“Gaur, orain hogei urte bezala, bizitza eskubidea giza eskubide goren bezala aldarrikatzen dugu, eta kargu publiko izanda gizartearen ordezkari zenaren kontra egiteak duen larritasuna salatu”

Bere egin du Eusko Alkartasunak gaur Zarautzeko Udalak duela hogei urte ETAk eraildako José Ignacio Iruretagoienari egindako omenaldia. Alderdiak eta Gipuzkoako udalerriko ordezkariek ere “gaur, orain hogei urte Zarautzeko alkate zen Imanol Muruak egin bezala, hilketa gaitzetsi eta biktimaren sendiari elkartasuna adierazi diote”.

“Giza eskubide guztiak pertsona guztientzat, bizitza eskubidetik hasita” printzipioaren balioa berrestu du Eusko Alkartasunak. “Euskal Herrian azken hamarkadetan helburu politikoengatik eman den biolentzia guztia” arbuiatu du alderdiak, “eta gaur bereziki, ETAk Iruretagoienaren aurka baliatutakoa”. Inolako ideologiak, ideiak edo proiektu politikoak ezin duela biolentzia justifikatu gaineratu du Eusko Alkartasunak.

Gaur arratsaldean udal talde guztien parte hartzearekin egin den omenaldian gauzatu den lana oso positibotzat baloratu du Eusko Alkartasunak. Oso garrantzitsuak izan diren adostasunak lortu eta beharrezkoa zen omenaldia egin da. Era berean, EA etorkizunean bake eta biktimen erreparazio alorretan lan egiten jarraitzeko konpromezua berresten du.

Zarautzekoa bezalako ekitaldiak elkarbizitza berria eraikitzeko guztiz beharrezkoak dira, horrenbeste urtez gatazka biolentoa bizi ondoren, baita bakean bizi den gizarte normalizatua lortzeko ere. “Biktimei eta beraien familiei zor zaien zerbait da”, Eusko Alkartasunaren ustez.