Batzorde Eragile Nazionalak zituen bi helburu nagusiak lortu egin dira: independentisten batasuna eta normaltasun instituzionala.

Urte hasiera unerik onena izaten da aurreko urteari buruzko balantzea egiteko, bai eta urte berrirako aurreikuspenak egiteko. Baina honetaz gain, 2013. urtea berezia izango da Eusko Alkartasunarentzat, kongresu urte batetan garelako, eta beraz, pasatu dugun etaparen balantzea eta berriaren helburuak finkatzeko aukera ematen digulako.

Egungo Exekutiba Nazionalak alderdiaren zuzendaritzaren ardura bere gain hartu zuenetik lau urte igaro dira, eta lau urte hauetan egoera politikoa oso modu nabarmenean eta adierazgarrian aldatu da Euskal Herrian. Lau urte hauetan Biltzar hartan Eusko Alkartasunako militanteok zehaztu genituen helburu asko ere lortu ditugu.

Zorionez, egungo egoera politikoak ez du zerikusirik duela lau urteko egoerarekin, ez bakegintzaren ikuspegitik, ez normalizazio politikoaren ikuspegitik. Hala ere, horrek ez du esan nahi guk egon nahi dugun agertokira iritsi garenik, baina bai bidea egiten ari garela hori lortzeko.

Bake bidean aurrera egiteaz gain, duela lau urte funtsezko eta urgentziazko beste bi erronka zehaztu genituen: batetik, independentziaren aldeko batasuna egituratzea, egoera politikoa iraultzeko; eta bestetik, independentismoak gizartean duen pisua instituzioetan ere izan zezala. Eta zalantzarik gabe, bi helburu horiek bete egin ditugu: independentismoaren batasuna aldaketa politikoa gauzatzeko motorra bihurtu da.

Horrela, lanak egin ditugula jakitun izanda, begirada etorkizunean jartzen dugu, etapa berri honi aurre egiteko ardatzak finkatzeko intentzioarekin. Etapa horretan Euskal Herriak aldatzen jarraituko du, eta horrek autodeterminazio eskubidea erabiltzera eraman beharko gaitu. Ez da boluntarismo hutsa; ez dugu esaten gure ideologia berresteko, subirautza osorako oinarriak jartzeko baldintzak egon badaudelako baizik. Tresna guztiak behar ditugu gure eskuetan justicia sozialean oinarritutako gizarte bat eraiki nahi badugu.

Eta horretarako, aurreneko pausoa partehartze prozesu bat eratzea izango da, Eusko Alkartasunaren militantzia eta inguru sozialean eratuko dugun partehartze prozesu bat. Bertan, alde batetik, subirautzarekin erlazionatuta dauden gai desberdinak eztabaidatuko dira, autodeterminazio prozesua edo eta lurralde artikulazioa kasu, eta bestetik, gai sozioekonimikoak ere, politika soziala, politika fiskala edo eta sozialdemokraziak XXI. mendean jokatu behar duen papera, beste batzuen artean.

Behin eta berriz esan dugu: independentzia eztabaida politikoaren muinean dago. Independentzia aukera bat dela onartu da, horraino eramaten duen bidea bilatu eta diseinatu beharko dela, eta posible izango dela euskal gizarteak hala nahi badu.

 

 

Azken batean, argi dago egun indarrean dagoen marko juridiko-politikoa aldatuko dela. PP logikarik eta babes sozialik gabeko birzentralizazioarekin tematu den bitartean, PSOEko sektore batzuk federalismoaren alde egiten ari dira.
Monarkia ere kolokan dago, inoiz baino gehiago. Agerian geratu da autonomiak ez duela balio jendearen eskubideak eta interesak defendatzeko. Lurralde Historikoen Legea zentzugabea iruditzen zaie 27 urtetan begiak itxita izan dituzten sektore politikoei ere. Eta burujabetzaren aldeko prozesuak sendotu dira Euskal Herrian zein Katalunian.

Zabaldutako hausnarketa prozesu horiek ekidin nahi ditu Estatuak konfrontazio politikoaren ateak zabaltzen dituelako, baina gizarteak ez ditu begi txarrez ikusten.

Federalismoak, errepublikazaletasunak edo independentismoaren eskaerei erantzun emateko errezeta bakarra dago: demokrazia eta gizartearen nahia errealitate bihurtzeko aukera ematea.

Asko geratzen da egiteko eta guztion artean egin behar dugu, baina egia da independentistak izan garela aldaketa politikoaren bultzatzaile nagusiak. Estatu mailako alderdiek aldiz, hausnarketa amaigabean jarraitzen dute. Bidea hasteko denbora behar izatea normala da, baina oraindik ere bideari ez ekiteko aitzakiarik ez dago. Egia da azken aldi honetan berain jarrera ez dela horren monolitikoa argi geratu dela.

Asteburu honetan bertan komunikabideen bitartez eztabaidan aritu dira Txarli Prieto, José Antonio Pastor eta Ramón Jauregi. PP ere Borja Semperren hitzek min egin dute zenbait arlotan eta Basagoiti berak ohi bezain argi esan zuen duela gutxi: gauzak ez dira berdin ikusten Madrildik edo Euskal Herritik.

Hau da, PP eta PSOEren jarrera ez da duela hiru urtetakoa, baina ez dute aurrera pausuak emateko ausardiarik bildu oraindik.

Beraz, guztiok lagundu behar diogu prozesuari baina PP eta PSOEk beren ibilbidea egiten hastea behar beharrezkoa da. Eta eskara hau oso zentzuzkoa da, Estatu frantsesean adibidez, alderdi guztiak ari dira elkarrekin lanean, horixe baita logikoa eta gizarteak eskatzen duena.

Beti bezala erdian, EAJ agertzen zaigu. Ia atzo arte Ajuria Enearaa bueltatzea izan dute helburu nagusia. Helburua lortuta, aukera historiko honek eskatzen duen maila emango duten ikusteko dago.

Testuinguru politiko honetan emango diogu hasiera etapa berri honi eta helburua hurrengo fase politikoa definitu eta prestatzea dela uste dugu. Parte hartze prozesuaren bidez egingo dugu, eskualdez eskualde militanteen iritziak bilduz, askotan esan dugun bezala Eusko Alkartasunak militanteen laguntzari esker egin ahal izan baitu azken lau urteotako bide oparo eta latza.

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna