JUANJO AGIRREZABALA Juanjo Agirrezabalak legez besteko proposamena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrak Parot Doktrina indargabetzeko eta neurri hori aplikatu zaien preso guztiak aske uzteko eska dezala. “Mendeku gosea ez bada, arrazoi bat ere ez dago Parot Doktrinak indarrean jarraitzeko”, adierazi du. “Kutsu totalitarioa” ikusi du espainiar Gobernuaren erreakzioan.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak atzo Parot Doktrinaz emandako epaia ezagutu eta gero, Juanjo Agirrezabalak legez besteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrak espainiar Gobernuari eska diezaion, batetik, epai hori betetzeko eta, bestetik, Parot Doktrina indargabetzeko, “legezkotasunaren, segurtasun juridikoaren eta atzera-eraginezintasunaren printzipioak urratzen dituelako”. Halaber, EAko eledunak doktrina hori aplikatu zaien preso guztiak berehala aske uzteko eskatu du.

Estrasburgoko Auzitegiaren erabakiak “sekulako garrantzia” duela nabarmendu du Agirrezabalak, “ETAko presoen aurkako mendeku politikaren funtsezko osagai bat bertan behera utzi duelako eta espainiar Justizia eta Gobernua, PSOE eta PP, guztiak, kondenatu dituelako, horiek guztiak konplizeak baitira Giza Eskubideen Konbenioa urratzeko orduan”.

EAko ordezkariaren esanetan, “ez da egia Auzitegiaren erabakia kasu zehatz eta isolatu bati bakarrik dagokiola. Ines del Rioren auziaz ari gara, bai, baina epaileek Parot Doktrinaren beraren ezaugarri nagusiak aztertu dituzte eta Giza Eskubideen Konbenioaren kontrakoak direla ondorioztatu dute. Azken batean, Estrasburgoko Auzitegiak esan duena zera da, Parot Doktrina bera Giza Eskubideen Konbenioaren aurkakoa dela”.

Epaiaren edukia ikusita, Agirrezabalak ondorioztatu du “mendeku goseaz haratago, arrazoi bat ere ez dagoela Rajoyren Gobernuak Parot Doktrina indarrean mantentzeko, are gutxiago Euskal Herrian ziklo politiko berri batean sartzen ari garenean”. Ildo honi jarraituz, “Parot Doktrina indargabetzea lagungarria izango litzatekeelakoan” dago EAko legebiltzarkidea, “denon artean etorkizun normalizatu bat, bakean, eraikitzeko”. Bere iritziz, “espetxe politikak ere lagun dezake horretan, baina horretarako ezinbestekoa da giza eskubideen errespetuan eta irizpide soilik demokratikoetan oinarritzea”. Horregatik, “Parot Doktrina aplikatu zaien presoak kartzelan jarraitzea, funtsezko eskubideen urraketa izateaz gain, Euskal Herrian ireki den ziklo politiko berriaren aurkako zentzugabeko erasoa da”.

Espainiar Gobernuak Estrasburgoko Auzitegiari emandako erantzuna ez doa, ordea, bide horretatik. Agirrezabalak “kutsu totalitarioa” antzeman du Barne ministroaren erreakzioan, “epaiak arrazoia ematen dietenean soilik onartzen dituztelako”. Hala ere, ohartarazi dio, “lotsa pasatu eta bere irudia nazioartean zikinduz jarraitu nahi ez badu, espainiar Gobernuak irtenbide bakarra du: Parot Doktrina aplikatu zaien preso guztiak kaleratzea; hori egin ezean, kondena gehiago jasoko ditu, bata bestearen atzetik”.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA