“Auzitegi Gorenak berretsi du EAJ PP bezala ustelkeriak jotako alderdia dela, beraz agintariek azalpenak eman behar dituzte gizarteari”, adierazi du Blancok

Auzitegi Gorenak berretsi berri du 12 urteko kartzela zigorra, Araban EAJren bigarren burua zen Alfredo de Miguelentzat. Hala, hurrengo delituak baieztatu ditu Gorenak: influentzia-trafikoa, prebarikazioa, eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko erabilera, agiri-faltsutasuna, legez kanpoko elkartzea eta kapitalen zuritzea. Epaiaren arabera, bai bera bai EAJren Arabako zuzendaritza osatzen zuten beste gainerako akusatuek ere beren lanpostuez eta eraginez baliatu ziren hainbat obra eta zerbitzu kontraturen bidez komisioak kobratzeko.

Eba Blanco Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak eskatu du EAJk berehala har dezala bere erantzukizun politikoak eta azalpenak eman ditzala gizarteari. “Orain arte ustezko errudun bat zaintzen egon dira. De Miguel kartzelan sartuko da, baina gaurtik aurrera, honek alderdian eraginik ez badu, ustel bat babestuko dute”, adierazi du. Hain zuzen, 2010an kasua publiko egin zenetik, EAJk ez ditu inoiz baztertu ezta De Miguel ezta beste atxilotu eta inputatu batzuk ere. Berak eskatu zuen borondatezko baja alderditik beste akusatu batzuekin batera.

Blancok gogorarazi duenez, “esan genuen etikagatik eta duintasunagatik, Gorenaren epaia ezagutu arte, osasun-lerro bat jarri behar zitzaiola kondenatuari, eta HAZI sozietate publikoaren gerentzietako batetik kendu. Aldiz, Sabin Etxean amaiera arte zaindu dute”. Eusko Alkatasunaren arduradun nagusiak adierazi duenez, “Oinarriek adiskidekeriarekin amaitzeko eskatu diete, baina hau zuzenean ustelkeria hutsa da. Beraien militantziak ere, ustelkeriarekiko zero tolerantzia nahiko du, kondenatua alderdikidea izan arren”.