharrezko neurriak planteatuko dituzte
eta zerbitzugintza honen katalogoa zabaltzen ahaleginduko dira.
Gizarte Eskubideen
Gutuna modernizatzeari buruz eztabaidatzea komenigarria izan daitekeelakoan
gaude. 2001eko uztailaren 6an EAJ-PNV eta EA alderdiek sinatu zuten gobernu-hitzarmenean
jada jasotzen diren gizarte-osagai argiko eta birbanatze-osagai argiko neurriei
buruzko gogoeta egitea komeni da; izan ere, ondokoak dira Eusko Jaurlaritzak
kontuan izan behar dituen neurri horiek: lanaldia murrizteko formula zehatzak;
enplegua banatzeko neurriak; erretiratzeko adina aurreratzeko proposamenak;
eta Oinarrizko Errenta duina jasotzeko eskubidea onartzea.
Zehazki proposamenak
ondokoak izango lirateke:
a) Oinarrizko errentaren zenbatekoa
egokitzea eta gehitzea, ondoko bi alderdi hauek aintzat hartuta: BATETIK,
EAJ-PNV, EA eta EB-IUk Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren lege-proiektuan
oinarrizko errentaren zenbatekoan urtero etengabeko gehikuntza aplikatzea erabaki
dute, lanbide arteko gutxieneko soldatak izan ditzakeen gehikuntzak edozein
izanik ere. Horrela, gizarte-eskubideen gutunari buruzko abenduaren
27ko 10/2000 Legearen 7. artikuluan ezarritako %75eko ehunekoa 2002. urterako
%79koa izango da. 2006. urterako %86ko ehunekoa aplikatzea bermatu da.
BESTETIK, gizarte-eskubideen
gutunari buruzko abenduaren 27ko 10/2000 Legearen 7. artikuluan ezartzen diren
gainerako ehunekoei eusteko konpromisoa hartu da, honako hau izenpetzen duten
erakundeen adostasunez erabaki daitezkeen egokitzapenen kalterik gabe.
b) Berretsi egiten
dugu indarrean dagoen gobernu-hitzarmenean jada aditzera ematen zen Gizarte
Bazterketaren aurkako Legeak eta Gizarte Eskubideen Gutuna onartzen duen Legeak
osatzen duten legezko esparrua egokitzeko eta garatzeko borondatea. Honela,
arau hauetaz kolektibo gehiago onura daitezen lortu nahi da, baita arau hauek
oinarrizko errenta txirotasun-egoeran bizi diren eta pentsio ez kontributiboen
menpe dauden adineko pertsonei, alargunei eta argi eta garbi behar adinakoak
ez diren pentsioen menpe dauden beste kolektibo batzuei zuzen dakien ere.
Bizikidetza-unitateen
izaera egokitzea eta prestazioa jasotzeko gutxieneko adina, orokorrean, 25 urtetik
23 urtera jaistea kontuan hartuko duten araudi-aldaketak proposatuko dira.
c) Gizarte-eragileekin
eztabaidatu ondoren laneko istripuak murrizteko neurriak lantzea proposatzen
dugu. Istripu horietan nahastuta dauden eta portaera errepikakorra azaltzen
duten enpresak zigortzeko neurri zehatzak barne hartuko dira neurri hauen artean.
d) Sektore pribatuan lana banatzera
zuzenduko diren neurriak bultzatuko ditugu (lanaldia 35 ordutara murriztea eta
aparteko orduak debekatzea). Horretarako, gizarte-ituneko organoetan eta negoziazio
kolektiboaren esparru zehatzetan gizarte-elkarrizketa sustatuko dugu. 35 orduko
lanaldia enpresa publikoetara zabal dadin ere bultzatuko dugu, 2000ko ekainaren
28ko akordioan Eusko Jaurlaritzak gizarte-eragileekin hartutako konpromisoei
jarraituta.
