´Euskal enpresaren gaua´ izeneko enpresaburu-topaketaren XIII. urteurrenean mahaiburu izan da Bilbon.

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarraga mahaiburu izan da gaur, Bilbon, ´Euskal Enpresaren Gaua´ enpresaburuen topaketaren XIII. urteurrenean, eta, Euskadiko Kutxak antolatutako ekitaldi horretan, Euskal Enpresaburu Onenaren Saria eman du.

Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte, politika eta enpresa-munduko ehunka ordezkariren aurrean era honetan definitu du Azkarragak topaketa hori: ´ingurunearekiko eta gizartearekiko konpromisoaren ospakizuna, hau da, enpresak kanporantz duen konpromisoarena; baita barrurantz -hau da, langileekiko- duen konpromisoarena ere, pertsona zeregin ekonomikoaren ardatz gisa hartuz´.

Sailburuak ekitaldiaren garrantzia azpimarratu du, euskal gizarteak euskal enpresari zor dion esker onaren adierazpen gisa. Adierazi duenez, ´azkenean, enpresen bikaintasuna eta herri baten bikaintasuna norbanakoen bikaintasunean oinarritzen da; hau da, enpresaren eta lanaren munduan. Gainera ekitaldiak euskal enpresaburuentzako sari gisa daukan esanahia azpimarratu du. Haien lanari eta jarraitu beharreko izaera eredugarriari -eta hedaduraz, euskal enpresari- ematen zitzaien sari gisa, herrialdearen garapen ekonomikoan eta ongizatean jokatzen ari diren paper garrantzitsuagatik.

Azkarragak ziurtatu duenez, ´enpresaburu izaten ere ikasten da, eta hori berri ona da, jakina, administrazio publikoarentzat, ikaskuntza hori erraztu dezakeen eragilea den aldetik´. Horren ildotik, gogorarazi duenez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren eta Eusko Jaurlaritza osoaren programako konpromisoetako bat Euskadiko ekonomiaren lehiakortasuna eta garapena hainbat zutabetan oinarritzen delako premisaren haritik dator: Berrikuntza, ezagutza, kalitatea, prestakuntza eta lankidetza; enpresaren aldeko apustua, ekonomia eta gizarte-garapenaren bultzatzaile gisa; enpresaburu espiritua berreskuratu eta sustatzea; Europarekin bat etortzea enpleguari eta garapen teknologikoari dagokienez; eta gure ekonomia nazioarteratzea eta kanporantz proiektatzea.

Jatorria: Joseba Azkarraga