Bilboko Udaleko Osoko Bilkurak udalerriko LGTBIQ biztanleriaren argazki eguneratua izateko diagnosia egingo du, gaur egun oraindik ere desberdintasun eta zapalkuntzei aurre egiten dien kolektiboaren beharrak ezagutzeko. Igandean ospatuko den Harrotasunaren Egunaren bezperan onartu da Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotzi eta EAko Bilboko koordinatzaileak aurkeztu duen mozioa.
LGTBIQ kolektiboa “oso anitza da, ezin dira errealitate, arazo, behar edo aldarrikapen desberdinak homogeneizatu”, adierazi du Zubizarretak; horregatik, eremu publiko, hezkuntza, osasun, lan eta aisia bezalako esparruetan dauden aldarrikapenei erantzun ahal izateko diagnosia funtsezkoa da”, ondoren udal zerbitzu ezberdinetatik abian jar daitezkeen proposamenak identifikatzeko eta, horrela, Bilbo inklusiboagorantz aurrera egiteko”.
“Ez da gauza bera klase ertaineko gizon homosexual zuria izatea ala 65 urtetik gorako emakume transexual bat izatea, migratzailea eta lan prekarioa duena”, azaldu du zinegotziak grafikoki, eta gaineratu du igandean “azken urteetan lortutako aurrerapenak” ospatuko dela, baina baita 40 urte baino gehiago martxan daramatzan bideak jarraitu egin behar duela adierazteko ere baliatuko dela, zoritxarrez, erabateko berdintasuna urrun baitago gay, lesbiana eta bisexual eta transexualentzat.
Eskubide faltaren adibide gisa, 2019an eraso homofoboak nabarmen handitu zirela gogoratu du Zubizarretak, “zenbaki kezkagarriak izan dira”.