Euskal Autonomia Erkidegoko
enplegu publikoari buruzko neurriak osatzea, 2000ko ekainaren 28ko akordio horretan
aintzat hartzen ziren neurri horiek ondokoak dira: lekualdatzeen lehiaketa;
aurrekontu-plantilak egonkortzea; egitura-izaera duen aldi baterako enplegua
finkatzea; beharrezko funtzioak betetzen dituzten lanpostuak ez amortizatzea,
hala zerbitzu-enpresen azpikontratazioa ez gertatzeko; enplegu-eskaintza publikoak;
aparteko orduak debekatzea; sektore publikoan Aldi Baterako Lan Enpresak kontratatzeko
debekua, ereduzko neurri gisa.
e) Gizarte-eragileekin
batera lanaldia murriztea eta enplegu egonkorra sortzea bultzatuko duten proposamenak
onartzea proposatzen dugu. Neurri hauen bitartez pizgarri fiskalak eta ekonomikoak
eskainiko zaizkie emakumezkoak, gazteak eta beste kolektibo kaltetu batzuk kontratatzen
dituzten enpresei.
f) Erakunde-administrazioaren
dimentsionamenduari eta Administrazio Orokorrak gaur egun erakunde-administrazioetatik
lantzen diren alderdiak berreskuratzeari dagokionez aurreko legegintzaldian
garatutako proiektuei jarraipena ematea. Gertatuko diren kapital publikoko galerek
Euskadin finkatuta dagoen eta estatu-mailan zein nazioarteko esparruetan hazteko
proiekzioa izango duen sektore publiko sendoa bermatuko dute.
3.- ETXEBIZITZA,
INGURUMEN ETA EZAGUTZAREN GIZARTEARI DAGOZKION ARLOKO JARDUN ZEHATZAK ETA OROKORRAK.
Etxebizitza-politikaren
gizarte-ikuspegia.
Gazteek beren
bizitzeko eredua sortzeko aukera izan behar dute eta Eusko Jaurlaritzak horretarako
baldintzak eman behar dizkie. Izan ere, jakin badakigu gazteek beren bizimoduari
aurre egiteko duten mugarik nagusiena etxebizitza dela. Egin beharreko esku-hartzeetarako
aurrekontu-zuzkidurak egokiak eta behar bestekoak izanik, etxebizitza-politika
berri baten ardatzek ondoko alderdietan oinarritu behar dute:
a.- 2000-2003 Etxebizitza
Bideratzeko Planaren eta honen ondorengo plangintza-tresnen esparruan etxebizitza
babestuen eskaintza gehitu egingo da, alokairuan lagatzeko etxebizitza sozialen
eskaintza batik bat. Ildo honetan etxebizitza erosteko behar besteko baliabiderik
ez duten eta etxebizitza behar duten kolektiboen kasuan alokairua bultzatuko
da etxebizitza batean sartzeko sistema gisa.
Bestalde, etxebizitzan
eragina duen arauzko esparrua egokitu eta arautuko da, bai babes-erregimenari
dagokionez, bai hirigintza-arloari dagokionez. Ildo honetan, lege berri bat
landuko da eta lege honek etxebizitza babestua arautuko du, etxebizitzaren premia
definituko du eta jardun babestuen tipologia arautuko du. Lege honek, bestalde
ondoko alderdiak ezarriko ditu: babes-irudi berriak, eragileak, etxebizitza
babestuen baldintzak, arau-hauste eta zigorren erregimena, etxebizitza babestuen
transmisioan Administrazioak lehentasunez eskuratuko duen eskubidea, etxebizitza
babestuen transmisioen kasuan notarioek informazioa nahitaez emateko mekanismoak
eta erosleei eta maizterrei nahitaez eman beharreko informazioa. Era berean,
Euskal Autonomia Erkidegoa lurraren erregimenaren eta hiri-antolamenduaren alorrean
berezko araudiaz hornituko duen Lurraren Legea landuko da. Lege honek arlo honi
buruzko araudia barne hartuko du eta, bereziki, hiri-plangintza eta hirigintza-kudeaketako
tresnei, hirigintza-ekintzak sortutako gainbalioetan Erkidegoaren partaidetzari,
etxebizitza babestuetarako lur-aprobetxamenduei eta lurraren ondare publikoei
dagokienez.
b.- 2000-2003 Etxebizitza
Bideratzeko Planaren eta honen ondorengo plangintza-tresnen esparruan, hutsik
dagoen etxebizitza merkaturatzeko neurriak hartuko dira eta horrela eskaintzen
diren etxebizitzen kopurua gehitu egingo da.
