Argi esan du Eusko Alkartasunak Kataluniako Gobernuko kideen kartzelaratzea demokraziari estatu kolpea dela. Izan ere, hauteskunde libreetan hautatutako kargu publikoak dira, bere Gobernu programan independentzia agertzen zen, eta gizarteari emandako hitza betetzeagatik kartzelaratuak izan dira.

Kartzelaratuak izan diren pertsonak jarrera zibikoa eta demokratikoa izan dute beti, legeak errespetatuz –lehenengo konstituzionalak, Kataluniako Parlamentuak onartutakoak ondoren- eta gizartearen gehiengoaren babesa dutela, horregatik dute Parlament-aren gehiengoaren babesa. Horregatik, zilegitasun osoa duen Gobernua espetxera bidaltzea Kataluniako gizartearen erdia baino gehiago ilegalizatzea bezala da, Europar Batasunaren markoan aurretik inoiz gertatu ez den egoera sortuz.

Eusko Alkartasunak baldintzarik gabeko babesa ematen die Kataluniako Gobernuko kideei, Esquerrako kideei bereziki, eta beraiek nahi duten bezala laguntzeko eskaintza egin du.