Herri ikuspegia eskatu die Nafarroa eta Gipuzkoako gobernuei Maiorga Ramirezek San Lorenzo eta Belateko tuneletako lanak koordinatzeko eta errepideetan sortuko luketen zailtasunak ekiditeko. EH Bilduko legebiltzarkidea eta EAko kideak galdera egin dio gaurko Osoko Bilkuran Herrilan sailburuari, eta Gipuzkoako Aldundiari San Lorenzoko tuneleko lanak atzeratu ditzan eskatzeko eta Belatetik pasatzen diren kamioien kopurua mugatzeko koordinatu daitezen exijitu dio.

Kezkatuta agertu da Ramirez Iparraldera doazen bi errepideetan egingo diren lanak batera egiten badira izango diren zailtasunengatik, ez baita egongo batetik bestera trafikoa desbideratzeko aukera, logikoa litzatekeen bezala. Horregatik, azalpenak eskatu dizkio Gobernuari aurrreikusten diren arazoak ekiditeko hartu dituzten neurrien inguruan.

EAkideak salatu du Gipuzkoako Diputazioak ez duela herri ikuspegiarekin jokatu “Belateko portutik pasako diren kamioien kopuruan ondorio handiak izango dituen lanak batera programatzen”. Gipuzkoako ordezkariek “are gehiago konpromiso abertzalea dutela suposatuta, ez lukete beraien interesei begira bakarrik jokatu behar”. “Gipuzkoak San Lorenzoko tunelek olanak atzeratzea da erabakirik zentzuzkoena, errepide bietako lanak aldi berean egin gabe”, azpimarratu du Ramírezek.

Bestetik, “portutik pasako diren kamioi kopurua mugatzeko modua bilatu” behar dela ere esan du EH Bilduko legebiltzarkideak, “inguruko alkateek eskatu duten bezala”.