Koalizioko bozeramaileek hauteskunde-konpromisoa berretsi eta ziurtatu dute jasotako 315.000 bozkak 315.000 bultzada izango direla bakea, normalizazio politikoa eta aldaketa soziala lortzeko.

Pello Urizar, Oskar Matute eta Bakartxo Ruiz Bilduko bozeramaileek agerraldia egin dute gaur goizean Donostian udal eta foru hauteskundeen emaitzei buruzko balorazioa egiteko:

Gure gaurko helburua igandeko hauteskundeen emaitzen inguruko gogoeta plazaratzea da. Lehenik eta behin, igande gauean bezala, eskerrak eman nahi dizkiogu berriro ere euskal gizarteari, eman duen erantzunagatik eta Bildurengan jarri duen konfiantzagatik.

Eskerrik asko proiektu honetan sinisteagatik, prozesu osoan zehar laguntzeagatik eta ardura osoz jokatzeagatik gure herriaren etorkizunerako funtsezkoa den une honetan.

Herritarrek emandako erantzunak poztu egiten gaitu, baina batez ere Bilduk esan nahi duenarekin dugun konpromisoa berrestera eramaten gaitu: siglen gainetik batasuna, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aurrerapausoak ematearen aldeko apustua, eta gizarte-eraldaketaren aldeko konpromisoa.

Gizartearen eskutik joatea lehentasuna izan da indar subiranisten metaketaren bidez aldaketa politiko eta soziala bultzatu dugunontzat, eta gizarteak argi eta garbi itzuli digu emandako konfiantza. Orain, gure helburu nagusia elkarlanarekin jarraitzea da, eta Bilduren aldeko apustua egin dutenei hutsik ez egitea.

Hauteskunde-kanpainan zehar agindu genuen bezala, Bilduk ia jaso dituen 315.000 bozkak 315.000 bultzada izango dira bakea, normalizazio politikoa eta aldaketa soziala lortzeko.

Gizartearen babesa ezinbesteko ardatza da igandeko emaitzei buruz Bilduk egiten duen balorazioan. Baina babes horretatik haratago, aldaketa politikoaren alde gizarteak erakutsi duen inplikazioa balioesten dugu, horrek euskal gizartearen gehiengoaren helburu politikoak argi eta garbi utzi dituen neurrian. Hainbestetan aipatzen duten Euskadi errealari ere arazo nazionala interesatzen zaiola adierazi du. Hala, helburu horiek lortzeari begira tresna eraginkorra izan duenean, gizartea kalera atera delako, hautestontzietara jo duelako eta herri gisa jardun delako.

Gizartearekin dugun konpromisoa abiapuntutzat hartuz, nabarmendu nahi dugu proiektu hau, Bildu, ekainaren 11ri begira dagoela, udalak osatuko diren egunari begira, eta baita ere foru aldundiak eta Nafarroako Legebiltzarra osatuko diren egunari begira. Baina, aldi berean, ziurtatzen dugu ez dugula epe motzera jokatuko. Gure helburuak argiak dira, milaka eta milaka lagunekin bat egiten dute eta jakin badakigu bidea luzea izan dela BIldu eta euskal gizartearentzat

Hala ere, gure lehenengo erronkari begiratu behar diogu. Arabako gure kideok atzo iragarri zuten bezala, Bilduk euskal instituzioak eskuinaren eskuetan uztea galaraziko duten gobernu-formulak lehenetsiko ditu, eskuinak Euskal Herriaren eskubide politikoak, norbanakoak eta kolektiboak, ukatzen dituelako. Eta horrek esan nahi du, Bilduren bozkek hori saihesteko balio duten guztietan, UPNk eta PPk ezin izango dutela inolako gobernurik osatu ez udaletxeetan, ez foru erakundeetan.

Bilduren bozkak honaino ekarri gaituzten herritarren zerbitzura daude, eta herritarrek argi utzi dute, indar subiranistei eman dieten babesarekin, norantz joan nahi duten.

Hori bai, prozesu honetan ez da egongo beste alderdi batzuetan ohikoa dena, trukean ordaina eskatzea. Bilduk politika egiteko moduan aldaketa ekarriko zuela esan genuen, eta oraingoan lehenengo proba dugu: ez gara kromo-trukaketan sartuko, eta ez gara kalkulagailuarekin egiten diren konbinazioen jokoan sartuko, joko horrek gizartea zorabiatzeko baino ez duelako balio.

Argi eta garbi esanda dago: Bilduko ordezkarien bozkek ateak itxiko dizkiete PP edo UPNren balizko gobernuei; euskal erakundeetatik kanpo utziko dituzte gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea errespetatzen ez dutenak.

Ziur gaude horixe dela euren konfiantza proiektu honetan jarri duten milaka lagunen agindua, eta badakigu euskal gizarteak aintzat hartuko duela nola jokatzen ari garen indar politiko guztiok instituzioak eratzeko prozesu honetan zehar. Bilduren bozkek ez dute trukean ezer eskatzen, baina herritarrek erakutsi dute aintzat hartu eta epaitzen dutela, eta botoa horren arabera ematen dutela. Gizartearen aurrean guztiok erretratatu behar dugu.

Berriz ere azpimarratu behar dugu gizarteak herri gisa jokatu duela, aldaketaren aldeko apustua egin duela, beste marko politiko bat nahi eta behar duela esan duela, eta bestelako gizarte eredua nahi duela.

Bilduk partida hasi du, baina baloia beste alderdi batzuen eskuetan dago orain. Guk espero dugu, eta gizarteak ere horixe espero du, oraingoan alderdi guztiek egorak eskatzen duen mailan jardutea, eta kromo-trukaketa soilean ez erortzea, beste batzuetan ez bezala.

Ez diogu errepikatzeari utziko: aukera historiko baten aurrean gaude, egoera politikoa eta soziala baldintzatzeko gai den subiranismo indartsu batekin, eta euskal gizartea interes nazionalen defentsan aktibatuta. Ez da, beraz, hemen hiru jezarlekuren eta han alkatetza baten bila ibiltzeko unea. Euskal Herriaren unea da, eta guztiok jokatu behar dugu egoerak eskatzen duen bezala. Gizarteak erabaki du jada, eta alderdikeriek ezin diete hutsik egin euren konfiantza politika egiteko eta instituzioak kudeatzeko beste modu bat bermatzen duen eta gizarteak eskatutako aldaketa ahalbidetzen duen aukera politiko bakarrari eman dioten milaka lagunei.