Gizartearen ongizate-maila BPG baino hobeto adierazten duten adierazleak, eta iraungarritasunerako bidean lagunduko dutenak, erabiltzea pentsatu duen galdetu dio Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak Nadia Calviño, Espainiako Gobernuko presidente ordeari. Bidegurenek Senatuko Osoko Bilkuran aipatutako adierazleek ekonomia hutsetik haratago dauden parametroak neurtzen dituzte, jasangarritasunerako bidea egiten laguntzen dute eta NBE edo ELGE bezalako erakundeek horien erabilera gomendatu dute.

“BPGa kantitatea neurtzen duen neurri makroekonomikoa da, baina ez du kalitatea neurtzen”, azaldu du Bidegurenek adibide batekin: “Urtebetean hausten den telefono bat fabrikatzea BPGarentzat ona da. Zenbat eta gehiago ekoiztu eta kontsumitu, hobeto. Eta, kontra, birziklatzea txarra da BPGrako”. Hau da, “ekoiztea positiboki baloratzen da, ingurumen eta gizarte mailan horrek duen kostua kontutan izan gabe”, azpimarratu du. Horregatik, beste adierazle batzuk behar dira, aldaketa-une batean beste norabide baterantz egiten lagunduko dutenak, “eraginkortasuna eta aurrezpena ezinbestekoak” diren unean.

Pandemia garaian agerian geratu da “pertsonen bizitza kalitaterako funtsezkoak izateaz gain, sistemaren funtzionamendurako ere ezinbestekoak” diren etxeko lanen eta zainketen garrantzia baina, hala ere, ez dira BPGan sartzen.

Bidegurenek adierazi duenez, ekonomiaren deskarbonizazioa “etorkizunaren eta osasunaren aldeko apustua egiteko” eta, lehengaiak hornitzeko arazoak eta krisi energetikoa dagoen une honetan, argi dago “energia berriztagarrian oinarritutako eredurantz igarotzeko beharra bizkortu” behar dela, baita kontsumo eta garapen-eredu berriak bilatu ere.

Ohitura eta eredu horiek aldatzeak “neurtzeko modua aldatzea ere” eskatzen du. Gizarte baten osasun ekonomikoaren berri emateko hiru hilean behin ematen diguten daturik garrantzitsuena ezin da BPG izan, ongizatearen funtsezko gaiak ez baititu kontuan hartzen, hala nola, aire garbia, lan-egonkortasuna, gizarte-desberdintasunak edo ordaindu gabeko zaintzako lanak. BPG adierazle nagusia izanik, esan dio Bidegurenek ministroari, “ziurrenik erabakiak okerreko norabidean hartuko dira”.

Senatariak argitu duenez, EH Bilduren proposamena ez da BPG desagertzea: “Bere funtzioa du, baina desberdintasuna, ongizatea eta jasangarritasunaren arloan egun dauden erronkei aurre egiteko, ezin da ongizate ekonomikoa neurtzeko balio nagusia izaten jarraitu”.
IMG-20211019-WA0003 (002)