Elkartasun deialdiari atxikitzen zaio Eusko Alkartasunak burututako ekintza hau Gasteizko Eusko Alkartasunako afiliatu bakoitzeko EGUNERO ale bana bidali zaizkio Jose Maria Aznar Espainiako presidenteari Moncloa jauregian bihar jaso ditzan, Egunkariarekin elkartasun egunean, hain zuzen.

Ekimen honek Egunkariak jasan duen operazio judizial poliziala salatzea duela helburu eta, era berean, Egunkariari sostengua ematea adierazi du Martin Aranburuk, EAko parlamentariak,. 500 EGUNERO aleak bidali baino lehen gaur Gasteizen eskeini duen prentsaurrean, etorkizunean atera litekeen proiektu berriari EAk sostengua emango diola aditzera eman dute alderdi abertzaleko arduradunek.

EAko ordezkariak ´Euskaldunon Egunkaria euskal hiztunak egoera normalizatu batean bizitzeko daukagun eskubidea bermatzeko dugun beste tresna bat da. Ezinbestekoa zaigu guztiei Egunkaria eta honek suposatzen duen euskerazko proiektu mediatikoa sostengatzea´ adierazi du. Aranburuk gaineratu du ´euskaldun guztien giza eskubideen errespetuari buruz ari gara; ez da zilegi batzuen eskubideei buruz aritzea eta, era berean, euskal hiztunek modu normalizatu batean bizitzeko duten eskubidea ukatzea´.

EAk burututako ekimenaren inguruan Aranburuk azaldu du euskal herritarron mina eta haserrea bideratzeko ekintza bat izan dela, eta kasu honetan EAk bitartekari lana baino ez duela egin. Zentzu honetan, eta Aznarri egunero aleak bidaltzearen zergatia azaltzeko EAko ordezkariak azaldu du ´Aznarrek jakin behar du, gure herria jasatzen ari den erasoen erantzule bezala, ez duela lortuko Euskalherria geratzea ekimen juridiko, politiko zein polizialak martxan jarri arren´

Egunero aleekin batera, gutun bat dihoakio Aznarri Egunkariaren itxierarekin urratu diren eskubideak salatuz, Giza eskubide eta askatasun guztien alde dagoen euskal hiritar baten izenean.

Jatorria: Eusko Alkartasuna