Donostiako EAko udal bozeramaile Ricardo Burutaranek Jorge Letamendiari erantzun dio, PSEkoak gainerako alderdien helburu bakarra Udalak dirua galtzea dela esan baitu.

Ricardo Burutaranek Jorge Letamendiaren akusazioak gaitzetsi ditu, “aski delako errua beti besteoi leporatzeaz eta besteok Donostia aktiboki kaltetu nahi dugula esateaz, udal gobernuaren hanka sartzeak justifikatzeko asmoz. Akusazio hori oso larria eta funtsik gabekoa da, baina zoritxarrez horrelakoak entzuten ohituta gaude”.

Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da eta, EAko zinegotziak salatu duenez, benetan gertatu dena “gobernu taldearen aurreikuspen ekonomikoek porrot egin” dutela izan da. Burutaranen iritziz, “udal gobernua agerian uzten ari da, donostiar guztien kalterako, ez dakiela egoera honi aurre egiten eta bere lana ez dela batere eraginkorra politika-fikzioa egiten ari delako. Gobernuak perspektiba galdu duela dirudi, donostiar guztien dirua kudeatzen ari dela eta bere erabakiek hiritarren bizitzan eragin zuzena dutela ahaztu egin zaiola”.

Burutaranen aburuz, udal gobernuaren kritikak onartezinak dira, batetik, errealitatetik kanpo kokatzen direlako eta, bestetik, gobernuak berak krisiari aurre egiteko EAren proposamenak eztabaidatzeari ere uko egin diolako.

Jatorria: Eusko Alkartasuna