Ikerne Badiola EAk Euskal Herrian mugimendu subiranista egituratzearen eta herri-kontsulta antolatzearen alde lan egiteko borondate osoa duela adierazi du Komunikazio idazkariak, herri honek ere bere etorkizuna askatasunez erabaki dezan.

Ikerne Badiola EAko Komunikazio idazkaria pozik agertu da “Kataluniako herriak kontsulta bezalako eskubide demokratiko bat praktikara eraman duelako eta horrela nazio gisa urrats erabakigarri bat eman duelako autodeterminaziorantz”. Badiolak adierazi duenez, “Euskal Herriak ere bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du; Kataluniak lehenengo urratsa eman du, Eskoziak datorren urtean egingo du eta Euskadin ere berandu baino lehen erreferendum bat egingo dugu”.

EAk euskal mugimendu subiranista egituratzeko borondatea duela eta horren alde bultzatuko duela jakinarazi du Badiolak, “hemen ere kontsulta bat errealitate bat izan dadin”. Izan ere, “euskal gizartea prest dago eta borondatea dauka; horixe da Estatua beldurtzen duena. Independentzia behar praktikoa baino ez da”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna