Zerbitzu eta arlo guztiak egoitza bakarrean biltzeko lanean hasiko ote den argitzeko eskatu dio Joseba Gezuragak Bizkaiko Foru Aldundiari. Bere egoitzen erabilerari buruz Foru Aldundiak egindako txostena ez diola koalizioari eman salatu du EH Bilduko batzarkideak eta EAkideak gaurko Batzar Nagusietako Kontrolerako Osoko Bilkuran. Txostenak zentralizatutako egoitzaren aukera aipatzen du.

Galdera zuzena egin du batzarkideak: “Badauka asmorik BFAk arlo eta zerbitzu ezberdinak batzeko egoitza bateratu bati ekiteko legealdi honetan?”. EAJren foru gobernuaren gardentasun faltak “epe motzean proiektu izarren bat agertuko den susmoa bultzatzen du”, esan du Gezuragak.

Dirulaguntzak kultur arloan

Batzarkidea eta EAkidea den Meritxell Elgezabalek bestalde, kultur proiektuei ematen zaien dirulaguntzen inguruko galdera egin du gaur, “azken legealdian baldintzak gogortu egin baitira”. Egun foru aldundiak dirulaguntzetatik kanpo uzten ditu 8.000 € baino gutxiagoko proiektuak, duela lau urte baino bi mila euro gehiago.

“Gaur egun gure gizartean sektore horren elkarte askoren proiektuen bideragarritasuna kolokan dago, eta gauza bat da proiektu baten bideragarritasuna bermatzeko kanpoko finantziazio minimoa eskatzea, baina muga gehiago jartzea oztopoak ezartzea da”, esan du Elgezabalek.