Emakume kirolarien berdintasun erreala lortzeko legediak onartzearekin batera borondate politikoa behar dela adierazi du EH Bilduko batzarkidea eta EAkidea den Onintza Lasak. Koalizioak ez du Podemos-Ahal Duguk gaurko Gipuzkoako Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran emakume kirolarien haurdunaldi klausulen inguruan aurkeztutako mozioa babestu, gaiaren garrantzia aitortuta ere, “bere orokortasunean tratatu behar delako, helburu zehatzak jarrita eta norbere eskumenetatik hasita”.

“Berdintasunaren bidean asko dago egiteko, baita kirol arloan ere, baina haurdunaldia emakumearen bizitzaren etapa bat da”, esan du Onintza Lasak, “gero zaintzak datoz eta tratatu beharreko beste hainbat kontu”.

Kirol arloan berdintasuna lortzeko aurrerapausoak eman direla deritzo Lasak, “hala ere Kirol Legeak 20 urte ditu dagoeneko eta hori aurten aldatu behar da”. Hala ere, “legeak egiteaz gain, horiek garatu behar dira eta horretarako borondatea behar da”. Lan hori klub, federazio eta beste eragileen eskutik egitea beharrezkoa dela esan du batzarkideak.

Lasak Podemos-Ahal Duguren jarrera kritikatu du, “Kirolaren Legea aldatzeko datari buruzko konpromisorik hartu nahi izan ez duelako eta gai honi buruz hitz egiteko erakundea Legebiltzarra delako, Erkidegoak eskuduntza esklusiboak dituelako kirolaren arloan”.