Jesus Mari Larrazabal Alderdi independentistak salatu duenez, gaitzespenak baino harago, PSEk eta PPk nazioarteko erakundeen gomendioei muzin egiten diete eta atxilotuen inkomunikazioarekin bukatzeari uko egiten diote, gaur bertan Eusko Legebiltzarrean egin duten bezala.

Torturekin eta tratu txarrekin amaitzeko benetako borondatea ez dute ez PSEk ez PPk, salatu behar du EAk berriro ere. Sozialistek eta popularrek hala erakutsi dute gaur bertan Eusko Legebiltzarrean, Jesus Mari Larrazabalen legez besteko proposamen baten kontra egin baitute. Proposamenak neurri zehatzak planteatzen zituen “askatasunaren eta giza duintasunaren aurkako eraso gizagabe” horri aurre egiteko; alegia, tortura eta tratu txarrak errazten dituen inkomunikazioa ahalbidetzen duen legedia bertan behera uztea, nazioarteko erakunde batzuek ere eskatzen duten moduan, hala nola, Amnesty International, Human Rights Watch, Nazio Batuen Txostengile Bereziak eta Torturaren aurkako Europako Batzordea.

EAren iritziz, tortura eta tratu txarrak bezalako gai baten aurrean ezin gaitezke gaitzespen hutsean gera, PSEk eta PPk sistematikoki egiten duten bezala. Logikoki, alderdi horiek ere praktika lazgarri horiek arbuiatu eta gaitzesten dituzte, baina aldi berean Estatuko funtzionarioek giza eskubideak urratzea oztopatzeko neurri praktiko zehatzak onartzeari uko egiten diote. Gaitz horrekin benetan bukatu nahi badute, koherenteak izan behar dute eta gaur EAk proposaturikoa bezalako neurriak aintzat hartu eta babestu behar dituzte; bestela, hori egiten ez duten bitartean, torturaren eta tratu txarren inguruan egiten duten gaitzespena, benetakoa baino, formala dela pentsatu beharko dugu.

Jatorria: Eusko Alkartasuna