Eusko Alkartasunaren ustez Lehiaren Euskal Agintaritzaren (LEA) ebazpenak egiaztatu du zenbait enpresa zilegi ez den eran jardun izan direla urte luzeetan zehar. Hori horrela izanik, EArentzat zentzuzkoa da LEAren erabakia, beti ere, zigortutako enpresek beraien defentsa eskubiderako hartzen dituzten erabakiak errespetatuz, noski.

EAk Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila kudeatu zuen bitartean, eskola jangeletako katering zerbitzuetako kontratazioa legeak zioenaren araberakoa izan zen beti, saileko beste kontratazio guztiak bezala. Hori bai, LEAk argitara eman duen errealitateari erreparatuz gero, agerian gelditu da, ziurrenik, beharrezkoak zirela zigortuak izan diren jarduerak ekidingo zituzten kontrol gehiago eta hobeak.

LEAren ebazpena eskola jantokiak kudeatzeko modua aldatzeko beharra berresten duen beste argudio bat da, EH Bilduk orain dela hiru urte Eusko Legebiltzarrean proposatu bezala. Eta beste talde politiko guztiek proposamena alboratu zutela esan behar da.

EAren ustez eskolen autonomiaren aldeko apustua egiteko ordua iritsi da, zeinetan jangelen diseinu, kudeaketa, kontrol eta jarraipena ematen den. Bide horretatik, gainera, tokian tokiko ekoizle eta merkatariekin harreman zuzena izango lukete eskolek. Horrela, bermaturik egongo litzateke zerbitzuen kalitatea eta seme-alaben elikadura.