bakea zorroztu

Pello ArnagaBakea zorrozteko garaia dela aldarrikatzen jarraitzen du Eusko Alkartasunak

Urtebete igaro da euskal gizarte, bakegintza eta politikagintzako erreferenteak Kanboko Arnaga etxean bildu ginela, ETAren behin betiko amaiera berresteko. Eusko Alkartasunak lan handia egin du bere ibilbide osoan eskenatoki horretara iristeko eta unearen garrantzi historikoa azpimarratzea beharrezkoa ikusten du. Bi erronka nagusi daude oraindik Eusko Alkartasunaren iritziz: biolentzia mota guztien biktimak eskubide guztiekin aitortzea eta euskal presoen auzia konpontzea.
Sortutako egoera politikoa baloratzean, munduan bakarra den bake prozesua dela gogoratu behar da, herritarrengatik sortutako indarrak atera baitu aurrera, Gobernuen inmobilismoa gaindituta. Madrilek biolentziarekin amaitzeko jarritako oztopoek argi erakusten dute eskenatoki horretan askoz erosoago mugitu izan direla bortxarik ezean oinarritutako balizko subiranotasun prozesuetan baino. Katalunian izandako portaera da horren adibiderik argiena.
Biktimen aitortza eta berradiskidetzea erronka handia dira oraindik. Indarkeria polizialaren Legearen onarpenean eta presoen eskubideen arloan emandako aurrerapauso urriak dira horren adibide. Eusko Alkartasunak 33 urte luzeetan izandako jarrera berdina mantentzen du bi gai horietan. Euskal presoen eskubide guztiak aldarrikatu eta salbuespeneko espetxe politikekin berehala amaitzea exijitzearekin, preso eta erbesteratuen arloan lan egitea urgentea da. Bestetik, poliziak, talde parapolizialek eta funtzionario publikoek sortutako biktima guztien aitortza osoa, eta eskubideen onarpena, ere exijitzen dio alderdiak Estatuko Gobernuari, ETAren biktima guztiak –hauen artean EAkideak ere- gogoan.
Hurrengo Espainiako gobernuburu izango denak azken hauteskundeetan mezu argia jaso zuen Euskal Herrian, aipatutako bi erronka horiek konpartitzen baitu euskal jendartearen gehiengoak. Euskal Herrian guztion artean egin behar zaio aurre erronkari, espainiar zein frantziar Gobernuek, eta baita Jaurlaritzak eta Nafarroako gobernuak hemen badute elkarlanean aritu eta konponbideak aurkitzeko aukera, beti ere gizartearen ordezkari politiko eta sozialekin bat.
Bakea zorrozten dihardugu.