Pello Urizar EAk mobilizazio horrekin bat egiteko dei egin dio gizarteari, modu horretan “funtsezko oinarri demokratikoak urratzen dituen prozesu judiziala” gaitzesteko eta auziperatuei babesa eta elkartasuna adierazteko.

EAk ‘Egunkaria libre!’ lelopean egingo den manifestazioan parte hartuko du larunbatean Bilbon, Egunkariako arduradunen aurka irekitako prozesu judiziala gaitzesteko. Han izango da Pello Urizar idazkari nagusia eta berarekin batera EAko zuzendaritza nazionaleko gainontzeko kideak. EAk babes eta elkartasun osoa adieraziko die horrela Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joan Mari Torrealdai eta Xabier Oleagari, bostak soberan ezagunak Euskal Herrian beti euskal kulturaren alde egin duten lan eskergagatik.

Egunkaria ixteko arrazoi politikoak euskara eta herri honen kultura kriminalizatzeko helburua zeukan, adierazpen eta prentsa askatasunen aurkako sekulako erasoa izateaz gain. Hori dela eta, EAk manifestazioan parte hartzeko dei egin dio euskal gizarte osoari, larunbatean Bilbon funtsezko oinarri demokratikoak urratzen dituen prozesu judizial horren gaitzespena ozenki adierazteko.

Jatorria: Eusko Alkartasuna