Elkarrizketa Argia aldizkarian

EAJren lehendakaria izan zen postfrankismoaren lehen urteetan eta preautonomiaren eta autonomia berriaren lehendakari ere bai. Nazionalismo historikoak jasandako zatiketarik handienaren protagonista eta Eusko Alkartasuna berriaren lehendakari, ondoko urteetan. Carlos Garaikoetxearen kurrikuluma idaztekotan kontuz ibili behar da, edozein herritarrek ezagutzen baitu ongi aski.


Zure liburua argitaratzean ´Euskadi, la transición inacabada. Memorias políticas´ ipini diozu izenburu. Aipatzen duzun mezu hori, hemen trantsizioa burutzeke dagoela, ongi hartzen da alde askotatik. Baina kontrako erreakziorik ere jasoko zenuen, Espainia aldean batik bat…

Alde askotako erreazioak bildu ditut, egia da. Batzuek beren harridura azaldu dute demokrazian aski sakondu ez dela diodalako. Beste batzuek berriz beren adostasun eza azaltzen zidaten egin dizkidaten elkarrizketetan. Baina nire akats askoren artean dago gauza bera esatea hemen eta Madrilen, eta oso garbi diot euskal populuak nahi duena osoki errespetatzen ez den bitartean ez dela demokrazia aski sakondurik egongo. Beste batzuek, noski, bestela pentsatzen dute, Espainiako populuaren iritzia hartu behar dela aintzat bere osotasunean. Eta horretan datza gure gatazka, azken finean.


Eta non dago osatzeke trantsizioa, Euskal Herrian, Estatu espainiar osoan…?

Estatu espainiarrak, Europako gainerakoekin aldera daitekeen konstituzio batekin, lortu duela esango nuke, batez ere aurreko errejimenarekin alderatzen baduzu. ´Razonablemente´ lortu duela diot, perfekzioa ez baita lortzen sekula. Testu konstituzional txukun bat daukazu alde batetik, eta gero bizitza osoa dago. Gizarte mediatiko honetan, adibidez, konpontzeke dagoen gai bat da aukeren berdintasuna ea nola bermatzen den, komunikabideak eta beren jabegoa dauden bezala daudela.

Erlatibizatu beharreko guztia erlatibizatuta, Estatuaren gainerako lurraldeetan -oraindik autogobernu aldarrikapenak zutik dituen Katalunia eta era ez hain gogorrean Galizia, bi horiek kenduta- trantsizioa nahiko txukun burutu zela esan daiteke. Jende askok eman behar izan zuen amore bide horretan, inboluzio bat gerta ez zedin pragmatismo esfortzu handia eginez. Errepublikanoek Erregetza irentsi zuten. Beste batzuek beste gauzak. Denborarekin gai horietako asko berriro azaleratuko dira.


Esango dizute, seguru esan dizutela jadanik, Euskal Herriko batek baino gehiagok: gizona, oraindik zintzilik baldin badago, bere garaian lotu zenezaketen ondo trantsizio hori, ezta?

Bai, baina gure herri honetan une orotan gogorarazi beharko genuke arazoa ez dela hainbeste zer lortu behar den esatea baizik eta nola egin behar den. Hor dago koska. Helburu politikoak planteatzea erraza da, erdaraz esaten den bezala ´echar un brindis al sol´. Baina nola iristen da helburu horietara? Eta nola egiten da aurrera, atzeraka egin gabe? Urte haietan aurrera egiteko ordez atzera egitea posible zela edonork ikus zezakeen, eta frogarik onena 1981eko otsailaren 23an ikusi zen, kolpearekin.

Erreforma-haustura dilema famatua askatu beharra zegoen, nahiz eta gero ikusi zen praktikan bereizketa hori ez zela hain transzendentala. Hori bai, ikusteke zegoen ea erreformak hausturak lortu nahi zituen aldaketetaraino eramango gintuen. Baina hemen arazoak askoz ere larriagoak ziren: erreazioaren indarrak alde batetik, ´sableak´, militarrak, eta aldaketarik nahi ez zutenak; eta horiei sistema demokratiko batek buruhausteak ematen bazizkien, nazionalisten eskakizunek beren onetatik ateratzen zituzten, eta nazionalismoaren kontrako erreazioak inboluzio bat eragin zezakeen. Une hartan solidarioak izan ginen, harrotasunez esan dezakegu, gure aurreko milaka borrokalarik egindakoari zor geniolako.

Bestalde, gure herria deuseztatua zegoen, alor guztietan, ekonomian, kulturan, hizkuntzan. Lapurreta basati bat nozitua genuen. Orain jendea ez da gogoratzen, baina orduan euskal herritar batek ordaintzen zituen 10 pezetetatik 3 baino ez ziren itzultzen honantza. Bitartean, oinarrizko industria guztia hondoratzen ari zen, azpiegituretan zeuden defizitak ikaragarriak ziren, kultura basamortua zen, euskara irakaskuntza eta komunikabideetatik kanpo… Herriari zutoin batzuk ipini behar zitzaizkion, eta hori izan zen Estatutuaren esanahia.


Estatutuaren inguruan jarrera kontrajarriak egon zirela jakina da eta igoal ez du merezi hemen horretan asko luzatzea. Dena dela, zure orduko alderdian, EAJn, matizak izango ziren horren aurrean…

EAJk 1977an egin zuen biltzar nagusi bat Iruñean. Aurretik klandestinitatean txostenak eztabaidatu genituen. Amaia pabilioian, gauza hauetaz eztabaidan ari ginela, hango bat zutitu eta esan zuen: ´Egin bedi protokolo sekretu bat garbi adieraziz alderdi hau independentista dela´. Eztabaidak izan ziren, baina niretzat garbi zegoen alderdiaren helburu bat independentzia zela. Bigarrenik, Estatutua aurrera egiteko estrategian kokatzen zen. Eta hirugarrenik, bazen ponentzia bat alderdia ez sozialdemokratatzat, sozialistatzat definitzen zuena: nazionalizatu zitekeen guztia nazionalizatzen zuen ponentzia hark. Orduan gure injenuotasunean esaten genituen gauza horiek ez dituzte gaur alderdi sozialistek ere mantentzen. Baina gauza horiengatik nintzen ni alderdikoa eta orduan hautatu ninduten alderdiko Lehendakari. Denborarekin, alderdi hartako pertsona eta sektore batzuek ideia horiek alde batera utzi zituztela, zuk aditzera ematen duzun bezala? Hori beste kontu bat da. Baina batzuek gauzok beti eduki ditugu oso argi.

Lurraldetasunaren kontua da bestea, niretzako gai nagusia. Hori lortzea denbora kontua izango zela ikusten genuen, gure nortasuna eta interesak defendatzeko autogobernu maila egokia lortzen bagenuen. Eta, aldi berean, zatiketa irrebertsible bat ezingo genuen onartu inondik inora.


Lurraldetasuna Hegoalde mailan lotzeko aukera galdu bat aipatzen duzu zuk, garai horietaz ari zarela.

Politika pragmatiko bat eginez, aukera hori Nafarroako Alderdi Sozialistak eskaintzen zuen garai hartan. Hegoaldeko lau euskal lurraldeetarako Itun Autonomikoa sinatzeko konpromisoa hartu zuten sozialistek. Eta nahi bada eta ez bada, hori izan da lurraldetasun aldetik 1931tik egin den hurbilketa bakarra. Gainerako guztia boluntarismo hutsa da, Nafarroa dagoen bezala egonda. Zer gertatu zen? D´Hont legeak galarazi zuen Nafarroan Itun Autonomikoak Nafarroan gehiengoa lortzea, eta hori lortu izan bagenu martxan jarriko genuen Hegoalde osoan Estatutua ezartzeko aukera, erabakia herrialdeka hartu behar baitzen.

Orduan batzuek garrantzi gabekotzat jo zuten baina Estatutuak badu bere sarreran euskal komunitate berezko baten definizioa, esaten duenean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroak badutela komunitate politiko bat osatzeko eskubidea eta beren herritarren erabakiaren mende dagoela. Agian gaur gehiago apreziatzen da holako adierazpen bat. Baina zoritxarra iritsi zitzaion berriro herri honi, azken mendeotako bere hiru zoritxarretako bat. Lehen aukera galdua 1839an gertatu zen, foruak kendu zizkigutenean: lau diputazioak joan ziren negoziatzera Madrilera eta orduan ere Nafarroako ordezkariak aldendu egin ziren beste hiru herrialdekoetatik halamoduzko konponketa batera iristeko, elkarrekin konponbide bateratu bat lortzeko modua zegoenean.

Bigarren aukera galdua 1931n gertatu zen, Lizarrako Estatutuarekin, eta hor eskuin tradizionalistak traizionatu gintuen. Hirugarren aukera eta hirugarren galera 1981ean gertatu zen, eta hor ezker espainiarrak egin zigun traizioa. Ez zegoen aurreikusia ezkerrak traizioa egingo zigula, boto gutxiagorekin eskuinak eskainu gehiago aterako zuela, eta abar. Baina inor ez da inoiz lurraldetasuna eskuratzetik hain gertu egon.


Trantsizioaren kontu hori errematatzeko, esan al dezakezu trantsizioaren zein unetan gauden? Eta norantz goaz trantsizio honetan?

Esan izan balidate Euskal Herria aipatu ditugun alorretan gaur non egongo zen, berdin tiroei dagokienean, edo Espainiako gobernuaren jarrera, gurekiko harremanetan aurreko gobernuetatik atzera pausoak eman dituena… ez nuen sinetsiko. Baina atzerakadak eta eskandaluak gorabehera, begira gaur zertaz hitz egiten den: erreferendumaz, subiranotasunaz, marko politikoa gainditzeaz. Hizkera hori duela 20 urte anatema zen. Pragmatismo politikoz noraino iritsi zitekeen ondo neurtu behar zen aldioro, dena pikutara joan ez zedin. Nola ez dut baloratuko aldaketa nik, Eusko Alkartasunakoa izanik, orain -espero dezagun 18 hilabete barru gauza bera izatea- EAJ dagoen posizioetan egotea, paperean bederen? Duela hamar urte eskas Jaurlaritzatik bota gintuzten gure zinegotzi batzuek udaletan independentziaren aldeko mozioak aurkeztu zituztelako? Aurrera egin dugu, dudarik gabe.

Ez da ahaztu behar 77an UCDk hemen irabazi zuela lehen hauteskunde orokorretan! Nazio askapen prozesurik ez da kontzientzia kolektibo sendo bat gabe, eta horretan asko aurreratu dugu. Lurraldetasunean aldiz atzera egin dugu, eraketa instituzionalean bide diberjente bat eraman delako. Otano eskandalu famatua gertatu ez balitz, orduan Iruñean zegoen hiruko gobernuarekin, erakundetze diberjente hori aldatu ahal izango genuen. EAE eta Nafarroaren arteko erakunde amankomunaren aukera zegoen bidean. Ikusi besterik ez dago nola asaldatu ziren kontrakoak.

Gurea bezalako prozesuetan gorabehera asko izaten dira eta gaur une oso baxu batean ari gara bizitzen. Nafarroan gaur eskuin basatiena ari da agintzen. Ez dakit munduko baina bai gure inguruko eskuinik montarazena. Antieuskalduntasuna bere erreazionarismoaren atal bat da. Honetan atzera egin dugu, baina gerta daiteke koiunturala indar abertzale eta aurrerakoiak argitasun politikoa edukitzeko gai baldin bagara. Hauteskundeetan erakutsi behar dugu hori, ez da beste biderik.


Zuk aipatzen duzu zure anekdota pertsonal bat 1972tik 1978ra artean abertzaleen artean elkar ulertze minimo batetik -eta zenbaitetan konplizitatetik- elkar ezin ikusira nola pasa zen ilustratzeko. Urruntze hori Lizarra-Garazi eta ETAren tregua garaietaraino luzatu zen eta…

Tamalez, ahulak handiarekin borroka egin behar duenean, politikan dagoen gairik zailenarekin egiten du topo: erabaki behar da non dagoen errealismo politikoaren listoia, nik nolabait ´politikagintza´ ondradua deitu dudana egin eta aurrera egiteko. Hori da zailena. Gure herriak, askapen prozesuan diren gainerakoek bezala, bere gainean dauka drama hori: handiaren kontra aurrera egiteko ahulak daukan armarik onena astuzia da, eta hor non ipintzen da errealismoaren listoia? Talabani kurduarekin egona naiz eta Barzaniren kontra ari zen borrokan hil ala bizi, bitartean herria odolusten zeukatela… eta arazo bera zeukaten.

Horretaz ohartu behar dugu eta estatu gizonen ikuspegia eduki, zuhaitzaren adarren gainetik begiratu eta ohartu elkarren kontra ari bagara antzeko egoeran ari diren herriak bezala ari garela. Topiko bat dirudi, baina egon naizen instituzioetatik beti aldarrikatu dut negoziazioa irtenbide bakartzat.

1977ko hausturaz dudan iritzia liburuan ipinia dut. Hauteskundeetan ez aurkeztea -beste abertzale batzuek egin zuten bezala- guretzako katastrofe bat izango zen, besteei zelai osoa uztea, eta gainera Estatuaren indarrek ikusi dugu zer egiten duten aginte osoa hartzen dutenean, dena kixkali. Komunikabide guztiak eskuetan zituztela gainera, sekulako garun garbiketa egingo zuten populazioaren artean.


Hausturaren beste aldean gelditu ziren abertzaleekin hitz egingo zenuen honetaz. Zer esan dizute haiek? Zeren eta zu urte haietan abertzaleen arteko zati horretako gizonik nabarmenena izan zinen.

Bai, baina ni Madrilera nindoan eta esaten nuen KAS alternatiba onargarria zela. Ikusi zer esan nuen Suarezekin elkarrizketatzen egon ondoren. Autodeterminazioa aipatzen nuen. ´Estatutua bitarteko bat da´ esan nuen nik beti. Gero, urteak pasata joan zen Ardanza Siglo XXI Club famatura eta esan zuen: ´Euskal Herria engainatzen du Estatutua helburu bat ez baina bitarteko bat dela esaten duenak´. EAEko politikan inflexio puntu bat markatu zuen horrek. Agintearen tentaldietako bat hori baita: bizkar gainean eramango zaituzte, indar handiek nahi dutena esaten baduzu, sekulako indarra duten komunikabide handiak barne.


Lizarra-Garaziko prozesuan ´besteekin´ ere hitz egiteko aukera izango zenuten, eta ez dakit erraza izango zen haserrezko historia luze horretaz kontsentsuetara iristea…

Denetik izan da. Baina esaten dutenari erreparatu behar zaio. Haietako buru batzuk Aralarren daude, adibidez. Eta zer diote? Instituzioetan parte hartzea, erradikalismo demokratikoa nazio eskubideak aldarrikatzeko, giza eskubideak, ez biolentziarik, nafartarren borondatea errespetatzea. Zer besterik esan du Eusko Alkartasunak 1986tik? Gure estatutuen lehen artikulutik gainera: ´Autodeterminazio eskubidea euskal estatu independiente bat osatzeko´.

