Gobernu zentralak espetxe-legislazioa betearazteko eskumena eskualdatzeari sistematikoki ematen dion ezezkoa salatzen du, eta transferentzia gauzatzeko Eusko Jaurlaritzak egindako ahaleginek “horma baten kontra jo dutela” azpimarratzen du
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak bere konpromisoa adierazi die Zigor Justiziaren arloan gizarteratzearen alde lan egiten duten eragile sozialei, Aznarren Gobernuaren zigor-politika errepresibo eta atzerakoiari jarri beharreko kontrapisu gisa.

Gasteizen, Gizarte eta Zigor Justiziaren Lehen Foroaren irekieran emandako hitzaldian Azkarragak baieztatu duenez “zigorraren helburua gizarteratzea dela sinisten duten entitate sozial eta profesionalen lana kontrapisua da, Gobernu zentralaren jarrera itxiaren, zigorrak gogortzearen eta proposatzen duten errepresiozko eredu atzerakoiaren aurrean”. Hala, adierazi duenez, “elkarteak presoen itxaropena dira” eta, horren ildotik, bere sailak lan hori sustatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du.

Sailburuak baieztatu zuen Gizarte Justiziari eta Zigor Justiziari buruzko Lehen Foroa elkargune garrantzitsua dela erakunde publikoen eta eragile sozialen arteko elkarlana sustatzeko, eta “gizartearen sostengu eta legitimitate handiena duen espetxe politika garatzeko, gure erkidegoko espetxeratuei eraginkortasunez laguntzen diena”.

Gobernu zentralak espetxe-legislazioa betearazteko eskumena eskualdatzeari sistematikoki ematen dion ezezkoa kritikatu zuen Azkarragak, eta salatu zuen transferentzia gauzatzeko Eusko Jaurlaritzak eta Sailak egindako ahaleginek “horma baten kontra jo dutela”.

Hala eta guztiz ere, ziurtatu zuenez, egoera horrek ´ez du geldiaraziko zerbitzu publikoa emateko dugun betebeharra”, horretarako, 1994ko apirilaren 18ko Marko Hitzarmenaren gisako esku-hartze tresnak erabiliz, nahiz eta hitzarmen horren garapena eskasa izan oraindik, sailburuak onartu zuenez. Azkarragak adierazi zuen hainbat ekintza gauzatu direla, Xiringak Aldatzeko eta Drogamendetasunetan Eskuartzeko Programa kasu, baina oraindik asko gelditzen dela egiteko aurreikusitako sei eskuartze-arloetan: presoen informazioa; hezkuntza-arloa; lanbide- eta laneratze-prestakuntza eta enpleguaren sustapena; sustapen pertsonala; osasun-arreta eta gizarte arreta.

Justizia Sailak, koordinazioaren arduraduna den aldetik, “hitzarmena indartzearen aldeko apustuari eusten dio, gizarteratzea eta espetxe-zigorra giza legez bete daitezen bermatzeko”. Horren ildotik, jakinarazi zuen bere saila iazko maiatzetik saiatzen ari dela Espetxeen Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetza handiagoa bat lortzen, horretarako, Hitzarmenaren Jarraipen Batzorderako deialdi bat eginez. Hala ere, momentuz, “ez dugu ez erantzun baikorrik, ez lankidetzarako jarrerarik jaso”, nahiz eta, “ez dugun etsiko gure ahaleginean”. “Erabakia hartua dugu, askatasun gabetuen bizi-baldintzak hobetzeko jarduerak ezarri eta sendotuko ditugu”.l

Hala eta guztiz ere, esan zuen ziur zegoela “beharrezkoa zela Zigor Justizia gizalegezko ikuspegi sozial batetik bideratzea, nahitanahiez diziplina anitzekoa izango dena”. Testuinguru horren barruan kokatu zuen Gasteizko Jaurlaritzako zigor-betearazpenari buruzko Sailarteko Batzordearen lana, “hori baita Eusko Jaurlaritza osoak hartu duen konpromisoaren froga, EAEn zigorrak betearaztearekin zerikusia duten gai guztiak ikuspegi baterakoi batetik landu daitezen, zerbitzua jasotzen dutenen beharrak, eskaerak eta arazoak jomugatzat hartuz´.

Jatorria: Joseba Azkarraga