Kontzertu ekonomikoaren izaera berezia onartzeko eskatu zion atzo Nekane Alzelai Espainiako hauteskundeetarako EAko hautagaiak Espainiako Gobernuari. Alzelairen iritziz, Zapateroren gobernuak «pribilegiotzat» hartzen du kontzertu ekonomikoa, «eskubide historikotzat» hartu beharrean. Mikel Irujo EAko Europako Batasuneko diputatuaren eta Pello Gonzalez Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun diputatuaren babesa jaso zuen Alzelaik, EAren hauteskunde programaren aurkezpenean. Alzelairen arabera, PPk eta PSOEk alboratu egin dute euskal erakundeek daukaten ahalmen legegilea, eta horrek bi aldeen artean «desadostasunean» eta «alderdikerian» oinarritutako harreman «gatazkatsuak» bideratu ditu historia osoan. 1981ean jarri zen indarrean kontzertu ekonomikoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina 1997ra arte euskal erakundeek sozietateen gaineko zergaz gain ia zuten beste subiranotasun fiskalik izan. Urte horretan hainbat konpetentzia lortu zituzten: Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (PFEZ), esaterako. Hemendik aurrera, kontzertu ekonomikoko neurri fiskalen bat erregulatzen zen bakoitzean «gatazka eta alderdikerian» oinarritutako errekurtso sistematikoen arabera egon dela esan du Alzelaik: 1997an konpetentziak berreskuratzea PPk gehiengo absolutua lortzeko EAJren laguntza behar zuelako izan zela, eta 2007ko kupoa Espainiako aurrekontuek onartzeko negoziazioarekin batera izan zirela aipatu ditu, kasu, EAko hautagaiak. Kontzertu ekonomikoari behar dituen «berme juridiko beharrezko eta zehatzak emateko garaia» dela iritzi dio Alzelaik. Horretarako, protocolo baten bidez Europako Atxikitze Itunean kontzertu ekonomikoaren izaera ezberdina dela aitortzea eskatzen dio EAk Espainiako Gobernuari. Bertan gutxieneko hiru eskaera jasoko dira: euskal erakundeen subiranotasun fiskala onartzea, euskal sistema fiskala Europako legeen barrenean egotea eta euskal erakundeek Ecofinen parte hartu ahal izatea. LAN ASKO EGITEKE Pello Gonzalezen arabera, Europan erakundeentzat «ezezaguna» da kontzertu ekonomikoa, baina bertan ere defendatu beharra dagoela uste du, «autogobernuaren ardatz nagusia» delako. Oraindik ere lan asko egiteke dagoela iritzi dio Gonzalezek, Europak fiskalitate bakarrean sinesten baitu, estatalak ez diren errealitateak kanporatuz. Gai horri buruz bi aste barru Europako Legebiltzarrean eztabaida bat egingo dutela jakinarazi dute.

Jatorria: Eusko Alkartasuna