Ikerne Badiolak azken urteotan benetako elebitasunaren alde emandako aurrerapauso guztiak arriskuan jartzea egotzi dio Hezkuntza sailburuari eta Euskadiko Eskola Kontseiluak erantzun sendoa ematea espero du.

Isabel Celaa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak gaur goizean aurkeztu dituen curriculumari buruzko dekretuek “orain arte sail horretan izandako arduradunek benetako elebitasunaren alde lortutako aurrerapauso guztiak arriskuan jartzen” dituztela salatu du Ikerne Badiola EAko Komunikazio idazkariak.  Hori dela eta, Euskadiko Eskola Kontseiluak Hezkuntza sailburua atzera egitera behartuko duen erantzun sendoa ematea espero du Badiolak.

Bere irudiko, euskarak eta gaztelaniak hezkuntzan jasotzen duten tratamendua berdintzeko Celaak plazaratu duen asmoa “sekulako arduragabekeria” da, “biak hizkuntza ofizialak diren arren, errealitateak bien arteko desoreka izugarria dagoela erakusten duelako, euskararen kalterako, noski”. Horren harira, azaldu du Badiolak, Euskal Herrian dugun egoera diglosikoan euskara da bereziki indartu behar dugun hizkuntza eta horregatik ezinbestekoa da irakaskuntzan euskara hizkuntza nagusia izan dadila, ez bakarra, nagusia baizik, Hezkuntza Sailaren lehengo dekretuek esaten zuten moduan”.

Halaber, iragan legealdian Hezkuntza Sailak egindako curriculumak hezkuntza eragile gehienen adostasuna lortu zuela nahita ezkutatzea egotzi dio EAko buruzagiak Isabel Celaari. Beraz, salatu du, “iraina da Celaak doktrinamendu abertzaleaz hitz egitea”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna