Kontzertua, Konbenioa eta kupoaren inguruan noizean behin pizten den polemikak alde positiboa ere izan du. Izan ere, EAJ eta PSOEren proposamen politikoek oinarri ahulak dituztela frogatzeko balio izan du. Era berean, independentzia lortzeko aldebakartasunaren bidearen balioa aldarrikatu du, egun zein etorkizunean erabakiak hartu ahal izateko erabateko subiranotasuna behar dugula argi utziz.

EAJren azken proposamena, nazio foralarena, autonomismoa baino ez dela ikusi dugu kupoari buruzko polemikarekin. Berdin dio subiranotasun partekartua deitu, Gernikako estatutua edo nazio forala. Estatuak beto eskubidea duen autonomismoaren izen ezberdinak dira.

Egunotan bizi izan dugun azken aurreko polemikarekin erabat asaldatuta agertu zaigu EAJ, kontzertuan eta kupoan aldebakartasunez onartutako aldaketa marra gorria dela esanez. Ez ba. Eusko Alkartasunarentzat marra gorria Estatuak beto eskubidea izatea da, aldebakartasunez aritzeko aukera izatea.

Eta aukera hori egon badago. Noski baietz. Kontzertu eta Konbenioaren oinarrian dauden eskubide historikoak unionisten gehiengoak aldatu dezakeen Konstituzioan daude.

Aldi berean, polemikak PSOEk proposatzen duen federalismoaren inguruan argia ekarri du ere. Ximo Puig eta, batez ere, PSOEn “agintzen” duen Susana Díezek egindako adierazpenak entzunda zaila da zalantzak mantentzea: “Espainiolak” berdindu nahi dituzte, gu zaku horretan sartuta. Eusko Alkartasunak aspaldi esandakoa frogatu da horrela: transizioan asmatutako “denontzako kafea” formularen modernizazioa baino ez da eta, noski, zentralizazioan sakontzeko aitzakia.

Estatuan federalismoa aplikatzea absurdoa da bi arrazoiengatik. Lehenik eta behin ideia laborategi batean sortutako ideia da, ez gizartearen aldarrikapenari erantzun emateko jaio. Bestetik, ez du arazorik konponduko, kontrakoa baizik. Izan ere subiranotasuna nahi dutenei eskuduntzak kenduko zitzaizkien eta egun dituztenak ere nahi ez dituztenei gehiago eman.

Horrela, euskal erakundeetan hitzarmena duten indar politikoen proiektuak hutsune nabariak dituzte eta, finantziazioa bezain garrantzizkoa den gaian, kontraesan nabariak gainera.

Horrela izanda, EAJ eta PSEren arteko hitzarmena ulertu daiteke? Eusko Alkartasunak txikira jokatzea bezala ulertzen du eta hauteskundeei begirako neurria bezala. Txikira jokatzea diogu EAJren zuzendaritzak beldur diolako bere oinarri sozialak babesten duen erabakitzeko eskubidearen bidea hartzeari. Eta hauteskundeei begira dago EAJk erakundeetan eroso egotea lortzen duelako Euskal Herrian PSEri hautestontziek ukatzen dioten pisua emanda.

Edonola ere, kupoari buruzko polemika noizean behin errepikatzne da, “elkartasunik gabeko euskaldunen” aitzakia erabiltzen dutelako batetik sistemikoak diren eta bestetik kudeaketa txarrak eragindako arazo ekonomikoen aurrean. Berdin dio elkartasunaren kontua gezurra izatea, hegoaldeko lau herrialdeek Estatuko ekonomian duten pisu errealaren gaineko aportazioa egiten dutelako. Eta gutxi balitz, Espainako probintziekin elkartasun ekonomikoa garatzeko ez dugu arazorik baina Iparraldeko ikastola bat lagundu nahi badugu, arazoak.

Gehiago ordaintzea nahi dutenek ez dute hezkuntza, osasun sisteman edo udalen finantziazioan diru gehiago inbertitzea nahi, horiek justizia soziala lortzeko beharrezko inbertsioak izanda ere. Ez horixe. Euskal Herrian horren ondo baloratuta dauden Espainiako armada edo errege etxea bezalako erakundeetara diru gehiago bideratu behar dugula esaten dute.

Baina gainera, beste mezu bat ere luzatzen digute: Kataluniako bidea jarraitzean pentsatzen ari bagara, ondo pentsatzeko, ditugun eskuduntza guztiak kendu ahal dizkigutelako.

Antza ez dira ohartzen independentziarako aldebakartasuneko bidea indartzen ari direla. Finantziazioa lortzeko modua auzian izanda ezinezkoa da herri batek kalitatezko ongizate estatua garatzea. Independentzia da guztiok hobeto biziko garen gizartea eraikitzeko bide bakarra.