Juanjo Agirrezabala Juanjo Agirrezabalak kalamu taldeen aldarrikapenak jaso eta kalamuaren norberaren kontsumoa eta landaketa arautzeko protokolo bat eta errolda bat sortzea eskatu du Legebiltzarrean.

Juanjo Agirrezabalak legez besteko proposamena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzari kalamu elkarteen errolda bat sor dezala eskatzeko, talde horien jarduera arautzeko eta horren gaineko kontrola ahalbidetzeko. Halaber, protokolo baten beharra planteatu du, kalamuaren norberaren kontsumoa arautzeko eta landaketak ikuskatu eta ekoizpen prozesua kontrolatu ahal izateko.

EAren ekimen honek kalamu elkarteen aldarrikapenak jaso ditu, alegaltasunetik ateratzeko eta segurtasun juridikoa emateko. Agirrezabalaren iritziz, “kalamuaren kontsumo pertsonala eta hori ahalbidetzeko jarduerak legezkoak direla kontuan hartuta, eta elkarte horien jarduera ontzat ematen duen nahikoa jurisprudentzia dagoela jakinda, zentzuzkoa da talde horien jarduera arautzea. Horrek jarduera horren gaineko osasun kontrolak eta kontrol ekonomikoak ezartzea ahalbidetuko luke eta positiboa litzateke droga horrekin trafikatzen duten mafiekin amaitzeko”.

Halaber, EAko legebiltzarkideak kalamuaren balore terapeutikoak ikertu beharra nabarmendu du eta, horren harira, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari kalamuaren edo horren deribatuak dituzten medikamentuen banaketa bultza dezala eskatu dio, betiere fakultatiboen irizpideei jarraituz.

Jatorria: Eusko Alkartasuna