“Jende zoriontsua, herri libre batean…” Hala dio duela lau urteko giza katera deitzeko Gure Esku Dagok egin zuen abesti-ikurrak. Bere aukera afektibo-sexuala askatasunean bizi eta biologiak beste ezer esan arren, gizartearen aurrean sentitzen duten generoarekin identifikatzen diren pertsona zoriontsuak. Inolako bazterkeria jasan gabe eta eskubide guztiak aitortuta.

Hori da E-28rako, LGTBIQ Harrotasunaren Nazioarteko Egunerako Eusko Alkartasunak duen nahia. Eta nahi hori betetzeko lanean ari gara azken 32 urteetan, erabakitzeko eskubidea zentzurik zabalenean defendatzen dugulako, arlo politikoan bai baina baita esparru pertsonalean ere.

LGTBIQ pertsonen eskubideen aldeko borrokak garaipenak izan dituela ezin ukatu, bai lege mailan baita gizarte mailan ere, baina lan asko dago egiteke. NBEan aurkeztu bai baina Estatuek onartu ez dituzten Yogiakartako printzipioak –sexu joera eta jenero nortasun arloan giza eskubideen legegintzari buruzkoak- errealitate bihurtzen ari dira, oso poliki bada ere. Pertsonen berdintasunarekin zerikusia duten beste hainbat kasuetan bezala, urrun dugu oraindik azken helburua.

Hego Euskal Herriko erakundeak LGTBIQ pertsonen eskubideen defentsaren abangoardian egon dira. Izan ere, Gasteiz eta Iruñako parlamentuak lehenengoetakoak izan ziren izatezko bikoteen legeak onartzen, gizartearen bultzadari esker zalantzarik gabe. Hala ere, neurri legalak errealitate sozialaren atzetik datoz beti, atzo eta gaur. Atzo, sexu berdineko pertsonen arteko ezkontzak izan ziren; gaur transexualen eskubideak bermatzeko legeak.

Erakundeetan sarri defendatzen da berdintasuna, baina gero erakundeetako ordezkariek ez dituzte aldaketak gizarteratzeko beharrezkoa den ahalegina egiten eta, ondorioz, aldarriak hitz hutsetan geratzen dira. Aurten Iruñako Udalean egindako adierazpena eredugarria da, eta egindako ahalegina eskertzekoa da, baina norbanakoengan duten eragina oso zalantzazkoa.
Aurten ere, batez ere hirietan handiak izango diren mobilizazioen eta adierazpen instituzionalen ostean direnagatik eta sentitzen dutenagatik sufritzen duten pertsonak egongo dira gurek aleetan. Eta presio hori bereziki gogorra izaten da herri txikienetan, betiko auzoetan, gazteengan, giro itxienetan edo esklusio egoeran dauden pertsonentzat.
Horregatik, gaur, LGTBIQ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean pertsona guztiek hautatutako aukera afektibo-sexuala eta sentitzen duten jeneroarekin askatasunean bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzen dugu. Pertsona guztiek erakunde eta gizartearen babesa izan behar dute gure kale, auzo, herri eta hirietan. Pertsona anitzek eta zoriontsuek osatzen duten herri askea lortzeko behar diren aldaketak lortzeko lanean jarraituko dugula hitz ematen dugu.
HerrianHarro