“Lehendakariak euskal udalei Zapateroren E Planaren bertsio autonomikoa eta murriztua baino ez die eskaini”, salatu du Jesus Mari Larrazabal EAko legebiltzarkideak

Eusko Alkartasunak “oso irakurketa kritikoa” egiten du lehendakariak iragan asteartean krisiari aurre egiteko aurkeztu zuen planari buruz. Plan horren edukia aztertuta, ezinezkoa da krisiaren aurkako benetako plan batetaz hitz egitea, Jesus Mari Larrazabalek gaur Donostian salatu duenez. Bere esanetan, “Jaurlaritzak ez du krisiaren aurkako plan bat, Patxi Lopezek aurkeztu duena benetako eragin praktikorik izango ez duen adabaki bat baino ez delako”. Larrazabalen aburuz, “krisiaren ondorioak estaltzeko neurri barreiatu batzuk bildu ditu lehendakariak, baina neurri horiek ez dute inolako efektu ekonomikorik ez dutelako krisiaren oinarrizko arrazoietan eragiten”.
Langabetuak udaletxeetan sei hilabetez kontratatzea edo autonomoen artean eta merkataritzan kontratuak ekonomikoki sustatzea bezalako neurriak hizpide izan ditu EAko agintariak, “prekarietatea eta oso kalitate gutxiko lanpostuak sustatzeak ez duelako balio kontsumoa igotzeko, aurreztea bultzatzeko eta inbertsioa sortzeko. Eta iragartzen diren azpiegiturak ere ez dira berriak, gehienak aurreko Jaurlaritzak ere aurreikusita zituelako”.
Lopezen helburua kosmetikoa baino ez da, Larrazabalen iritziz. “Benetan nahi duena krisiak enpleguan dituen ondorioak estaltzea da, eta horretarako, adabaki gisa, inolako etorkizunik eta egonkortasunik ez duten lanpostu prekarioak sortzeari ekin dio”. Hitz batean, erantsi du legebiltzarkideak, lehendakariak Zapateroren ereduari jarraitzen dio, krisiari aurre egiteko modu hau ez baita berria; patentea Zapaterok dauka, ez Lopezek, eta azken honek espainiar Gobernuaren E Planaren bertsio autonomiko eta murriztua eskaintzen digu”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna