Eusko Alkartasunako idazkaria nagusiak, Pello Urizarrek eta Komunikazio idazkariak, Iria Epalzak prentsaurrea eman dute gaur goizean ikasturte politikoaren balorazioa egiteko.

Horrez gain, Biltzar Nagusiaren prozesuaren ostean EAren organigrama nola geratuko den azaldu du Epalzak (webgune honetan bertan izan dezakezu horren berri, “organizazioa” arloan begiratuta).

Hona Komunikazio idazkariak egindako hitzaldia.

“Aurreko kurtso politikoa hauteskundeekin bukatu zen, espainiar gorteetarako hauteskundeak, eta hau beste hauteskunde batzuekin hasi da, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, irailaren 25ean.
Hauteskunde haietan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek EH Bildu bigarren indar hautatu zuten. Eta zergatik? Indar politikoen metaketaren aldeko apustua garelako. Zergatik? Ekonomia hutsari baino, gizarte eredu osoan eragin nahi dugulako. Eredu soziopolitikoa aldatu daitekeela frogatu dugulako. Zergatik? Herritarrek esperientzia eta modu berriak uztartzen dituen politikagintzan sinisten dutelako. Ausardiaz, gizarte eredu justoagoa lortzea posible dela dakitelako. Eta hori egin dugu kurtso honetan zehar.

EHBilduren egonkortzeari eta aukerak zabaltzeari ekin diogu, baina EAJk nahiago izan du Espainiara begira jartzea, gurekin batera askatasun sozial eta politikorako bidea jorratzea baino. Eusko Alkartasunaren ustez, erabakitzeko euskal esparrua aitortzen dugun alderdien elkarlana EZINBESTEKOA da egun, orain dela 20 urte bezala, baina tamalez, Jaurlaritzan daudenek beste aliantza mota batzuk hobetsi dituzte kurtso honetan, eta horrela, nekeza zaigu Estatugintzan aritzea.

Kurtso politiko honen ezaugarri nagusia da, Eusko Alkartasunaren iritziz, EAJ-PSE-PP ententearen lotzea. EAJ erabat lerrokatu da PP eta PSErekin: Gai sozioekonomikoetan aktiboki, eta pasiboki erabakitze eskubidearen inguruan; ezer ez egiteak, popularren jarrera errazten baitu. EAJk PSEri gobernuko eztei opari 3 sail eman dizkio, baina Jaurlaritzaren politiketan eraginik ez dute, are gutxiago aurrekontuetan. Aurrekontuen giltza nori eta PPri eman baitio, oso osorik.

-Aurrera egin duena kurtso honetan, Katalunia izan da, eta zenbat! Eusko Alkartasunako kideek gustora asko egingo genuke bide hori kataluniarrekin batera, eta ahal izan dugun neurrian gure babes politikoa eta humanoa eman diegu: bai erabakitze eskubide ZILEGIA aldarrikatu eta egikaritzeko garaian, eta baita ere, espainiar justizia politizatuak kataluniar buruzagiak auziperatu nahi izan dituenean ere.
- Bestalde, txalotu besterik ezin dugu Iparraldean “Bakearen artisauek” egindako lan itzela. Apalak dira haiek, baina lortu dute ETAk armak herriari entregatzea, eta hauek berifikatu ostean, frantziar estatuari eman dizkiote. Ez dago aitzakiarik beraz, bakegintzari ekiteko, espainiar gobernua honetaz jabetu nahi ez duen arren. Armagabetzea ezinbesteko pausua zen eta eman da. EAren nahia da ETA datorren ikasturtea amaitu aurretik desagertzea ere. Hori ere beharrezkoa da. Eta noski, Mixel Bergouignan ere aipatu nahi dugu, Luhuson atxilotua izan zen Bakearen artisauetako bat, orain 2 hile zendu zena.

- Iparraldeko Euskal Elkargoaren sorrera ere izan dugu, 200 urtez aldarrikatutako erakunde propioa, Ipar Euskal Herriak bere politika propioak garatu ditzan. Eta erakunde horren sorrerarekin bat, etortzen hasi dira egoera aldaketak; bakegintzan pausoak, euskararen sendotzea, mugaz gaindiko akordioen lotzea… Herrigintzatik Estatugintzararako urratsa eman dugu beraz.

-Iparraldean, gainera, azken hauteskundeen lehen itzuliak argi utzi du subiranotasunaren aldarria hedatzen ari dela eta hori oso aberasgarria iruditzen zaigu. EH Baik lortutako emaitzek Iparraldeko gizarteak martxa berri bat sartu duela erakutsi du. Eta hor dago gakoa, Euskal Herriko errealitate administratiboen erritmo ezberdinak errespetatuz soilik lortuko baitugu subirautza osoa. Hauteskundeetako emaitzek oso etorkizun itxaropentsua adierazten dute.

- Nafarroatik, berri onak eta txarrak: Joan den urrian, estatu espainiarraren ankerkeria zantzurik krudelenetarikoa Altsasun eman zela, eta euskal gizarteak aspaldian jorratu duen normalizaziorako bidean enegarren oztopo jartzen jarraitzen duela espainiar gobernu eta sistema judizialak. Baina horri aurre eginez, Nafarroak eraldaketaren bidean tinko jarraitu du: Euskararen legean eman den aldaketari esker, 45 herri euskaldunagoak dira orain. Ikurren legeak ere egoera anormala zena normalizatu du. Memoria historikoa errekuperatzeko lan ederra egin da… Garbitu dugu urte luzeegitan zehar UPNk pozoindutako egoera, eta erakutsi dugu elkarlanarekin, gizarte sanoagoa, ekonomia justoagoa eta bizikidetza normalagoa eraiki daitekela.

- Lan eskerga egin dute gure zinegotzi, alkate eta biltzarkideek herrietako egunerokotasuna aurrera ateratzen, erakundeak herritarrengana hurbiltzen, eta herritarrek erakundeak bereak ere direla igarri dezaten, baina Nazio mailako politika lantzerakoan, hiru arlo azpimarratu nahi genituzke: bizikidetza eta normalizazioa, autogobernuaren garapena eta sozioekonomia.

- Bizikidetzan eman ditugu urrats garrantzitsuak. Herri honek asko sufritu du alde guztietatik, eta EAko kideok inork baino hobeto dakigu hori, gure artean alde bateko zein beteko biktimak daudelako, baina denek gauza bat argi baldin badugu da, memorian zulorik izan gabe, ikuspuntu guztiak barnebiltzen dituen errelatoa eraiki behar dugula, eta bakegintzan INOR ez dagoela soberan eta guztiok garela beharrezko gogorarazi nahi genioke Alfonso Alonso jaunari.

Garrantzitsuena ez baita lehenak izatea hau edo hura “kondenatzen”, baizik eta Eskubide guztiak pertsona guztientzat aitortuak izan behar dutenaren kontzientzia sortzea. Hau izan da EAko kideen konpromisoa eta jarrera, eta alderdi guztiak, premisa hauetan kokatzea EAk Herri honi egin dion ekarpena. Atzera begira, errelato osoa beraz, baina aurrera begiratu nahi dugu, eta horretarako orain ematen ari diren eskubide urraketekin eta legedia ankerrekin bukatu behar dugu.
Gaixo dauden presoak gerturatzeko lortu dugu Legebiltzarrean gauden 5 taldetik 4k horren alde egitea, eta ari gara gutxika lan horren uzta jasotzen. Horretan jarraituko dugu hurrengo kurtsoan ere, zalantzarik gabe. Baina bakoitzari berea, eta presoei eskaera hau luzatzen diegu: gizartearen gehiengoak ematen dien babesari erantzun dezatela, beraien esku dauden urratsak lehen bait lehen emanaz. Horrek bake prozesuari sekulako bultzada emango liokelako, eta era berean, espainiar gobernua aitzakiarik gabe utziko lukelako.