Ildo berean, etxebizitza
babestuen kasuan bereziki zainduko da etxebizitza hutsik ez geratzea eta horretarako
eskura dauden baliabide guztiak erabiliko dira, hala etxebizitza babestuen benetako
okupazioa kontrolatuta, nola aplika daitezkeen zigorren erregimena berraztertuta
eta Administrazioak etxebizitza berreskuratuta.
Etxebizitza libreen kasuan,
etxebizitza horiek merkatura daitezen sustatzeko bi motatako jardun bideratuko
da. Batetik, etxebizitza hauen alokairu babestua bultzatuko da eta gutxienez
5 urterako jartzen den alokairuak laguntza ekonomikoak izango ditu. Etxebizitzak
birgaitzeko laguntzak emango dira, hutsik dauden etxebizitzak eragile publikoei
lagatzeko sistemak abiaraziko dira edo pizgarri fiskalak aplikatuko zaizkio,
Foru Aldundiekin lankidetzan.
Bestetik, neurri
substantiboen bitartez edo finantza-arloko zein zerga-arloko neurrien bitartez
etxebizitzak hutsik egon ez daitezen sustatzeko formulak lantzea adostu da.
c.- Etxebizitza-politikaren
kezka nagusia gizartearen premiei erantzutea izango da. Logikaz, ardura-maila
premiaren mailaren araberakoa izango da eta, hortaz, premia gehien duten pertsonek
arreta eta ardura proportzionalki handiagoa izango dute.
Hori dela-eta, sektore
publikoaren lehentasuna gizarte-eduki handiena duten jardunek izango dute, hau
da, premia handiena duten kolektiboei, kolektibo marjinatuenei eta arrisku gehien
duten kolektiboei zuzenduko zaie, hala nola minusbaliatuei, 35 urte baino gutxiagoko
gazteei, familia-kargak dituzten guraso bakarreko unitateei, familia ugariei
eta oinarrizko errenta jasotzen dutenei.
Etxebizitza-politikaren
gizarte-helburua areagotzeko ondoko alderdiak jorratuko dira: alokairu babestua
sustatuko da, eragile bakoitzaren jardunak gizarte-edukiaren arabera bideratuko
dira, etxebizitza babestua lortzeko irizpideak berraztertuko dira, jardunak
gizarteratzeko politikekin koordinatuko dira eta etxebizitzen prezio-politika
berraztertuko da.
Ingurumenaren aldeko apustua.
EAJ-PNV, EA eta EB-IUk
ingurumen-oreka mailarik handienean errespetatuko duen gobernu-ekintza bideratzeko
beharra hartu dugu aintzat. Gure atzetik datozen belaunaldiekin dugun erantzukizuna
da. Datozen belaunaldiekin betebehar moral argia dugu: gure atzeko belaunaldiei
utziko diegun planetak gutxienez guk aurkitu genuena bezain egokia izan beharko
du bizitzeko. Argi eta garbi dago erronka honek planeta guztia hartzen duela;
alabaina, alderdi honetan esku hartzeko gauza gara.
·        
Pentsamolde ekologikoa natur baliabideen eta energi baliabideen
erabileran eraginkortasun-maila areagotzeaz kezkatuko da.
·        
Pentsamolde ekologikoak jarduera eta azpiegitura guztiek duten
eragin ekologikoaren gaineko kontrola areagotzearen alde egingo du eta arlo
honetan Europan indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatzeaz arduratuko
da.
Mota honetako ikuspegiak garapen
jasangarriko estrategia baterako funtsezkoak diren hainbat esparrutan esku hartzeko
neurri zehatzak eskatzen ditu, hala nola energia alternatiboak, garbiak eta
berriztagarriak gehiago erabil daitezen bultzatuko duten politika ekonomikoak
eta birziklatzea eta produktuak eta materialak berriro erabiltzea sustatuko
duten politikak.
Politika energetikoari dagokionez,
EAJ-PNV, EA eta EB-IUk gaur egungo edozein proiektu energetikotan edota etorkizunean
bidera daitekeen edozein proiektu energetikotan lurralde, hirigintza eta ingurumenaren
arloan indarrean dagoen araudiarekiko errespetua bermatzen jarraituko dute.
Haatik, eta errausketa-planten eta zentral termikoen politika zehatzari dagokionez,
talde bakoitzak bere jarrera legitimoa mantenduko du, jarrera ideologikoaren
alorrean zein erakundeetako praktikaren edo praktika politikoaren alorrean.
Garraioari dagokionez,
garraiabide desberdinen baterako plangintza egiten ahaleginduko gara inbertsioak
ez bikoizteko, baita lurraldea gizarte-ikuspegitik egituratzen, mugikortasunaren
gehikuntza mugatzen eta errepidean zeharreko trafikoa trenbidera bideratzen
ere.
Euskal Trenbide Sare berriaren
proiektua (euskal “Y” edo Abiadura Handiko Tren gisa ere ezagutzen dena) zorroztasun
juridikotik eta ingurumen-arloko zorroztasunetik landuko da. Proiektua ez da
abiaraziko dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpena formulatzen
ez den arte, indarrean dagoen legeriari jarraituta. Nolanahi ere, adierazitako
proiektuaren sustapena kontuan izango da eta gaur egungo Jaurlaritzaren adostasuna
berau osatzen duten alderdi guztietara zabalduko da, bakoitzaren jarrera eta
proposamen legitimoen arabera.
Azkenik, EAJ-PNV, EA eta EB-IUk
Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Plan guztiak koordinatu beharko dituzte
Jaurlaritzatik, ibilgailu pribatua erabiltzearen alternatibak bultzatzearren.
Ezagutzaren
gizartea euskal herritarren zerbitzura.
Teknologia berriak
eta ezagutzaren gizarte berria gure bizimodua guztiz aldatu duten errealitate
bat dira. Gero eta handiagoa den gizarte-konplexutasunak behar-beharrezkoa du
egiazko informazio egokia. Informazioa eta komunikazioa funtsezko bihurtu dira
ekonomia-jarduerarako eta gizarte demokratikoa finkatzeko. Demokratikoki helduak
diren gizarte guztiek iritzi publiko garatua dute eta horretarako ezinbestekoa
da informazioa babestu behar den eta bermatu behar den ondare publikotzat hartzea.
Haatik, informazioaren
eta ezagutzaren berrikuntzak eta erronkak ezin dira bereizketa elementu berri
bihurtu, ezin dute txirotasunaren geografia zaharra birsortu edo bazterketako
beste muga bat eraiki. Herri-administrazioak eta Eusko Jaurlaritza, zehazki,
hau ez gertatzeaz arduratuko dira, berria denaren eraginak koordinaturik aintzat
hartu behar diren zenbait esparrutan eragina duela hartu behar baita kontuan.
4.- EUSKAL
GIZARTE BERRIRAKO EKINTZA PUBLIKOKO BESTE ARDATZ BATZUK.
Deskribatu diren ardatzekin
amaitzeko EAJ-PNV, EA eta EB-IUren iritziz ezinbestekoa da arlo sektorialetarako
ikuspegi eta ekintza zehatzak ezartzea, labur-labur bada ere; izatez, funtsezko
zerbitzu publiko diren arlo sektorial hauen jardun-printzipioak dagoeneko ezarrita
daude gaur egungo gobernu-hitzarmenean eta honako hitzarmen hau sinatzen dugunon
erabateko adostasuna dute. Era berean, pertsonen eta kolektiboen norbanako eskubideen
ikuspegi zehatzen bat ere garrantzi handikoa izango da. Horrenbestez,
Hezkuntzaren arloan:
Eusko Jaurlaritzak ezagutzaren gizartearentzat egokia izan daitekeen unibertsitatearen
ereduari buruzko gizarte-eztabaida bultzatuko du. Izaera publikoa eta lanbide
heziketa arloan eskumenak dituen Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren eredu
berri batean enplegurako prestakuntzaren eta etengabeko prestakuntzaren egoerari
buruzko eztabaida proposatzen dugu eta eztabaida honetan gizarte-eragileek hartu
beharko dute parte. Haur Hezkuntzaren berdintasunean eta orokortasunean aurrera
egin beharko da eta haurtzaindegien eskaintzari zuzentzen zaizkion laguntza
publikoak areagotu egin beharko dira, Eusko Jaurlaritzak ekitaldi honetan onartu
duen Familia Planari jarraituta.