Aralarreko buru ezagun batekin egin nuen topo duela gutxi eta han zegoen beste lagun bati esan nion: ´Begira, hauek gure posizioetara etorri dira urtetan gu chupa dómine erabili ondoan´. Eta berak: ´Tempo politikoari erreparatu behar zaio´ esan zuen. ´Tempoa´, bai, baina 17 urte beranduago guk esandakoak esatera. Berak beste zerbait esan nahiko zuen, ´gauza bakoitza bere garaian´ edo holako zerbait.

Beste batzuek berean segitzen dute. Esango dizute lurraldetasuna kontsulta berezi batekin ezin dela erabaki. ETA hauteskunde garaiko agirian lurralde bakarraz mintzatu zen, Baionatik Ablitasera…


Hala ere, ez dakit nola eraiki ahal izango duzuen etxe berri bat orain arte gertatutakoez… ez dut esango ados jarri baina elkarrekin baloratu gabe. Eta ez naiz zauriak sendatzeaz ari.

Begira, politikan zauriak azkar sendatzen dira. Zauriak sendatzeko zaila daukaten bakarrak galera konponezinak izan dituztenak dira. Hori da heriotzaren arazoa, eta borroka armatuak ondorio hori ekartzen du. Gainerakoan, politikan halako labankadak jaso eta sekula gehiago eskua emango ez zeniola esaten zenuenarekin akordioetara iristen zara hala izan behar badu, eta beharrezkoa bada elkarrekin barre egin ere bai.

Zailagoa da elkarri sinestera iristea. Eta guk 1998an sinestu egin genuen. Gure jendea ETAko jendearekin bildu zenean, guk uste genuen oreka zaileko baina nik ´pultsu fina´ deitzen dudan horrekin gidatuz gero bide zuzenetik joango zela. Baina espainiarrek ere ikusi zuten. Eta ez da kasualitatea ondoren gertatu den guztia. Gurutzada espainiarra harrez geroztik piztu zen. Belarria ikusi zioten otsoari, gehiengo abertzaleak posible zirela instituzioetan elkarrekin azaltzeko gai izango zirenak, eta hori da mundu osoan baloratzen dena. Une horretan pizten dituzte espainolek beren propaganda aparato guztiak, eta hasten da erasoa. Tamalez, denek ikusi zuten, ETAk salbu.

1977ko frakasoaz geroztik, ETAk tregua hautsi izana da nik gogoratzen dudan frakasorik gogorrena.

Lizarra-Garazi prozesua alderdi ezberdinen maila batzuetan komunikazio berri bat lortu zela zirudien, baina agian esan genezake aldaketa ez zela alderdi eta mugimenduen oinarrietaraino jaitsi. Ez al zen izan hori hainbesterainoko espektatibak sortu zituen prozesua hondoratzeko joateko erabakigarria?

Ez dut uste. Une haietan, drama honetan protagonista garenon ilusioa zegoen eta ´motoak bezala´ jarri ginela dudarik ez daukat. Eta bide horretan jarraitu behar genuela era sintzero batean sinesten genuen. Baina gero dator lehen aipatu dizudan ´pultsu fin´ hori.

Guretzat hain da elementala, nola ezin gara ados jarri gai honetan? Mundura atera zaitez eta esan ezazu ´tortura kasu batzuetan erabiltzea zilegi da, hor daukazu ez dakit zenbat emakume hil eta bortxatu dituen halako, eta hura aurkitzeko behar balitz, erabili egin beharko litzateke´. Nola defendatuko duzu tortura, gizona? Bada, gizaki bati buruan tiro ematea, askoz larriagoa da. Guretzat hala da. Baina zoaz Europara!

ETAren menia zergatik hautsi zen? Uriarte gotzainak erdibanatu egin zituen erruak, batzuen intrantsijentzia eta besteen inmobilismoa, esan zuen. ETAren munduak hemengo egoera politikoaren perspektiba errealista falta izan zuen. Eta, dudarik gabe, Aznar ikaratu egin zuelako hemen gehiengo instituzional berriak sortzeko posibilitateak.

Zuk ´harilkatze fina´ deitzen duzun horri segituz, prozesu horren hasieran zeundeten hiru parteak ados egongo zineten aurrerantzean oihala josteko bideaz, ala ez?

Haria egin beharra zegoen. ETAk dio: ados gaude subiranotasun eta lurraldetasunera eramango duen nazio eraikuntza prozesu batean parte hartzeko. Noski, nola ez gara denok ados egongo? Horretarako akordio preferente bat daukagu alderdi nazionalen artean… hori ere nork ukatuko du, nahiz eta batzuek hori eskluientea dela esan, hemen nor ez da nahi duenarekin elkartzen nahi duenerako? Guzti hori ondo dago.

Baina guk ETAri berak bidalitako paperaren atzean erantsi beharreko zenbait puntu ipini genizkion, hau erantzunik gabe geratu zen eta horregatik akordioa ez zen burutu, nik oso garbi esan dut hori beti. Zer esaten genion? Oinarrizko gauzak. Hasteko, prozesu hori egunez egun elkarrekin epaitu beharko dugu. Bigarrenik, beharrezkoa bada egoeraren batean edo instituzio batean nazionalista ez den indar batekin kontatu behar baldin bada, egin egin beharko da. Nola ez dugu esango hori? Nafarroan EAErekiko konberjentzia aukera bakarrak sozialistekin lan egiteak eskaintzen zizkigun. Denborak erakutsi du Ezker Batua izan dela prozesu soberanista batera igotzeko gai izan den bakarra, ikusiko dugu ea atxikitzen duen. Eta hirugarrenik, giza eskubideen errespetua edozer gertatzen dela ere. Guzti honi ez zion ETAk erantzun.

Helburuak zehaztea erraza da. Gure emazteak beti holakoetan aspaldiko esaldi bat gogoratzen du: 1977an-edo Lazkaoko barnetegian geundelarik (Dionisio Amundarainekin eta) bere gelan politika ateratzen bazen eta ´baina hori nola lortuko dugu?´galdetzen bazuen norbaitek, ba omen zen bat beti ´Independentzia eta kito!´ esaten zuena. LAIAkoa, ez dakit LAIA-Bai edo LAIA-Ezekoa, herri honek denetarako aukerak sortu ditu eta. Arazoa da hori egunetik egunera nola egiten den.

Beharbada akordio hartan fintzeko gai gehiegi zeudela eta hurrengo batean hitzarmen zehatzago batera iritsi beharko duzue…

Baina orduan ere oso gauza zehatzak lotzen ari ginen. Ez ezazu ahaztu Herri Batasunarekin legealdi itun bat sinatu genuela. Oraindik ere irakurtzekoa da itun hura, denetik eta asko esaten baita han. Bortizkeria oro desegiteko ahalegin guztiak egingo direla esaten da, adibidez. Eta askoz gauza gehiago. Eta dena porrotera joan zenean, HBko ordezkariak ere gu bezain ´moztuta´ geratu zirela esango nuke. Hau, noski, espekulazioaren alorrean sartzea da.

Prozesua biren artean hautsi zuten, nire ustez. Espainolek haurra erdituta bezainbeste lasaitu ziren tregua hautsi zenean. ´Nazionalismoa hautsi da berriro, eta bortizkeriaren aitzakiarekin bozala ipiniko diegu laster´ pentsatu bide zuten. Eta bestetik, ETAk hautsi zuen. Zeren eta edo EHko gure solaskideak sekulako aktoreak ziren -eta ez dut uste- edo gu bezain triste eta hunkiturik zeuden une larri haietan. Erabaki dutenen lehen arazoa, nire ustez, errealitatetik urrun egotea da. Eta beren inguruko inor ez da izan nonbait ez haiei kontra egiteko -hori gehiegi eskatzea litzateke- baizik haiek konbentzitzeko ere gai. Bestalde, ziurrenik tregua oso gauza eztabaidatua izango zen lehendik ere, eta frogarik onena zera duzu, ondoren etorri zen aldaketa saila.

Aurretik, Lizarra-Garazi eta ETAren tregua baino lehen, beste saioak ezagutu dituzu eta horietakoren batean protagonista izan ere bai, 1984eko Bakearen Mahai hartan. Nola baloratzen dituzu denak, elkarren artean alderatuta?

Egia esan, inportanteena hau izango zela uste nuen. Borroka armatuaren abantaila eta batik bat kalteen esperientzia luzea dago, jendearen nekea… Eta aukera garrantzizko hau azaldu zen. Beste aldetik, ETAren esplikazioa dago: bere biraketa estrategikoa esplikatu egin zuen ETAk, ´Madril edo Parisek esango dutenak berdin dit´ esan zuen hitz bitan ´abertzaleen arteko adostasuna dagoenez gero´. Jakina, hori esan bai, baina korrika joan zen Zuricheko zitara Aznarrek bidaliekin egotera, oso logikoa den bezala, bestalde, zeren eta denok dakigu gauza batzuk esaten direla baina gero beste gauzak egitean beste aldera begiratzen dela. ´Pultsu fina´k hori ere kontuan eduki behar du. Gu kaiku batzuk izango ginen ETArengana joan eta esan izan bagenio: ´Jode, zuek Madrilekin zer hitz eginik ez duzuela esan eta zertan ari zarete Zurichen Arriola -begira zein famatua egin den gero-, Martí Fluxa eta Bizkaiko azken gobernadorea izan zenaren seme Zarzalejosekin?´. Baina tonto aurpegia jartzen duzu eta ´bueno, aurrera badoaz eta zerbait gehiago konpontzen badute, hori hobeto´ pentsatzen duzu.

Aljerreko saiotik erabat ezberdina zen. Orduan Murtziako delegatua, Vera eta abarrekin egin zituzten bilerak. Baina hori beste negoziaketa mota bat zen, oso ezberdina. Aljerrekoan nik ez dut uste askorik aurreratu zutenik. Dakigunetik, asko hitz egin zuten historiaz-eta, baina prolegomenoetatik ez ziren pasatu. Nik garbi daukat, eta liburuan hala diot, Madrilena izan zela aurretik adostu zuten komunikatzeko era hautsi izanaren erantzukizuna. Esan behar da EAJ ere jeloskor jarri zela, Madril eta ETAren arteko saltsan parterik ez zeukalako. Guk, aldiz, uste genuen zerbait aurreratzen bazen mesederako izango zela, etorriko zela zerbait adosten bazuten hori errefrendatzeko unea, eta guk ez genituela gurpilen aurrean harriak jarriko.

1984koa oso beste maila batekoa izan zen. Gauzak ere ez zeuden handik 14 urtera bezain helduak… eta nik ere ez nekien ia hogei urte geroago dakidan guztia. Bitartekoen bidez ekarri genituen HBko ordezkariak Ajuria Enera, PSOEkoak ere sartu genituen asuntoan kasik belarritik tiraka… Zeren eta ikusi behar zenuen Danborenea baten jarrera. Baina onartu zuten. Feliperekin ere hitz egin nuen gaiaz, eta egiten uzten zuen. Baina berde zeuden gauzak. Noraino iritsiko ginen hautsi ez balitz?

Batek daki. Zeren eta, kontuz, e! Sozialistak hauteskunde haietan gaur ez bezalako egitarau batekin aurkeztu zirela ez ahaztu: haien orduko programan, segurantza soziala Euskadirena zen, enplegua Euskadirena zen, ikerketa Euskadirena zen… Plataforma horretatik abiatzen ginen, sozialistek beren egitarauan zeuzkaten eta. Jende argiarekin eta aurrekari horiekin, saiatzea behintzat merezi zuen. Baina gauzak berde zeuden… eta hain berde. ETAren bonba bat Bilboko Banco de Vizcayan, han lanean ari ziren batzuk hil zituzten eta sozialistek esan zuten ´hemendik bagoaz ziztu betean´. Hala ere oraindik saiatu ginen konpontzen. Ez, ez, 1998ak beste maila bat izan zuen.


Gatazkaren luzatze honetan, zer nolako garrantzia dauka torturak jarraitzeak? Eskema politikoak hor daude, baina gero pertsonak daude eta samina.

Biktimak aipatu ditudanean guztiez ari nintzen, torturatuez ere bai noski.


Torturak badaudela begibistakoa da, eta txokante ere egiten da. Europan ez da beste inon holakorik gertatzen.

Tortura badago, dudarik gabe. Baina Europan ere bai, e? Begiratu Alemanian, sozialdemokrazia eta kristau demokraziaren Alemanian, Baader Mehinoff-ekoak ´suizidatu´ egin zituzten. Egoera larri baten aurrean, Europako demokrazia finek ere jotzen dute torturara, ez dut esango era orokortu batean.

Baina Espainian tortura badago, besterik da hori frogatzeko modurik baden, hori baita torturaren ezaugarrietako bat. Zer gertatzen da? Espainian jende asko dagoela ´demokraziazko irakinaldi´ baten beharrean dagoena, bai polizia, bai juez edo forense. Eta honek ikaragarri gaiztotzen du gatazka.


Hemen bezala hogei gazte hartu eta ´boltsa´ famatua aplikatu, beste emakume horri diti muturretan alikateak erabili, bejazio sexualak… ez da normala. Eta ez da efikazia polizialaren aldetik logikoa ere. Zer dela eta segitzen dute orduan bide horretan?

Tortura salatu behar da berez, basakeria bat delako. Hortik abiatu behar da. Eta beste aldetik, zuk esaten duzuna dago, zertarako eta zergatik erabiltzen den. Nire ustez, gorroto espirala elikatzean baino gehiago polizi jokabide okerretan oinarritzen da tortura hemen. Estatuak badu aski tresna, bere 700 telebistekin eta horietan lan egiten duten zuen lankideekin, zer nezesidade daukazu polizia bat torturak egiten harrapatzeko arriskuan erabiltzeko? Begira Galindo eta besteena. Estatua ere bere akatsetatik ari da ikasten, sozialistek adibidez behatzak eta zerbait gehiago harrapatu baitzuten hor. Orain gehiago pentsatuko dute seguruenik. Baina hor segitzen du torturak. Eta bere biktimak.


Sozialistak aipatzen dituzu behin eta berriro, eta alde horretara eramango nuke elkarrizketa orain. Hogei urteotan gertatu direnen errudun nagusienetako bezala sozialistak aipatzen dituzu, eta aldi berean horien beharra daukagula.

Alderdi Sozialistarekin abantaila da -eta arazoa- da eskuina baino askoz malguagoa dela. Eskuina egoskorragoa da. Sozialistek egun batean autodeterminazioaren aldeko pankarta aterako dizute eta handik urte batzuetara alderantzizkoa esango, ´lehen oker nengoen eta!´ esan eta lasai asko gelditzen dira. Lurraldetasunarekin gauza bera gertatzen da. Nafarroako sozialisten banaketa kongresua hementxe egin zen, Iruñean -orduan PSEren barruan zeuden nafartarrak ere- Benegasek deitzen zidan eta eskatzen zidan ´emaidazu ideia bat, ea hau aldatzea lortzen dudan´. Eta nik aholkatu nion eskema konfederal bat aurkeztea. Baina Alderdi Sozialistak hauteskunde kopurutan egin zituen kalkuluak. Ikusi zuen ´Diario de Navarra´ eta eskuina atzetik zirikan hasi zitzaizkiola, navarrismoaren alorrean ipiniz jokoa, eta PSOEk traizioa egin zien hartutako konpromisoei, Arbeloa eta beste batzuen bultzadarekin.

Gero autokritikarik ez dute egin. Ez digute barkamenik eskatu hiruko gobernua hondoratu zutelako! Otanoren izenean Suizan kontu famatu hura aurkitu zutelako, goizetik gauera gobernua suntsituta aurkitu ginen. Uste al duzu sekula ´dolu dugu´ esan digutenik? Alderantziz, harropuzkeria berarekin jarraitzen dute ´nazionalismo baztertzaileen aurka´ borrokan, gure ideien balizko anakronismoa aipatuz.


Eta aldi berean, sozialisten beharra ikusten duzu…

Gaur gaurkoz Nafarroan, gure helburuak lortzeko ziklo historikoa guk bakarka eginda baino bost aldiz azkarrago burutu nahi badugu, sozialistek eskaintzen dute norabide onean zerbait egiteko espektatiba bakarra. Baina gaur PSOE hemen, Estatu osoan bezala, Alderdi Popularrarekin norgehiagokan burubelarri murgilduta dago, ea nor den antinazionalistagoa, ea nor den bortitzagoa gure kontra, ea euskararen edo euskaltasun kutsua duen ororen kontra nork altxatzen duen gorago besoa… Ez da baikor izateko momentua.


EAEko sozialistak ere ondo ezagutzen dituzu.

A, bueno, horiek Nafarroaren gaia gainditutzat daukate, fait accompli, eta beren erreakzioa une honetan da ´ez hasi hemen alboko komunitate baten kontuekin´. Baina zuhaitzen adarrek ez digute galerazi behar urrunago begiratzea, estatu ikuspegi bat behar da. Nik ez dut baztertu nahi eszenario hau: PSOEko lehendakari bat Madrilgo gobernuan, gure gatazkari irtenbide negoziatu eta zibilizatu bat eman nahi diona. Nafarroa eta EAE artean halako konfederazio harreman bat eman daitekeenik onartzea astakeria bat al da akaso? Gure arteko harremanak kontuan hartuta hain aberrantea al da harreman mota bat planteatzea, nahiz eta hori ez izan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak beren artean dituzten neurri berekoa?

Une handietan hartzen dira erabaki handienak. PCE legeztatzea, edo Frantziaren kasuan Aljeriari independentzia ematea, erabaki horiek oso latzak izan dira onartu dituzten estatu gizonentzako. Ez naiz hasiko PSOEren apologia egiten, baina ezagutu ditut gurekin lanean Euskal Kontseilu Nagusian, ikusi dut Juan Iglesias bat haur bat bezala negarrez PSEtik nafartarrek alde egin zutelako… Zergatik ez da azalduko PSOEn estatu gizon bat?


Lurraldetasuna da zuretzako arazo nagusia.

Dudarik gabe. Hori da min handiena eragiten didana behintzat. UCDren garaietan ere hori izan zen gure bataila nagusia. Eta horregatik hautsi zen UCD. Estatutuaren negoziaketa garai hartan UCDko diputatu bat ikusi dut negarrez gai hau dela eta, edo Aizpun bat bileratik ero moduan irtetea… Zergatik, eta Gernikako Estatutuan beste hiru probintzien eskubide guztiarekin Nafarroa ere egon daitekeela esaten zelako. Borrokarik gogorrenak gai honen inguruan egin genituen, nahiz eta orain batzuek besterik esan.

Lurraldetasuna eta subiranotasuna ez dira oso ondo ezkontzen. Aingeru Epalzak duela gutxi idatzia du holako zerbait: ´EAE zenbat eta subiranoago, Nafarroa orduan eta urrunago´.

Hor badago arazo bat, bai. Niri ere galdera egingo bazenit ´zer ipintzen duzu denboran aurretik, lehenik lurraldetasuna ala subiranotasun osoa?´, garbi erantzungo nizuke: lurraldetasuna. Konponduko gara, autogobernu maila bat ere badugu, gaur baino hobeto funtzionatu dezakegu (hemen behintzat, Nafarroan, gaur ditugun astakirten hauekin baino hobeto funtzionatu daiteke). Baina hori ameskeria da. Planteatzen zaiguna, errealitatean, 1978an azaldu zitzaigun gai bera da: dena paralizatuko dugu norbaiten aztikeriaz lurraldetasuna konpondu arte? Logikoa eta arrazoizkoa da hori egitea? Ala erabakitzen dugu ez daukagula eskubiderik dena paralizaturik edukitzeko non eta gure herritarren %75etik gora bizi den lurraldean, eta ondorioz saiatuko gara hor aurrera egiten eta hori bihurtzen Euskal Herri osoarentzako vis atractiva hori?


Bigarrenarekin erantzun duzu, noski.

Hala erabaki genuen Estatutoa eztabaidatu zenean ere. Negoziatu genuenean, guk esan genuen: Nafarroak beste lurraldeek bezala izango du sartzeko eskubidea. Bigarren fase batean, eskuinak -Nafarroako eskuina gogor ari zen zirikatzen- Nafarroa beste hiru lurraldeekin elkartzeko erreferendumean botoemaileen 3/4ek hala erabakitzea proposatu zuen, gero 2/3… Ajuriagerra eta Agirrerekin nengoen, eta hauek Errepublikaren erreferentzia zuten. Telesforo berari esan izan nion, halako saltsak antolatzen zizkigun gizon hari: «aizu, Telesforo, zuek eduki zenuten Estatutoak hiru probintziak zituen, eta hartan Nafarroa Soria bezala zen gero, herritarren 2/3ek eman behar zuten botoa».

Espainiarrek eta navarristek Errepublikako eskema nahi zuten negoziatu. Baina ez, guk garbi esan genuen beti egongo zela hor aukera permanente bat. Normalizazio definitibo baterako formula bat negoziatzen bada eta hartara ezin badira une horretan lurralde guztiak igo -ingelesek ondo esaten duten bezala, astoa eraman dezakezu askaraino baina edatera behartu ez- beti negoziatu behar dena da aukera hori beti zabalik egotea. Hor ezin da egin urratsik atzera. Estatutuak berak komunitate natural euskaldun bat ezagutzen baitu. Komunitate nazionala bera zirriborrotua dago. Komunitate politikoak, aldiz, borondate ekintza eskatzen baitu. Orain, unea datorrenean ikusiko duzu, lanak emango dituen gaia izango da.


Ibarretxeren planak ondo biltzen al du zuretzako gai hau?

Ez da hola-hola sortutako plana, e? Hori aurrera ateratzeko, hiru alderdi gaude hor, eta Eusko Alkartasunaren plana dela ere esan dezakegu, gure liburua gorrian hor daukazu. Orain, lehendakari batek, Jaurlaritzak, gaur esan dezakeena biltzen du. Fase berri batera goaz: hitzarmen libreko fase bat, Estatuarekin harreman kuasi-konfederal batean edo elkartze libreko harremanean mamituko dena. Baina, jakina, erabakitze librearen printzipioaren gainean. Hori sartu baigenuen hauteskunde programan, ondo behartuta. Eta orain arte Ibarretxe ohorez ari da betetzen programa.

