Jesus Mari Larrazabalek legez besteko proposamena aurkeztu eta zentrala ustiatzeko baimena ez luzatzeko eskatu dio espainiar Gobernuari

Eusko Legebiltzarrak berriro ere Garoñako zentral nuklearraren behin-betiko itxieraren alde egin dezala nahi du Eusko Alkartasunak. Zentrala ustiatzeko baimena datorren uztailaren 5ean amaituko da eta EAk baimen hori ez luzatzeko exijitu dio espainiar Gobernuari. Halaber, Eusko Jaurlaritzari ere behin-betiko ixtearen alde egin dezala eskatu dio, bai eta itxiera gauzatzeko behar diren neurriak har ditzala ere. Eskari hauek guztiak jaso ditu Jesus Mari Larrazabal EAko legebiltzarkideak legez besteko proposamen batean; iragan ostiralean aurkeztu zuen eta gaur goizean bertan ofizialki tramitatu du Legebiltzarreko Mahaiak datozen asteotan Osoko Bilkuran eztabaidatzeko.
Larrazabalek gogora ekarri du Nuclenor konpainiak, Garoñako zentraleko jabeak, alegia, ustiatzeko baimena beste 10 urtez luzatzeko eskatu duela. Eskari hau Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak ekainaren 5 baino lehen aztertu beharko du, baina Rodriguez Zapaterok 2004 eta 2008ko hauteskundeetan hartutako konpromisoen erabat kontra dago. Izan ere, hauteskunde horietan espainiar presidenteak eta PSOEk zentral nuklear guztiak euren bizitza erabilgarria amaitzearekin batera ixteko konpromisoa hartu zuten.
Hala ere, Zapaterok horri buruz egindako azken adierazpenak ikusita, EAko agintaria beldur da espainiar presidenteak ez ote duen atzera egingo; horregatik uste du funtsezkoa izan daitekeela Eusko Legebiltzarrak, talde sozialistaren botoekin ere, Garoña behin-betiko itxi dadila berriz ere exijitzea. Larrazabalen aburuz, “Garoñako zentrala, Estatukoen artean zaharrena, hain zuzen ere, herritarrentzako arrisku larria da, zentral nuklear bat martxan jartzeko segurtasun arloan eskatzen diren gutxieneko betebeharrak egun gaindituko ez lituzkeelako, askotan -aurten 8 aldiz jada- zentrala gelditzera behartzen duten etengabeko matxurek agerian uzten duten moduan”. EAren iritziz, segurtasuna bermatzeak lehentasun osoa dauka; beraz, energia nuklearraren ordez energia berriztagarrien aldeko apustua egiten du, garbiagoak, seguruagoak eta merkeagoak baitira.

Jatorria: Eusko Alkartasuna