Osasunaren arloan:
orokortasunaren, elkartasunaren eta berdintasunaren irizpideei jarraituta
osasun zerbitzuak ziurtatu daitezen eta gauza daitezen bermatzen duen euskal
osasun-sistema publikoaren aldeko apustua berresten dugu. Sistema honen ardatza
eta gunea herritarra bera izango da.
Euskal Autonomia Erkidegoan
osasun-premietara egokitzen den titulartasun publikoko baliabideen zuzkidura
bermatuko da eta zuzkidura honen plangintza baliabideak arrazionalizatzeko irizpidean
oinarrituko da.
Arestian adierazi ditugun irizpideak
Osasun Plan berriaren prestasunean gauzatuko dira. Osasun Plan honek lehentasuna
duten premiei erantzungo die, Planaren garapenean osasun-prestazioen euskal
katalogo publikoa finkatu eta hobetuko da eta garapen handiagoa izango dute
lehen laguntzek, buru-osasuneko eta zaintza aringarrietako laguntza-planek,
gizarte-zerbitzuekiko konexioak, osasun-hezkuntzan oinarrituko den osasunaren
sustapenak eta bizimodu osasuntsuak sustatzeak.
Askatasun afektibo-sexualaren
arloan: Eusko Jaurlaritzak pertsonek askatasun afektibo-sexualari
dagokionez izan behar duten berdintasun erreal eta eraginkorra sustatu eta babestuko
du. Askatasun hau eragozten duten oztopoak ezabatzearen eta arrazoi honetan
oinarritutako edozein diskriminazio deuseztearen alde egingo du. Askatasun afektibo-sexuala
eragozten edo oztopatzen duten trabak indargabetzeko eta Izatezko Bikoteen Erregistroa
osatzeko proposamenak landuko ditu.
Gazteriaren arloan
: batez ere gazteengan eragina duten politikei
dagokienez, Gazte Planean biltzen direnen gisako ekimenak bultzatuko ditugu
Eusko Jaurlaritzatik. Ekimen hauen bidez biztanleriaren sektore honek enplegua,
prestakuntza, etxebizitza eta beste funtsezko arlo batzuetan duen problematikari
erantzun orokorrak emango zaizkio.

Bestalde, drogei buruzko –alkohola eta tabakoa barne– informazio eta
hezkuntzako kanpainak bultzatuko ditugu eta drogen despenalizazioari eta drogen
erabilera terapeutikoari buruzko eztabaidak sustatuko ditugu.
Demokrazia eta
parte-hartzea sakontzearen arloan: EAJ-PNV, EA eta EB-IUk gure sistema demokratikoa
garatu behar dela eta gai publikoetan herritarren parte-hartzea bultzatu behar
dela uste dugu. Arazo komunekiko konpromisoa bultzatzeko garaia bizi dugu eta
Administrazioek parte-hartze hori sustatu eta bultzatu beharko dute.
Gernikako Autonomia Estatutuaren
18.5. artikuluan xedatzen denari jarraituta, Euskal Autonomia Erkidegoak gizarte-politikaren
alorrean bere gain hartu dituen aginpideen garapenean interesatuta dauden guztien
parte-hartze sozial eta demokratikorako mekanismoak bultzatzeko eta eratzeko
konpromisoa berresten dugu.
Horretarako, Lan Harremanetako
Kontseiluaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazio-antolamenduaren
baitan sortzen diren gizarte-partaidetzako kontseilu aholkularien bilerak bultzatuko
dira, baita kontseilu hauen funtzionamendu erregularra ere. Horrenbestez, arloko
planak lantzerakoan zein plan hauek ebaluatzerakoan eta kontrolatzerakoan gizartearen
parte-hartzea bermatuko da.