Lurraldetasuna aipatzean, Nafarroa eta Iparraldekoak ere aipatu ditu, eta horrek jarri ditu batzuk erotzeko zorian. Ez dio inori esaten zer egin behar duen, zein aukera duen baizik, libreki erabakitzeko eskubidez. Eta horregatik ematen dugu, besteren artean, ontzat plan hau. Gure idazkari nagusiak, adibidez, Roman Suduperen kasuan garbi esan du: ezin da gure hautagaia izan Donostian Ibarretxeren plana itxuraldatuta interpretatzen duelako. Plan hau dena da, ez besterik: elkartze librea, erabakitze librea.


Egia esan, bakarrik gelditu zarete hiru alderdiok. Hasieran behintzat, bakarrik.

Ez da lehen momentua ni gehien kezkatzen nauena. Otegi txaloka hasiko ez dela badakit, adibidez, egoera den bezalakoa baita. Inporta zaidana da batean eta bestean hori analizatzen eta bere bidea egiten hastea. Espainiako eskuina hortik joango den itxaropenik ez daukat. Sozialistez ere esperantza handiegirik ez daukat… baina kontu! 25 urteotako saltsa honetan, zenbat aldiz ikusi dugu hainbat agintari ´ez da negoziatzen, eta ez da sekula negoziatuko!´ bitartean atzetik negoziatzen ari zirenean. Gaurkoz, eta Aznar buru duen eskuin frankista honekin, ez dago horretarako girorik.

Baina ni beste gauza batek kezkatzen nau: hamabi hilabete barru hau Eusko Legebiltzarrera eraman eta han bozketan galtzea, zergatik eta Sozialista Abertzaleak taldekoek kontrako botoa eman dutelako. Orduan bai egin dugula ederra.


Ezker Abertzaleari begira egindako proposamena dela ari zara ematen aditzera?

Begira, funtsean alderdi abertzale batzuek defenditzen duten plan bat delarik, eta baita ere -hau garbi esan behar da- egiten ari zaizkieten guztiak egin eta hala ere atxikitzen ari diren Ezker Batuko kideek defenditua, meritu oso handiz… azken finean autodeterminazio eskubidea defenditzen den plan bat izanik, egoera normal batean, iaz adibidez, Batasunako kideek onartu egingo zuten. Urteotan gure artean hitz egin dugun guztiarekin? Dudarik gabe. Gainera gaurko egoeratik abiatuta halako aurrerapausoa planteatzen denean, ia estatu egitura oso bat proposatzen da eta!

Lurraldetasunaren arazoa? Norbaitek erakusten baldin badit ez helburua -horretan bat gatoz eta- baizik eta horretara hurbiltzeko beste bide bat… Baionan eta Ablitasen aldi berean hauteskundeak egiteko proposamen hura baino zerbait errealistagoa beharko du. Hemen gureganatu behar ditugu jendeen borondateak. Bisionarioak garela? Sabino Arana Larrazabalen hogeitalau lagun haiekin bildu zenean, nork esan behar zuen gauzak honaino iritsiko zirenik? Zaila bada, baina ez ezinezkoa.

Oso inportantea izango da Batasunaren munduan gertatuko dena. Abertzale Sozialistek gainera esan dute ez dutela gehiago joko abstentziora, edo bai edo ez. Eta kontra jartzen badira… baboarena egina izango dugu berriro. Baina mundu horretan gauzen berraztertze bat gertatuko den konfidantza daukat. Honek ordea denon artean joko arau berdinak adostea ekarri behar du berekin, eta honetan ere betikoan gaude.


Bueno, eta zer egin ondorengo hilabeteotan?

Nik zer egingo nukeen esango dizut: plana gehiengo sinplez atera Eusko Legebiltzarrean, hori da eta posible den leku bakarra. Jainkoagatik, ez ote da hau galduko abertzaletasunaren sektore batek kontra bozkatzen duelako! Horren ondoren, herri kontsulta. Berdin zait binkulantea dela edo ez dela dioten, gu herriak hautatuak gara eta nik bere borondatea moral eta politikoki binkulantetzat edukiko dut. Eta Legebiltzarrak onartua Espainian atzera botatzen badute hemen gutxiengo direnek, proposatzen dut Legebiltzarrean itxi daitezela parlamentariak -Lituanian Langsbergisek egin zuen legez- dei egin diezaietela munduko parlamentu eta erakunde nagusi guztiei, gure herri ordezkaritza zapaltzen digutela jakin dezan mundu guztiak. Orduan hasten da gatazka politikoa, konfrontazio politikoa planteatuta dago. Eta ordutik aurrera zer? Egun bakoitzak du bere nekea. Gatazka internazionalizatuta daukazu.

Baina oso ezberdina da gatazka bat nazioartera hedatzea agiri eta tresna zorrozki demokratikoekin, agiriak eta herritarren gehiengoaren indarra erakutsiz, irudi aldetik borrokatu behar baldin bada ere, ´hemen dago gutxiengo baten bidez zapaldu nahi duten herri bat´. Orduan hasten da benetako sokatira. Zailtasunez gainezka, prefosta. Halako enpresa handiek eztabaidatzen dutela beren egoitza hemendik eramatea… holakoak munduan izan diren askapen prozesu guztietan pasa dira. Konfrontazio une gogorrak etorriko dira. Eta horregatik jende asko dago mobilizatu beharra.


Adibidez?

Unibertsitateko ´intelligentsia´ guztia, ez dira eta zipitzik idazten ari, gure kontra halakoak esan eta idazten ari direnean. Buesak dioen bezala ´la no España´ iristen denean hemen zenbat lanpostu galduko den ere kalkulatu dutela eta esaten ari direnean… nik diot, ´kaben la letxe, ez al dago ekonomiako katedradun abertzale bakar bat hori gezurra dela erakutsiko duenik?´. Europan boikotatuko gaituztela argudioan oinarritzen dira, Eskozia bat ezingo dela beraz sekula era baketsu batean bereizi Ingalaterratik, Eki Alemania sartu ez balitz bezala, Europaren baldintzetako bakar bat ere betetzen ez zuenean. A, baina guri gertatu behar zaigu eta batera gainera txar guztia? Baina gizona, non dago ´intelligentsia´ abertzale guztia? Ez da ausart jokatzen ari.


EAJ sakon ezagutzen duzu, eta haiekin ari zarete gobernatzen. Apostu honi eutsiko al dio EAJk? Zure zalantzak ematen dituzu aditzera behin eta berriz.

Nik aspalditik amesten dudan eszenario bat marraztu dizut. EAJk ideia hobe bat eduki dezake. Gogortasun egoera hori iritsitakoan eutsiko al dio sokari? ´Atxikiko duela espero dut´ esan dut, eta hitz horrek esanahi bat baino gehiago du. Seguru ez nagoela ere esan nahi du. Borondate onenarekin hori egitea nahi nuke. Baina irakurtzen badituzu Arregik, Zubizarretak edo Gebarak idazten dituztenak, hori zer da: hiru horiek pertsonalki idazten dituzten gauzak? Ala zerbait gehiago ordezkatzen dute EAJ den mundu anitz horretan?

Bestalde -errespeto guztiz diot- EAJk betetzen du beste eginbehar garrantzizko bat ere, sektore epelago batzuetan sartuz joatekoa. ´Fiesta del PCE´ delakoan painelu gorria jazten duten guztiak ere ez dira materialismo historiko eta materialismo dialektikoaren ezagutzaileak, baina hor daude hainbat arrazoirengatik. EAJk funtzio hori hor dauka, baina gero aurrera egiteko orduan bere kostea dauka. Adibidez, hainbat enpresarik aukera hau hartu lezake stablishment-erako atxikimenduz abertzaletasunagatik baino gehiago. Zer egingo dute horiek eta beste askok une gogor batean? Edozein modutan, guk baino zailago izango dute erabakitzea. Horretan ere ikusten da Eusko Alkartasuna bezalako alderdi baten beharra.


Eta Sozialista Abertzaleekin gauzak oso seguru ez badaude, beste inor erakartzeko modurik bai?

Sozialistekin oso urrunekoa ikusten dut posibilitatea. Non eta posibilitate hori ´rebaja´ batekin ez datorren. Argi eta garbi mintzatzeko. Galdera da: norbait prest egongo litzateke subiranotasunaren ´tempo´ hori atzeratzeko lurraldetasunari soluzioren bat ematearen truke? Zail egiten zait hori gertatuko dela pentsatzea. Eta orduan?

Herri guztietan gehiengoak erabakitzen du zer egin… salbu eta hemen. Hemen, ez. ´Gehiengoak ezin du gutxiengoa menderatu´ diote, eta jakina, gutxiengoak eduki dezake gehiengoa mende hemen bezala… Ezta pentsatu ere! Begira: gehiengo kualifikatu bat lortzen badugu askoz hobeto, baina Kanadan ez daude %80 lortzeko, %51 lortu nahian dabiltza. Eta Eskoziako Alderdi Nazionalaren lehendakariak esan dit: ´Gehiengoa lortzen baduzue dena konpondu duzue´. Hain erreza balitz hemen. ´A, ba Eskozian gehiengoa lortuko bagenu, aurrera´. Baina hemen ez bezalako jatortasun demokratikoa daukate han.


Prozesu honetan Sozialista Abertzaleen laguntza ez erakartzekotan, dauden hipotesietako bat da Ibarretxek hauteskundeak aurreratuko lituzkeela.

Bere garaian ikusiko da. Eta bere garaian ikusiko da zer egiten duten batzuek eta besteek. Aurrekoetan elkarrekin joan ginen EA eta EAJ fronte komun batean egitarau komun bat lortu genuelako. Eta izugarri pozik gaude, ez dakit non egongo ginatekeen gaur egun horrela egin izan ez balitz, EAJk guk aurkeztutako proposamena onartu zuelako izan baita posible hau guztia. Duela bederatzi urte gauza beragatik joan ginen gu kalera. Hobera egin dugu beraz.

Ibarretxeren plana bozkatu eta galtzeak, egia da, aipatzen duzuna bezalako egoera baten aurrean jarriko gintuzke. Eta bakoitza bere proposamenarekin berriro. Eta berriro hastera. Baina hipotesietako batean ari gara. Baina PSOEk bere jarrera aldatuko balu? Sozialistekin negoziaketa bat posible balitz? Lehen aipatu dizuedan bidetik: lurraldetasuna subiranotasunaren egutegia urte batzuetarako atzeratzearen truke. Niri territorialitatearen aldean hamabost urteko atzerapen bat broma bat irudituko litzaidake. Bakeratzea tartean dagoela gainera. Gauza horiek egin daitezke, egutegiak argi eta garbi zehaztuta uztekotan noski. Beste malgutasun bateko alderdi bat eskatzen du horrek, eta horregatik iruditzen zait fikzio politikaren alorrean sartzen dela.


Ibilian ibilian, Nafarroara heldu gara berriro. Lurraldetasunari buruz ari garenean gogoratzen gara askotan Nafarroaz. Baina zu hemengoa zara, eta honuntza itzuli zara. Zure ibilbidearen hasieran Iruñean ikusten zaitugu Merkatal Ganbaran, Principe de Vianan, Misericordia, aparte ikastola eta euskal munduko mugimenduetan… Gaur zail egiten da abertzale bat egotea Iruñeko leku inportante batean zerbait agintzen. Okerrera egin den seinale.

Bazen oposizioko jende gehiago ere leku garrantzitsuetarako hautatua. Baina egia da, beste garaiak ziren. Merkatal Ganbara harekin lortu genuen -pentsa gaur egun zer izango litzatekeen- Euskal Herriko bost ganbaren arteko argitalpen bat egitea, Baionakoa barne. Behin, Baionara joan nintzen Iruñeko Ganbararen izenean ´Navarra, Cuatro Estaciones´ aurkeztera, igo nintzen estradora Grenet alkatearekin -oraingoaren aita-, butaka guztiak beteta, suprefeta han zen, errefuxiatutakoak ere bai… Han txoko batean ikusi nuen Leizaola lehendakaria, eta nire hitzaldia hasi nuen: ´Lehendakari jauna, frontera artifizial batek zatitutako herri honetan…´ eta aretoa txalo artean lehertu zen. Grenet haserre bizian joan zen. Paradoxaz betea dago bizitza.

Arrazoi duzu, gaur onarpen sozial hori lortzea Ganbara bezalako erakunde sozial batean zailagoa da. Foru Diputaziora ikastolentzako diru bila joan eta Amadeo Marcok igoal esaten zidan: ´Aizu, Garaiko, horrela jarrita ni ere banaiz nazionalista, baina ni eskuinekoa eta ez daitezela etorri iraultza eta pitokeriekin!´. Eta azkenean dirua eman egingo zuen. ´Euskara maite duenak beretarrak ohoratzen ditu´ esan ohi zuen. Beste behin zera aitortu zidan: ´Porque yo también voté el Estatuto, lo que pasa que las cosas fueron luego por otros derroteros´.

Beste anekdota polit eta argigarri bat badut: Arzak, gero hau ere diputatu nagusi izan zen, txalet bat bazuen Lizarraldean eta orduan ´Carmen Enea´ zuen izena; gaur berriz, ´Villa Carmen´. Urmeneta bera, gobernuak izendatu zuen Iruñeko alkate eta gaur euskaltzaleek aitortzen diote hainbat gauza merituzko egin izana. Gaur ez litzateke sartuko inola ere. Gaur frankistek demokrata etiketa hartu dute eta nahi dutena egiteko libre dira. Lehen euskaltzaleak iritsi zitezkeen Diputaziora, gero Euskararen Kontseilura ere bai. Orain, ikusten duzu.


Nafartar bat EAEko Jaurlaritzaren buru. Eta aldiz, etxera etorri eta hemen oso minoritario. Nola bizi izan duzu hemengo ezintasun hau?

Era ezberdinetan. Euskal Kontseilu Nagusiko lehendakari nintzenean, adibidez, ikurrina zeraman kotxe ofizialean etortzen nintzen Iruñera, hemen foru parlamentari ere bai bainintzen. Suarezek zehazki nire kasurako antolatu zuen inkonpatibilitate dekretuari ez nion kasurik egin, Lehendakari aukeratuta izan arte.

Gero beste garaiak egokitu zaizkigu bizitzea. Gaur egun lur jota bizi gara abertzaleak hemen. Eta dena konplikatzen du bortizkeria politikoak, pentsatu ezinezko mugatarainoko manipulazioa ahalbideratu baitu. Honekin sekulako hondamendiak egin dituzte Nafarroan. Arazo hori konponduta, EAEk lortzen badu berriro erakargarri izatea… Hemen irudi hori baitzeukaten alboko herrialdeek, bizimodu hobea, aurrerapena, euskaltasunak halako faszinazio bat pizten zuen gainera. Baina azken hogeitabost urteotan hori galdu egin da. Eta proiektuak atraktiboa izan behar du.

