EAko ordezkaritza bat ERCren kanpaina amaierako ekitaldian izango da eta Estaturik gabeko nazioen ordezkaritzekin bilduko da

Eusko Alkartasunako ordezkaritza bat -Rafa Larreina eta Alberto Usandizaga izango dira, besteen artean- ERCren eskutik asteburu honetan Bartzelonan izango da, gizarte katalanak modu demokratiko batean zer estatus politiko eduki nahi duten ikusteko.

Eusko Alkartasunako ordezkariak, ostiral honetan, ANCk eta Omniumek Bartzelonan antolatutako amaiera ekitaldian izango dira; larunbatean, berriz, Kataluniara joango diren beste zenbait ordezkaritzekin egongo dira, horien artean, Parti Québécois-eko Daniel Turpekin elkartuko dira. Gerora, Gironara joango dira ERCren kanpaina amaierako ekitaldira.

Modu honetan, Eusko Alkartasunako ordezkariek European Free Alliance-eko Estaturik gabeko beste nazioen ordezkariekin bat egingo dute “begirale” lanetan, nazioarteko komunitateari erakusteko, “Estatu espainolak jarri dituen oztopo guztien gainetik, herri katalanak bere etorkizun politikoa aukeratzeko eskubidea aplikatuko duela”.