Bizkaian monumentalak diren eta legez babestuak dauden eraikin abandonatuak daudela kritikatu du Endika Montes, EH Bilduren Bizkaiko Batzar Nagusietako prokuradoreak. Horiek batez ere industria-iraganekoak direla zehaztu du, Montesek eta zehazki eskatu du Euskal Errotak eraikinaren birgaitzea martxan jartzea, “berehala, formula batekin edo bestearekin, kasu horretan hori ez baita garrantzitsuena”.
Bizkaiko Batzar Nagusietako Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean galdetu dio Endika Montesek foru diputatuari Zorrotza auzoko eraikin enblematikoarekin dituen planen inguruan. Montesek gogorarazi duenez, Aldundiak “eraikinaren esku-hartze integrala ahalik eta lasterren egitea” eskatzen duten txostenak ditu, baita “eraikinak balioan jarriko dituen erabilera berria emateko eta behar diren egiturazko elementuak saneatzen, konpontzen eta sendotzen hasteko” deia egiten duena ere.
EH Bilduko ordezkariak gehitu duenez, egitura gero eta okerrako dago eta orain arte egindako esku-hartzeak behin-behineko lanak baino ez dira izan, frogatu ahal izan denez.
Montesek gogorarazi duenez, Meritxell Elgezabal batzarkide ohiak gai hori landu zuen orain baino lehen eta lan horren ondorioz, EH Bilduk aurrekontuetarako partida proposatu zuen arlo hori jorratzeko, gizarteak “zonalde horrekin eta industria-tradizioarekin zorra” duela iritzita.