Eta jarraituko dugu baita ere, Euskal Herria eta euskal Herritarrak juzgatzeko mendekuan oinarritzen den legedia arbuiatzen. Ez da zilegi (legezkoa izango den arren) taberna borroka bategatik, eta proportzionaltasun guztia alde batetara utzita, 50 urtetako kartzela zigorra eskatzea. Bakeak, bizikidetzak, aurrera pausoak eskatzen ditu guztien aldetik. Guk, EAk, eman ditugu, euskal gizarteak eman ditu, euskal eragile ia denek eman dituzte. Zein eskubide daukate espainiar botere eta alderdiek euskal gizarteak merezi duen bizikidetza oztopatzeko? EAk guztiz salatzen du Altsasuko eta Errenteriako gazteen aurka, eta orokorrean euskal gazteriaren aurkako jazarpena. Interes politiko argiak daude gure herrian jada iraganda daukagun biolentzia arlora bueltatzeko, eta argi adierazi nahi dugu EAk orain arte erakutsi duen konpromisoa mantentzen duela Euskal Herria benetako bake eta justizia esparrua izan dadin.

- Autogobernuari dagokionez legealdi hau erabakiaren legealdia izan behar dugula uste dugu. Berriz eratu da legebiltzarrean autogobernu ponentzia, baina ez dugu onartuko denbora pasa esparru bat izatea, inoiz ez datorren aldebikotasun fiktizioaren zain, aurreko legegintzaldian bezala. Hurrengo ikasturtea erabakigarria izan behar da, eta euskal gizarteari izan beharko zaio hitza. EA iraganean ere ahalegindu zen euskal estatusari buruz herriari hitza ematen baina ez ziguten utzi. Oraingoan gure esku dagoen dena egingo dugu legealdi honetan gertatu dadin.

- Eta azkenik, SOZIOEKONOMIARI dagokionez, proposamen oso onak egin ditugu, Leire Pinedo gure parlamentariak ederki borrokatuak: Gizarte politiketan murrizketarik onartuko ez zuten aurrekontuak aldarrikatu ditugu, ekonomia dinamizatuko zuen planteamendu bat egin dugu, eta berebiziko garrantzia duten arloak hobetzeko neurriak jarri dizkiogu Jaurlaritzari mahai gainean, baina PNVk eta PSEk nahiago izan dute PPren eskutik datozen murrizketa eta ustelkerian sakontzea, eta aldiz, babes soziala eraistea. Irailean jarraituko dugu gizarte ongizatea defendatzen, eta horretarako zerga erreforma bat jarriko dugu mahai gainean, helburu argi batekin: Etekin gehien ateratzen duten enpresek eta fortuna handiek, progresibitatetik, justizia eta babes soziala bermatzea.

Bestalde, kurtso hau oso mugitua izan da Eusko Alkartasuna barruan. Pasa den urteko ekainak 11an Ez Ohiko Kongresu bat ospatu genuen, EAk EHBilduri egingo zion ekarpenari buruz eztabaidatzeko. Eta azken urte honetan horretan ibili gara; EHBilduren nortasuna berreraikitzen, hitzez genituen akordioak paperean ezartzen, Euskal Herria Bilduri bizitza propioa emango zion eratze prozesuan, hain zuzen. Horrek gure alderdi barruan sortu ditu tirabirak, eta ikuspuntu ezberdinak, eta aurten tokatzen zen XII. Kongresura, bi ildo aurkeztu ginen, EH Bildu ulertzeko bi modu ezberdin genituenak. EHBIlduk ere ospatu du bere Kongresu eratzailea, eta hor argi eta garbi ezarri dira joko arauak. EH Bildu osoagoa, osatuagoa eta era berean irekiagoa eratu dugu denon artean. Erakundeetako egunerokotasuna EH Bilduk eramango duelarik, Eusko Alkartasunari dagokio orain, datozen urteotan Herri honek izango dituen erronkak identifikatzea, eta hauen inguruko hausnarketa politikoa egin ostean, bere ekarpena egitea Euskal Herriaren garapenaren eta askatasun sozial eta nazionalaren alde”.