Bestetik, euskal gizarteak,
bere osotasunean, zor morala du demokraziaren eta askatasunaren babesean, frankismoaren
garaian kartzelan izan ziren eta errepresio politikoa jasan zutenekin. Hori
dela-eta, Eusko Jaurlaritzak egoera honetan diren eta bere garaian Estatuaren
mailan finkatu ziren laguntzen barruan barne hartu ez ziren euskaldunentzako
laguntzak ezartzea arautuko du.
Inmigrazioaren
arloan: Inmigrazioaren Euskal Plana lantzeko beharra antzeman ondoren eta
gauzatu beharreko jardunetarako behar besteko aurrekontu-zuzkiduren bitartez,
premiazkoa iruditzen zaigu Euskal Autonomia Erkidegoak inmigrazioaren arloan
bere estrategia definitzea eta datozen urteetan abiaraziko dituen ekintzak eta
neurriak proposatzea.
Ildo honetan, edozein
inmigrazio-politikak migrazio-fluxuak eta etorkinen bizi-baldintzak, eskubideak
eta betebeharrak zehazteaz gain, etorkinak gizarteratzeko eta herrian integratzeko
politika zuzenak ezarri behar dituela iruditzen zaigu.
Euskal administrazioek
eta Eusko Jaurlaritzak, bereziki, bere gain hartu behar dute etorkinak gizarteratzeko
eta lan-munduratzeko politikak ezartzea. Etorkinek gutxieneko gizarteratzea
eta ongizate-maila izan dezaten ziurtatu beharko dute politika hauek.
Haatik, inmigrazioaren
arloan esku hartzen duten instantziak koordinatu egin behar dira eta horretarako
euskal administrazioaren eta Estatuko administrazioaren arteko koordinazio organo
bat eratu behar da, betiere administrazioen arteko lankidetza-hitzarmen baten
esparruan. Koordinazio organo honen helburua euskal aginteen artean koordinatzea
eta Estatuko administrazioarekin koordinatzea eta elkarren artean administrazio-informazioa
trukatzea izango da.
Lankidetza hau finkatu
denean, inmigrazioaren alorreko euskal politikak ondoko esparruetan jardun beharko
du:
1.      
Euskal Autonomia Erkidegora heltzen den inmigrazio-fluxuan bitartekaritza,
harrera eta hasierako gizarteratzea.
2.      
Etorkinak gizarte-babeseko sistemetan barne hartzea. Arreta berezia eskainiko
zaio emakumeen gizarteratzeari eta gazteen eskolaratzeari.
3.      
Harrerako biztanleen artean sentsibilizazio-politika egitea eta elkarte-jarduerak
eta kultur arteko jarduerak bultzatzea.
4.      
Herritarren eta tokiko administrazioen parte-hartzea. Udalak funtsezkoak
dira gizarteratzeko politikak gauzatzerakoan, baina horretarako koordinazioa
eta baliabideak behar dituzte.
Lankidetzaren arloan:
Euskadik bokazio irekia eta solidarioa izan du eta hala izaten jarraitu behar
du. Elkartasunarekin dugun konpromisoa lankidetza-politikan gauzatu behar da,
lankidetza-politikak beste mota bateko mundua eraikitzeko gure borondatea islatu
behar du. Horretarako, garapenerako lankidetzak hartzailearen premiei erantzuten
saiatu beharko du eta interes politiko, ekonomiko edo kulturalek ez dute garrantzirik
izango.
EAJ-PNV, EA eta EB-IUren
iritziz euskal lankidetza publikoak giza garapenean oinarrituko den garapena
soilik hartuko du aintzat, gizakia izango da edozein garapen-ekimenaren funtsezko
erreferentea. Edozein garapen-proiektuk berez izango duen ildo estrategikoa
giza baliabideen sustapenean, gizartearen parte-hartzean eta generoaren ikuspegian
oinarrituko da.
Garapenerako programek,
proiektuek eta ekimenek beren jasangarritasuna hartu beharko dute beti kontuan:
ingurumenarekiko errespetua, proiektuak bere gain hartzeko ahalmena, beren iraupena,
tokiko mikroekonomian izango duten eragin positiboa eta jarraipen egokiak.
