Unai Ziarreta, EAko presidentea Carlos Garaikoetxea izan zen igandeko Alkartasun Egunean kontsultaren aldeko agiria sinatu zuen EAko lehen kidea

Herri galdeketaren aldeko lehen sinadurak biltzen hasi da
Eusko Alkartasuna. Igandean, Laudion (Araba) egin zuen Alkartasun
Eguna baliatu zuen alderdiak EAJ, EB eta Aralarrekin batera adostutako
testuaren aldeko herritarren atxikimenduak jasotzeko. Laudiora joandako
militanteen sinadurak bildu zituen. Besteak beste, Begoña Errazti EAko
presidente izandakoak eta Carlos Garaikoetxea EAko eta Jaurlaritzako
lehendakari ohiak
izenpetu zuten dokumentua.

 

EAJk, EAk,
EBk eta Aralarrek bakea eta normalkuntza politikoa lortzeko galdeketa beharrezkoa dela diote idatzian, eta «hurrengo
hilabeteetan Europako eta nazioarteko foroetan» aurkeztuko dituzten
ekimenei eta demandei atxikitzeko deia egiten diete herritarrei. Zehazki, sinatzaileak lau alderdiei bere izena erabiltzeko gaitasuna ematen die
nazioartean egingo dituzten ekimenetan. Hala ere, testuan ez dute
zehaztu Europako Batasuneko Giza Eskubideen Auzitegian Espainiako Estatuaren
kontrako salaketa jarriko duten.

 

Carlos Garaikoetxea izan zen igandeko Alkartasun Egunean
kontsultaren aldeko agiria sinatu zuen EAko lehen kidea. Ekitaldi
politikoaren hitzaldiak amaituta, Unai Ziarreta EAko presidenteak
dokumentua sinatzen lehena izan zedin gonbidatu zuen Garaikoetxea. Ondoren,
Ziarretak berak izenpetu zuen dokumentua, baita alderdiko kideek eta
militanteek ere.

 

Erabakitzeko eskubidearen defentsa hizpide hartuta, jai
giroan ospatu zuen EAk Alkartasun Eguna. EAko presidenteak bertan adierazi zuen
herri galdeketaren debekuari eman beharreko erantzuna
«muturreraino» eraman behar dela, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegian salaketa
aurkeztu egin behar dela. Debekuaren aurrean ezin dela «amore eman» eta
hasitako bideari «eutsi» egin behar zaiola azpimarratu zuen Ziarretak. Haren
esanetan,

Konstituzionalaren debekuari eman beharreko erantzunaren
helmugak izan behar du «euskal gizarteak egitasmo subiranistari»
atxikimendua ematea.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuaren
aurka ere egin zuen Ziarretak. «Jarrera demokratikoa izango balu, kontsulta
babestuko luke», esan zuen. Eta ohartarazi zuen Espainiako Gobernuak
ez duela geldituko erabakitzeko eskubidearen alde hasitako prozesua.
«Prozesu hori bukaeraraino eramango dugu», erantsi zuen.
 

Zapateroren gobernuak «euskal herritarren borondatearen
aurka» jo izanakekar ditzakeen ondorioak «larriak» izan daitezkeela
ohartarazi zuen,ondoren, Joseba Azkarraga EAko idazkari nagusiak.
«Espainiako Gobernuak jakin behar du ondorio larriak izan ditzakeela Euskal
Herriari berea ez den subiranotasuna ezartzeak. Euren banderak inposatzen badizkigute konfrontazioa egongo da, konfrontazio demokratikoa».

 

Azkarragak esan zuen Herritarrei galdetzea planteamendu
«demokratikoa eta politikoa» dela eta haren debekuari eman beharreko
erantzunak ere «politikoa» izan behar duela. Haren hitzetan, hasitako prozesua euskal herritarrek euren etorkizuna erabakitzen dutenean amaituko
da: «Berandu baino lehen erabakiko dute zein eratako harremana izan nahi
dutenEspainiarekin,edo harremanik izan nahi duten».

 

Lotura: Albistea Berria egunkarian
Jatorria: EP/Berria