Lohitzune Txarola, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak berdintasunari buruzko hausnarketa egin du Emakumearen Egunean.

Martxoan sartzen garenean, lehendabiziko egun garrantzitsua martxoak 8koa dugu, Emakume langileen eguna. Iritsi gara aurten ere data honetara, eta egunero bezala Batzar Nagusietako paradisuan sartzen naiz pentsamendu honekin ” bai doazela gauzak aurrera, geroz eta hobea dugu egoera emakumeok”, eta artikulu hau irakurtzen ari den emakume orok harridura aurpegia jarriko du, erotu naizela pentsatzen. Nire paradisuan jarraituz, Gipuzkoako Batzar Nagusietan emakumeen jabetzea errealitate bat dela dirudi, eta bada zinez, izan ere batzarkideen artean %53a emakumeak dira, eta %47a gizonak. Are gehiago, bertako botere organoetan, hau da, Mahaian eta Bozeramaileen batzordean %60 dira emakumeak eta %40 gizonak, eta organo hauen artean pasatzen dut nik nire eguneko zatirik handiena.
Baina tamalez konturatzen naiz nire paradisua ez dela gizartearen isla erreala, eta nire paradisutik irten eta errealitatera iristen naizenean ohartzen naiz lan asko dagoela egiteko emakumearen jabetzea benetakoa izan dadin, ez soilik itxura hutsa. Are okerrago, egunetik egunera gizartean atzera pausoak sumatzen ditut eguneroko bizitzan. Bai arlo pribatuan zein publikoan egiten ditudan ekintza guztietan dakusat emakumearen papera geroz eta xumeagoa dela, bigarren mailakoa edo. Jendea lehen kontzientziatuagoa zegoen gai honekin, edo aldarrikapena behintzat gizartean errotuagoa zegoen, eta badirudi orain aldarria haizeak daraman hostoa dela.
Nire bizitza publikoan, emakumeen presentzia eskasa nabaritzen dut karguak eskatzen dituen hainbat ekitalditan. Bertan dauden emakume gehienen lana ez da izaten errepresentazio lana; aholkulari gisa agertzen dira gehienetan, eta ordezkari lanetan diharduen pertsonaren laguntzaile izaten dira. Adibide bat; otsaila bukaeran inaugurazio batera joan nintzenean, harriduraz ikusi nuen emakumeak gehiengoa zirela aretoan. Oholtzara igo ginen ekitaldiari hasiera ematera, eta bertan geundenen 7 pertsonen artean, ni nintzen emakume bakarra. Hizlari guztiak izan ziren gizonezkoak.
Horrelako adibideak ekitaldi publiko gehienetan jasaten ditut, kulturalak direnetan ez ezik. Hor ere nire buruari beste galdera filosofiko bat egiten diot, nire paradisura itzuliz konturatzen naizelako Batzar Nagusietako kultura batzordean emakumeek osatzen dutela gehiengo handia, %67a. Berrikuntza edo bide azpiegitura batzordeetan aldiz, gizonezkoak osatzen dute gehiengoa gizonak gutxiengoa diren erakundean. Eta nire galdera da; jarraitzen al dugu emakume eta gizonen arteko lanbideen topikoekin XXI. mendean? Emakumeak lan merkatuan gaude jada, ia-ia arlo guztietan, eta hau, zorionez, atzerabueltarik ez duen prozesu soziala da. Ezin dugu ahaztu baina, lan mundua gizonek eta gizonentzat egina dela; ezaugarri, jarrera eta balio maskulinoak gailentzen baitira oraindik.

Lanetik atera eta nire bizitza pribatuan, telebista pizterakoan haserretu egiten naiz, geroz eta publizitate diskriminatzaile gehiago ikusten dudalako, eta emakumea gutxiesten duten iragarkiak barra-barra agertzen dira. Lehen, behintzat, salaketa zaparrada jausten zen horrelakoak telebistan ikusten genituenean, baina gaur egun ez da ezta hori ere gertatzen. Orain dela oso gutxi, telebista programa bateko iragarkian agertzen zen emakume batek zera zioen: “nik nire semearentzat, garbitu eta sukaldatzen dion emazte bat nahi dut”. Okerrena nire ustez ez da emakumeak horrela pentsatzea, badela sintoma txar bat, baizik eta telebista kate batek sexismoz blai dagoen ideia hori erreklamo gisa erabiltzea jendeak programa ikus dezan. Horrelako trikimailuekin ibiltzea lotsagarria iruditzen zait, eta emakumeekiko errespetu falta izugarria gainera. Kasu hauetan baina, tristeena hurrengo hau da: iragarkia modu horretan azaldu badute, gehiago saltzearen helburua lortzeko dela, eta horrek esan nahi du gizarteak geroz eta kontzientzia gutxiago duela gai hauekiko, sexismo kutsua duten produktuak ikustea ez bakarrik ez zaiola axola, baizik eta erakarri ere egiten duela.
Telebista alde batera utzi eta kalera jotzen dut, baina egoerak ez du hobera egiten. Oraindik entzuten ditugu elkarrizketak non emakumeak gizonek egingo lituzketen ekintza berdinengatik kritikatuak diren gizonak goraipatzen diren bitartean. Eta mutil koadrila bateko norbaitek neska bati ipurdia ukitzen badio herriko jaietan, mutilen koadrila guztiari grazia asko ematen dio, neska minduta geratzen den bitartean. Egoera hauek gerta ez daitezen hezi gintuztela uste nuen arren, jarraitzen dira ematen. Horren aurka egiteko kontzientziazioa beharrezkoa da. Kontzientziazioa, egoera hauek eta aurretik deskribatutakoak normaltzat jo ez daitezen eta gaitzetsi ditzagun, modu honetan soilik desagertuko direlako.
Azkenean, gauean, orduak pasa ahala nire paradisutik urrun, konturatzen naiz asko dugula egiteke, urtetan zehar egin eta esan dugun moduan; oraindik berdintasunean kontzientziatu gabe dagoela gizartea, eta sexistak diren hainbat gauza egiten eta ikusten ditugula egunero, eta normaltzat jotzen ditugula. Bai, guka ari naiz badakidalako nahigabe, baina nik ere egiten edo esaten ditudala emakumeon borrokari oztopo egiten dioten hainbat gauza; historiaren hasieratik emakumeek egin duten borroka, eta orain 101 urtetik hona ofizialki data honetan aldarrikatzen dena. Guzti honengatik da beharrezkoa martxoaren 8ko eguna gogoratzea eta gogoraraztea. Emakume askok beharrezkoa izan ez dadin borrokan diraute, espero dezagun bada nire semearen belaunaldiak egun hau ospatzeko beharrik ez izatea, benetako berdintasunera iritsi garen seinale. Bitartean, ni nire paradisura itzuliko naiz, handik nire lankideekin eta gizarte osoarekin batera, berdintasunari bidea zabaltzen jarraitzeko. Izan ere, guztion erronka da hau, ez emakumeona bakarrik.
Lohitzune Txarola Gurrutxaga
Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria

Jatorria: Lohitzune Txarola