Lehendakari Jauna,
Jaun-andre horiek,
Felipe de Borbón Jauna,

Arratsaldeon denoi

Gaurkoan, Nafarroako egoera ezagutzera zatoz
eta Legebiltzarrean ospatzen dugun ekitaldiaren berezitasunak kontutan hartu
behar ditudanez, labur azalduko dizut Nafarroako egoerari buruz gure ikuspuntua
zein den.
Nire ideologia sozialdemokrata eta euskal nazioaren
defentsaren aldeko ikuspegitik, gaur egungo egoera politikoa azpimarratu behar
dut eta nire kezka azaldu behar dizut.
Nafarroako herritarra naizen heinean, herri honen
geroak kezkatzen nau ondoren azalduko dizkizudan arrazoiengatik:
1.- Botere zentralak behin eta berriro gure
autogobernuari oztopoak jartzen dizkio bai Nafarroan baita Euskalherriko gainontzeko
lurraldeetan ere. Anitzak dira gobernu zentralaren erasoak Legebiltzar honetan
hartzen diren erabakien aurka: foru legeen aurkako helegiteak, gure sistema
fiskalaren aurkako erabakiak, e.a.

Gure jarrera eraso hauekiko beti izanen da egungo marko juridikoaren aurretik
dauzkagun herri eskubideen defentsa eta aldarrikapenarekin jarraitzea, gure
herriareren izaerarekin bat egiten dutenak.
2.- Nafarroan, euskal kulturaren eta gure hizkuntzaren,
euskeraren, aurkako etengabeko erasoa jasotzen dugu.
Onartezina da Nafarroako Gobernuak eta Gobernu
zentralak kulturaren ondasunak etsaitzat hartu izana eta hauen aurkako erasoari
ekitea. Hizkuntzak eta kulturak gizarteen aberastasunak dira eta bakarrik ikuspuntu
honetatik ulertzen dugu guk geure lana hauen garapenaren alde, eta horrexegatik
salatzen dugu gobernuan daudela aprobetxatuz, euskal kultura eta euskararen
inguruko legeak aldatu nahi dituztenen aktitudea. Nafarroan euskarari buruz
dagoen legea urratzen ari da eta Europar Batasunak ere salatu du.
3.- Euskal nazionalismoa kriminalizatzen da,
manipulazio saiakera onartezin baten bidez, komunikabideak era alderdikoi batean
erabiliz, gure nazio ideiei zilegitasuna ukatu nahi zaie, eta indarkeriarekin
nahasten dira ideien eta kulturaren aurkako erasoak bidezkotzeko.
Guzti honen adibide garbia dira AEK, Zabaltzen, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia,
e.a. en aurkako oinarririk gabeko salaketak.
Aipatutako kasu batzuetan, iharduera judizial
alderdikoi hauekin heuren irudia zikindu ta gero, azkenean, argibideak artxibatu
dituzte, erantzukizun penalik ez zegoelako.
¿Zeinek konponduko du AEKri eta beste
batzuri eragindako kaltea?
Garbi dagoena da helburua dela ohorea kentzea
uste dugunoi demokrazian, giza eskubideen eta libre pentsatzeko eskubidearen
errespetuan oinarrituta, ideia euskal nazionalak defenda daitezkela. Eta, gezurra
badirudi ere, terroristak baino eragozpen larriago bihurtu gara planteamendu
zentralista espainolak dituztenentzat.
Guzti honek gizartean ez egonkortasun izugarria
sortzen du, hala nola gizartearen egituraketa eragozten duen konbultsio politikoa,
eta honek indarkeriaren bidez gauzak lor daitezkeela pentsatzen dutenei gauzak
errezten dizkie.
Eusko Alkartasunako gizon-emakumeak ez gaituzte
inoiz indarkeriaren aldean aurkituko; ez dugu inoiz onartu ezta bidezkotu ere,
baizik eta alderantziz, gure herriari mina eta sufrimentua besterik ez dakarkiolako.

Argi dago arazo bat dugula, eta konpontzeko bide bat besterik ez dago: elkarrizketarena.
Elkarrizketa gure gizartearen aniztasunaren errespetoatik, ideiak errespetatuz
eta, noski, pertsonak errespetatuz. Baina, aldi berean, onartuz gizarteak beretzako
nahi duena espresatzeko eskubidea daukala, baita autogobernua areagotzea erabakitzen
badu ere.
Gure erantzukizun politikoa, gaur egungo egoera
politikoa konpontzen saiatzea da.

Jatorria: Eusko Alkartasuna