EH Bilduk emendakin bat aurkeztu dio gaur osoko bilkuran, kultur arloan, Geroa Baik aurkeztutako mozioari. Mozio horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen zen lan-sistema koordinatu bat ezar zezan Kultura eta Lurralde Antolamenduko Departamentuaren artean.

Maiorga Ramirezek defendatu duen EH Bilduren emendakina onartu egin da eta proposamen hori zabaltzen du, Ondarezain Elkarteak lan saioan egindako ekarpenak jasoz. Hala, Nafarroako Gobernuari Kultura, Garapen Ekonomiko (turismoa) eta Hezkuntza departamentuen lana koordinatzeko eskaera egin dio, “museo txiki edo erakusketa publikorako zentroetako jarduerak sustatzeko”.

“Nafarroak, lurralde ez oso handia izanik, gaitasun handiak ditu koordinaziorako”, gogorarazi du Maiorga Ramirezek. Horregatik, sinergien bilaketa hainbat sailetara zabaltzea proposatu da, Nafarroak dituen kultur baliabideen aukerak optimizatzeko. “Museo txikiak ez dira soilik turismorako zentroak, hezkuntza eta gizarte jarduerak ere egiten dituzte”, gaineratu du.

“Banan-banan batuta, horrelako zentroek eta bertako profesionalek egiten duten lana kalkulaezina da, gizartean duten eraginagatik, Nafarroako zonaldeen garapena sustatzeagatik eta, beraiengatik ez balitz, ezkutuan jarraituko lukeen ondarea erakusteagatik”.