Aste honetan aurkeztu den testua “oso garrantzitsua da, euskal gizarteak ezagutzen zuen errealitateari ofizialtasuna eman diolako”
EAEko hiritarrek 1960tik gaurko egunera jasan dituzten torturen inguruko txostena biktimak erreparatzeko prozesuaren oinarria izateko lan egiteko prest agertu da Eusko Alkartasuna. Era berean, testuak horrelako kasu latzak berriro gertatu ez daitezen beharrezko informazioa ematen duela uste du alderdiak.
Ikerne Badiola, Eusko Alkartasunako Komunikazio idazkariak esan duenez “erabat onartezina da gurea bezalako herri txiki batean torturak pairatu dituzten 4.000 lagun baino gehiago izatea eta egon direla aitortu ez eta biktimak erreparatzeko prozesurik ez burutzea”. Badiolak dioenez, “kasu horiek aintzat hartu gabe ez da Euskal Herria zauritu duen biolentziaren kontakizun osorik egongo”.
Paco Etxeberriaren zuzendaritzapean dagoen lan taldeak egin duen txostena torturen arloko kontakizun osoa lortzeko beharrezkoa da, eta hori Euskal Herrian oinarri politikoa izan duen biolentziaren kontakizun orokorrean sartu beharko da. Baina kontu hori “ezin da kontakizunaren arloan geratu, torturak egon zirela ofizialki onartu behar da eta biktimei beharrezkoa duten erreparazioa eskaini behar zaie”.