Cesar Arrondo. (Argentinako Euskal Erakundeen Federazioko presidenteordea)

Espainiako Gobernuko presidenteak, Aznar jaunak, 2003. urteari begira zenbait adierazpen egin ditu jendaurrean. Horietan ziurtatu duenez, lege proiektu baten testua bidaliko du Gorteetara, ekintza terroristak egiteagatik kondenatutakoei zigorrak gogortzeko eskatuz. Aurreproiektu hori lege bihurtuz gero, presoek 30 eta 40 urte arteko kartzela zigor iraunkorrak bete beharko dituzte. Helburu hori lortzeko, PPko gobernua norabide zuzenik gabe garraiatzen duen autobusak geldialdi tekniko bat egin du, PSOEko kide adoregabetuak ere abentura horretara gehi daitezen. «Kartzelan ustel daitezela» leloa kantatzen hasi beharko dute horiek, Espainiako Gobernuko azken furgoiaren rol onartezina jokatzen duten bitartean. Aznar presidenteak zenbait gauza gogoratuko dizkie kide aurrerakoiei, Espainiako Konstituzioaren defentsa patriotikoan dituzten bidelagun leialak konbentzitzeko: hala nola 2000. urteko abenduaren 8an, Terrorismoaren Aurkako Askatasunaren Ituna elkarrekin sinatu zutela. Jaime Mayor Oreja garai hartako Barne ministro jaunak adierazi duenez, itun horren helburu garrantzitsuetako bat euskal nazionalismoa indargabetzea da. Hari horri helduz, honela dio kazeta adierazpen batek: «Espainiako Gobernuak eta PSOE alderdiak hitzarmen bat azaldu zuten, terrorismo delituengatik jarritako kartzela zigorrak 40 urtera arte luzatzeko. Modu horretara, ETAri mezu bat helaraziko diote: ‘Terrorismoa ez zaizue merke aterako’». Bakarra eta Handia elkarteko ordezkariek, Jose Maria Michavila Justizia ministro jaunak eta PSOEko Juan Fernando Lopez jaunak, azken ukituak emango dizkiote lege aurreproiektu horri. Aurreproiektu hori, Batasunaren legez kanporatzearekin batera, 2000. urteko urrian sinatu zen terrorismoaren aurkako —edo… barkatu!—, euskal nazionalismoaren aurkako itunaren fruitu hondatzailea izango da.

Bide batez, konstituzio zuzenbidean aditua den norbaiten iritzia jakitea funtsezkoa litzateke. Alde horretatik, Emilio Olabarria Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide ohiak jendaurrean adierazi du konstituzioaren aurkakoa dela Espainiako Gobernuak zigorrak areagotuko dituen legea onartzeko duen nahia. Izan ere, legeak eskatzen duen berdintasunaren printzipioa urratzen du, eta Espainiako Konstituzioaren 25. artikuluarekin kontraesanean dago. Honela dio artikuluak: «Zigorrak gaizkilea gizarteratzeko bideak eman behar ditu». Horretaz gain, guztiei 40 urteko kartzela zigorra jarriz gero, zigorren proportzionaltasun sistema deuseztatuko litzateke, eta sistema horren oinarria da, hain zuzen, delitu guztiak ez direla beti berak. Are gehiago: Angel Acebes Barne ministro jaunak berriki adierazi duenez, 2002. urtean talde terrorista ia-ia desegin dute, eta ez omen du aritzeko aukerarik. Halaxe adierazten du 2001eko abenduan eta 2002koan taldeak eginiko ekintzen erkaketak. Beraz, hauxe litzateke galdera: Gudua irabazita badago, zertarako ahultasuna besterik adierazten ez duen lege hori?

Egia da hauteskundeak badatozela, eta Estatuan ez dagoela azaltzeko askorik: ekonomia atzerantz doa; langabezia kopurua gorantz doa; hondamendiari irtenbiderik aurkitzeko gaitasunik izan ez dutelako, petrolioz zikindu da itsasoa… Hala, nahiz eta PSOE botere aukera bat ez izan, botoak biltzeko ona izan daiteke terrorismoari edo euskal nazionalismoari aurre egiteko banderari hautsa kendu eta astintzea. Eta horretarako Konstituzioa urratu behar bada, urratuko dute; azken finean, eurak —PP eta PSOE— baitira Espainiako Konstituzio Nazionalaren izenean gisa horretako bidegabekeriak egiten dituzten bakarrak. Hori bai, Estatuko biztanleentzat gomendio bat: irakur itzazue ondo 2003ko hauteskunde proposamenak. Agian, letra txikiz, Aznar, Mayor Oreja eta Zapaterok honakoa proposatuko dute eta: 40 urteko kartzela zigorra Espainiako biztanle guztientzat!

Jatorria: César Arrondo