Lorena López de Lacalle, Eusko Alkartasunako Nazioarteko Politiken idazkariak eta Martxelo Otamendi, Berriako zuzendariak Kataluniako egoerari buruz aritu ziren Orduñan antolatutako hitzaldian. Kataluniako kontzientzia nazionalaren eraikuntzan hizkuntzak jokatu duen papera azpimarratu zuen Otamendik, eta Lopez de Lacallek egungo subiranotasun prozesuek Europan nazionalismoak eskuineko politikekin identifikatzen zuen paradigma hautsi dutenaren tesia defendatu zuen.

Euskaltzaletasun militantetik, hizkuntzak Kataluniako prozesu independentistan izan duen paper garrantzitsuaz aritu zen Otamendi: “Mendetatik erabilera masiboa izan da eta politikoki zeharkakoa, eta horrek garapen politikoaren zubia izan da, independentismorako bidea egitea posible egin dio pertsona askori”. Katalunian “badago karril zentral bat, gutxieneko kontsensua daukana eta jende asko harrapatzen duena: hizkuntza, kultura,…”, esan zuen Berriako zuzendariak, “bitartean, hemen, oraindik euskara abertzaletasunarekin lotzen da”.

PSC, ERC eta Iniciativako Gobernuak bultzatutako Estatutuaren urraketa ondoren eman den prozesuaren giltzetako bat izan dela uste du kazetariak. Esquerrak Estatutu hori lortzeko egindako lana goraipatu zuen Otamendik, “hura bultzatu baitzuen Gobernura sartu baino askoz ere lehenagotik”. Aldaketari data jartzen dio kazetariak, 2010eko uztailaren 10a. Egun horretan Parlament-ak onartutako Estatutuaren aldeko manifestazioa independentziaren aldeko martxa erraldoia bilakatu zen. Prozesu horrek “Estatu espainola larritzea lortu du, eta hori ez zen gertatu ezta ETAren garai gogorrenetan ere”.

Kataluniako kasua bakarra da Europan bi arraoziengatik, Berriako zuzendariaren ustez. Batetik, “Europan ez da egon kausa bat horrenbeste jende mugitu duenik horrenbeste aldiz, urteroko maiztasunarekin gainera eta horrek antolaketa lan unitario handia eskatzen du”, eta bestetik, Estatuaren jarrera, adibidez Erresuma Batuarekin zerikusirik ez duena: “Estatuak arriskuan ikusi du bere burua eta mediatitoki, judizialki, diplomatikoki, politikoki, jarri dute frente osoa lanean”.

Subiranotasun prozesuaren arazo nagusia sabaia jo duela da, Otamendirena buruz, “Komunak aktibatuko zirela espero zen eta ez da hala gertatu; independentismoak portzentaia igo behar du erreferendum bati bermeekin ekiteko”.

Paradigma aldaketa

Eusko Alkartasunako Nazioarteko politiken idazkariak Europan paradigma aldaketa interesgarria bizi denaren tesia garatu zuen, non periferiek nazionalismoa eta eskuineko politika baztertzaileak identifikatzen zituen ikuspegia aldatu duten.

EBren sorrera “gerra eta nortasun baztertzaileekin identifikatzen zen nazionalismoaren gorrotoaren oinarriarekin sortu zen”, gogoratu zuen López de Lacallek. Baina egun, subiranotasun prozesuek “nazionalismoak ezkerrekoak eta barneratzaileak izan daitezkeela erakutsi dute eta gizartearen bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin lan egin dezaketela frogatu”.

Eusko Alkartasunako ordezkariaren ustez, gizarte zibilean oinarri duten gehiengo sozialak antolatzen joan dira eta “independentziaren aldeko diskurtso orokor batetik beste batera pasa dira, gure burua gobernatuko bagenu hobeto biziko ginatekeela esateko”.

Independentzia edo errealitate nazionalen aitorpenaren aldarrikapena oso presente dago Europan, bakarrik bi estatu –Irlanda eta Portugal- baitira homogeneoak nazio ikuspegitik. López de Lacallek alpeetako herriak jarriz ituen eredu bezala -Baviera, Suiza, Aosta, Tirol, Béneto, Lombardía,…- “denek kultur ezaugarriak dituzte komunean”.

Horegatik, EBko estatuek kezkatuta ikusten dute Kataluniak mugimendu baten punta baino ez dela, eta bertan gertatzen denak nazio gabeko estatu guztietan eragingo duela.