Garapenerako lankidetza
Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko desberdintasunen eta txirotasunaren egiturazko
arrazoiak deuseztatzearen alde lan egingo duen jarrera soziopolitiko batekin
lotu beharko da.
Aditzera eman ditugun
ideia hauek gauzatuko badira, honako dokumentu hau sinatzen dugunok beharrezkotzat
jo dugu Lankidetzako Euskal Legea. Lege honek definitu diren eta guztion adostasuna
duten helburu publikoez gain ondoko alderdietako batzuk barne har ditzake:
·      
Aniztasunaren aldeko aukera, honen alderdi desberdinetan.
·      
Lankidetzaren kalitatea areagotzea ahalbidetuko duten elementu
bereizgarriak antzematea eta, ahal den neurrian, gure lankidetza-programan gaineratzea.
·      
Lankidetzako proiektuen eta programen kontrola eta jarraipena
egiteko mekanismo burokratikoak sinpletzea eta arrazionalizatzea.
·      
Fondo publikoen finantzaketa duten lankidetza-ekimenen kudeaketa
integrala erabat gardena izatea.
·      
Gizarte zibilaren partaidetza pixkanaka areagotzea, elkartasunezko
lankidetzaren hainbat alderdiri buruzko ezagutzari dagokionez eta alderdi hauetan
barne hartzeari dagokionez.
III.-
JAURLARITZAREN BARNEKO ANTOLAMENDUAN ETA EGITURAN EGIN BEHARREKO ALDAKETAK.
FUNTZIOEN ESLEIPENA ETA ARLOEN DEKRETUA.
Lehendakariak eta
EAJ-PNV, EA eta EB-IU indar politikoek 2001eko uztailaren 6ko Erabakiaren eta
Lehendakariaren Arloetako Dekretuaren ondorioz gaur egun indarrean dagoen sailen
egitura eta funtzioen esleipena aldatzea erabaki dute. Aldaketak ondokoak izango
dira:
1.- Ondoren zerrendatzen
diren jardun-arloak EB-IUk izendatuko duen sailburu batek kudeatuko ditu:.
-         
Lurra eta Hirigintza.
-         
Etxebizitza.
-         
Arkitektura, eraikuntza eta eraikuntzako kalitatea.
-         
Garapenerako lankidetza.
-         
Boluntariotza.
-         
Gizarte Ongizatea (gizarte-bitartekaritzako zerbitzuak, askatasun afektibo-sexuala
erraztuko duten baldintzen sustapena)
-         
Gizarte Zerbitzuak.
-         
Inmigrazioa.
-         
Drogamenpekotasuna.
2.- Honela, EB-IU
Eusko Jaurlaritzak parte hartzeko eta EAJ-PNV eta EA alderdi politikoek Eusko
Jaurlaritza osatzeko (VII. Legegintzaldia) izenpetu zuten koalizio-hitzarmenarekin
atxikitzeko dokumentuaren ondorioz gaur egun indarrean dagoen Jaurlaritzren
barneko antolamendua eta funtzioen esleipena aldatuko
da. Aldaketak ondokoak izango dira:
a) Jaurlaritzak ondoko
kideak eta sailak izango ditu eta sail hauen arduradunak edo titularrak alboan
adierazten diren alderdiek proposatzen dituztenak izango dira:
1.-   Lehendakaria 
…………………………………………. EAJ-PNV
1’.-  Lehendakariordea  ……………………………………. (EAJ-PNVren
sail bat ere esleituko zaio)
2.-   Ogasuna eta Herrri Administrazioa  ………………….EAJ-PNV
3.-   Hezkuntza, Unibertsitatea eta Ikerketa  …………….EA
4.-   Herrizaingoa   …………………………………………. EAJ-PNV
5.-   Industria, Merkataritza eta Turismoa   …………….. EAJ-PNV
6.-   Etxebizitza eta Gizarte Gaiak  ………………………. EB-IU
7.-   Justizia, Lana eta Gizarte Segurantza………………. EA
8.-   Osasuna   ……………………………………………… EAJ-PNV
9.-   Kultura   ……………………………………………….. EAJ-PNV

10.-   Lurralde Antolaketa eta Ingurugiroa   ………………EA
11.-   Garraioa eta Herri Lanak   ………………………….. EAJ-PNV
12.-   Nekazaritza eta Arrantza   …………………………. EAJ-PNV
b) Aurreko puntuaren
ondoriozko berregituratze funtzionala aurreko Arloetako Dekretua aldatuko duen
Arloetako Dekretu berri batean landuko da eta baliabideak premiaz berrantolatzeko
beharrezko neurriak bultzatuko dira.