Bortizkeriak dena nahasten digu. Zoaz edozein herritarrengana, hemen ondoko dendari batengana, edo Ablitasko kaleko pertsona batengana, eta ohartuko zara nola telebistak erakusten digun basakeriak euskaltasun usaina duen oro kutsatu duela.


Iparraldeak pista bat ematen du, agian. Konfederazio hotsak entzuten baitira hango abertzaleen artean. Hegoaldean, bi erkidego autonomo antolatu dira baina abertzaleek Hego Euskadi mailako egituretan segitzen dute lanean. Ez al da abertzaleek ere batean eta bestean era autonomoan lan egiteko ordua? Ala heresia itxura hartzen diozu planteamendu honi?

Heresia ez da. Guk adibidez lan handia egin genuen EAJk zuen bizkaitar kutsu hori gureak eduki ez zezan, aitzitik, hemengo inpronta garbi bat izan zezan. Eta gure alderdiaren sorreran bere garrantzia izan zuen EAJ barruan hemengo jendeekiko egon zen abegikotasun ezak. Pentsa Nafarroako gobernua eskuinari emateko botoa ematea nahi zuten, nori eta beren estatutuetan abertzaletasuna zanpatzea daukatenei. Saltsa hartan, alderdiak Nafarroako egitura osoa birrindu zuen. Eta Eusko Alkartasuna nafartar inpronta oso nabarmen batekin sortu zen. Orain, alderdi nafartar bat sortzera joatea…

Bestalde, disimuloekin ez gara urrutira helduko. Duela 30 urte nire inozentzian ´Nafarroa historikoa´, ´Euskal Herria´ eta holako kontzeptoak erabiltzen hasi nintzenean, Del Burgo batek oso garbi esan zidan: ´Aizu, ni ez nauzue nahastuko hitz aldaketa batengatik. Atzean dagoen ideia axola zait´. Horregatik, Euskal Herria erabiltzeagatik gure artean hainbeste emozio sortu duen Euskadi zakarrontzira botatzea proposatzen ikusten dudanean, nirekiko diot ´gu bai garela ikonoklastak!´.


Ez dut uste Abertzaleen Batasunarekin inork ekibokatzeko arriskurik daukanik. Nafarroan, beste era batean, Batzarreren esperientzia daukazue…

Hauteskundeetarako plataformez ari bazara, hori beti daukazu egitea. Beti dago inbentuak saiatzeko modua. Hori bai, hemen hainbeste inbentu ikusi dugu…


Gertatzen dena da inbentu berri bat dela Hegoaldea bi erkidegotan egituratuta egotea ere, lehen bakar bat ez zegoenez…

… bai, baina ez zaitez engainatu, orduan ere ´Vascongadas´ esaten zuten batetik eta ´Navarra´ bestetik. Une batean gertatu zen beste giro bizi izan genuela kalean, San Ferminak euskarazko kantaz beteta, euskaltzaleen dinamismo hura, ikurrina Iruñeko udaletxean… baina Aizpunek garbi esan zidan 1977an: ´Zaude, zaude, badator kontraofentsiba´. Eta pentsa, nolako etorri zen.

Alderdi berri bat sortu, EAEkoekiko autonomi irudi bat emateko? Ez dut uste mozorro horrekin inorekin engainatuko denik. Besterik da hauteskundeetan gure artean entente zabalagoak antolatzea. Egin dugu lehen ere. 1977an hala joan nintzen ni zerrenda batean, nire bigarrena Aldekoa nuelarik. ANV, ESB eta EAJ gehi indpendenteak. Eta oso kritikatuak izan ginen. Politikan ere marka oso inportantea baita. Baina gu holako ahalegin askotan saiatuak gaude, PTErekin joan ginen, Euskadiko Ezkerrarekin ´Independentzia´ aldarrikatzen zuenean, begira non dauden orain.


Badago joera bat, mugimendu batzuk ere, Nafarroako Erresuma erreferentzia politiko bezala hartzeko, euskal nazioaren eraikuntza beste oinarri batzuen gainean proposatzeko.

Ikuspegi historizistarekin ni nahiko kritikoa izan naiz beti. Historiarekin kontuz jokatu behar dugu, hemen kristo guztiak egiten ditu eta mitoak, batera zein bestera. Gure eskubide historikoak ez dira mesprexatzekoak, beren jarraipena inportantea izan da. Baina ez dugu historia nahastu behar gaur eguneko kontzeptuak beste une batzuetara pasatuz. Antzinako erresumetan egitura politikoen kontzepzio patrimonialista zeukaten, eta lurralde bat batera edo bestera joan zitekeen ez bere nortasunaren arabera baizik eta heredentzia kontu batekin. Gaurko egoerak beste garai historiko batzuetakoekin alderatzeko ahaleginarekin kontuz ibili behar dugu.

Euskal nazio berri bat eraikitzeko eginahalak huts egin duela eta izan daiteke Nafarroaren erresuma historikoa hartu eta hartan oinarrituz lortzeko saio bat. Baina arazoa da gaur eta hemen herritarrek zer nahi duten. Gure ideien etsaiek esango dizute berdin zaiela Sabino Arana erreibindikatzen baduzu edo Nafarroako Erresuma edo Kanpion eta abarren Euskara Elkartea. Niretzako adibidez Euskara Elkarteko proto-nazionalista nafartar haien esperientzia oso da inportantea. Hala ere, esan dizut, gaia da ea hemen eta gaur gure herritarrek zein duten borondatea.


Bukatze aldera. Nola ikusten duzu zure partidua urte batzuk barru?

Nik maila pertsonalean hitz egingo dizut, apaltasun faltsurik gabe baina ni erretirotik mintzo naizela garbi utzita. Hasteko, euskal nazionalismoak konpontzeke zeukan puntu bat abertzaletasunaren eta sozialismoaren dikotomia hori zen. Eusko Alkartasuna antolatu genuenean euskal sozialdemokrazia egin nahi izan dugu. Aurretik ere izan ziren ahaleginak, ESEI, ESB, eta abar, baina alderdi handien artean ez da gauza erraza. Gure bidea ere ez da erraza izan, baina hor gaude hainbat udaletan, diputaziotan, Eusko Jaurlaritzan… Hori pertsona baten inguruan – eta EAren kasuan ere hortatik asko egon zen, esan dezagun egia- sortutako alderdi berri bakar batek ez du lortu. Eta guk hor segitzen dugu, 120.000 botoen bueltan. EAJk biltzen duen demokrazia kristaua batetik, eta Sozialista Abertzaleen inguruan biltzen den sozialismo atipikoa bestetik -Otegik joan den egunean berea ´sozialismo marxista´ dela esan zuen bi aldiz-, bien artean bada espazio sozialdemokrata bat. Hor ere gerta daiteke konberjentziak izatea, ezker sozialdemokrata sendo bat egoteko, Europa osoan bezala. EAJ oso beharrezkoa da, serioski diotzut, estu-estuan zureak ez diren botoak kudeatuz egiten baita politika. Eta ondoan hor gaude gu, alderdi independentista eta sozialdemokrata.

Egileak: Pello Zubiria eta Xabier Letona

Lotura: Lotura bisitatu
Jatorria: Carlos Garaikoetxea