IV.-
2001EKO UZTAILAREN 6AN EAJ-PNV ETA EA ALDERDIEK IZENPETU ZUTEN GAUR EGUNGO GOBERNU-HITZARMENAREN
PRINTZIPIO ETA FUNTZIONAMENDU-ARAUEKIKO EB-IU-REN ATXIKIMENDUA.
EB-IUk bat egiten du Jaurlaritzan
funtzionatzeko eta adostasuna lortzeko modua ezartzen duten xedapenekin.
Era berean, EB-IUk
indarrean dagoen gobernu-hitzarmenean sortutako jarraipen-batzordean beste bi
alderdien baldintza eta ordezkaritza berdinekin hartuko du parte.
V.-
ERAKUNDE-EKINTZA POLITIKOAREN PRINTZIPIO GIDARIAK.
Jaurlaritzako zein
Legebiltzarretako erakunde-ekintza politikoaren koordinazio-arauak gaur egun
gobernatzen dutenak izango dira eta EAJ-PNV, EA eta EB-IUk bere gain hartzen
dituzten eta berresten dituzten ondoko printzipioak izango dituzte:
1.      
Erakunde-ekintzaren ildoak eta ildo hauek gauzatzeko ekimenak barne-eztabaidaren
bitartez definituko dira eta garapen eta burutzapen bateratua izango dute, bai
botoaren zentzuari dagokionez, bai iritzi publikoari zuzendutako azalpen eta
komunikazioari dagokionez.
2.      
Indar bakoitzaren ideologiaren printzipioak eta baloreak babesteak ez
ditu, eztabaida eta polemika publikoen bidez, inola ere auzitan jarriko edo
gutxietsiko koalizio-hitzarmenean eta hitzarmen honetan finkatzen den esparrua,
Jaurlaritzaren ekintza politikoa, kideetako edozeinen ekintza politikoa edo
legebiltzarretako erabakiak.
3.      
EAJ-PNV, EA eta EB-IUren legebiltzar taldeek etengabeko komunikazioa
izango dute eta etengabe antolatu eta koordinatuko dira erakunde-ekintza guztietan
beren presentziaren eta laguntza eraginkorraren bitartez Jaurlaritzaren moldaera
bermatzeko.
4.      
Indar politiko hauen artean gertatzen diren irizpide desberdintasunak
ebazteko elkarrizketaren eta adostasunaren bidezko hurbilketa bultzatuko da.
5.      
Legebiltzar taldeen ekintza Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dagoen
aniztasun politikoa zorrozki errespetatuta burutuko da.
Erakunde-ekintza politikoaren
arauak kasuak kasu beharrezkoa den malgutasunez interpretatu eta aplikatuko
dira, betiere aditzera eman ditugun printzipioei jarraituta eta elkarrekikotasuneko
eta leialtasuneko irizpideak aintzat hartuta. Horrela eragozpenak eragingo dituzten
jarrerak hartzea eta irizpideak ezartzea saihestuko da eta beharrezko negoziazio,
elkarrizketa eta transakziorako ahalegina egingo da beti.
Honen guztiaren aplikazioak
ez du legebiltzar talde bakoitzak bere alderdi edo koalizioaren jarrera ideologiko
eta programatikoen arabera defendatzen dituen jardunak azaltzeko eta inpulsatzeko
duen askatasuna mugatuko, betiere Eusko Jaurlaritzaren baitan leialki adostutako
ekimenak baldin badira.
Jatorria: Eusko Alkartasuna