Sailburuak ´Derecho de Autodeterminación y Realidad Vasca´ liburua aurkeztu du. Egileak Xavier Etxeberria, Felipe Gómez, Eduardo Javier Ruiz, Trinidad Vicente eta Imanol Zubero dira.
Azkarragak azaldu duenez, autodeterminazio-eskubidearen kontzeptuaren “esanahia desitxuratu dute”, zeren eta, ´jasan dituen hamaika desitxuraketek esaten dutenaren aurka, eskubide horren barruan sar gaitezke Euskadi independentea, justua eta solidarioa nahi dugunok, baina baita, eskubide osoz, euren burua euskaldun eta espainoltzat daukatenak ere; eta estatu federalean sinesten dutenak, edo errepublika nahi dutenak…´. ´Horretan oinarrituta –gehitu du-, egin behar duguna da eseri eta gure ezberdintasunen eta berdintasunen inguruan hitz egin, ahal baldin bada sintesi demokratikoetara iristeko eta, beti ere, gure elkarbizitza hobetuko duten adostasun-puntuak´ aurkitzeko.

Azkarragak gaur arratsaldean Bilboko Carlton Hotelean ´Derecho de autodeterminación y realidad vasca´ liburuaren inguruan egindako aurkezpenean esan ditu hitz horiek. Liburua Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren ekimenez egin dute Xavier Etxeberria, Felipe Gómez, Eduardo Ruiz, Trinidad Vicente eta Imanol Zuberok.

Azkarraga sailburuak, halaber, argitaratutako lanaren garrantzia azpimarratu zuen, ´lasaitasunez eta zehaztasunez´ egina baitago eta bi elementu horiek funtsezkoak dira ´batez ere zalaparta nagusi den´ eztabaidan. Bere iritziz, ´zoritxarrez, asko dira autodeterminazioaren eskubidea desitxuratu nahi izan dutenak´, eta honakoak aipatu zituen lehenik: ´eskubide horretan oinarritzen direla esaten dutenak, bizitzaren eta askatasunaren eskubideak ankerki ezabatzen dituztenak´. ´Baina era berean, esan beharra dago, badirela beste batzuk, ETAk eskubide hori aipatzen duelako, deabrutu egin nahi dutenak, eta deabrutu egiten gaituzte halaber eskubide hori legitimoki, demokratikoki eta bide baketsuen bidez eskatzen dugunok ´, erantsi zuen.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren arabera, aurkeztutako liburuan egiten den gogoetaren bidez ´batak bestea entzutea eragozten digun zalaparta burrunbatsu horretatik ihes egin dezakegu, eztabaidatu dezagun, baina bestearekiko eta bere legitimitatearekiko errespetuan oinarrituz´ eta ´eztabaidarako behar dugun edo behar genukeen gizalege eta lasaitasun giroan hitz egin dezagun, eztabaida politikoak bereziki behar duelako giro hori´.

Horri lotuta, Azkarragak esan zuenez nahiago du bera ameslaritzat har dezaten, “enfrentamendu politikoko girotik irteteko itxaropena baztertu baino. Bizi dugun giroan gehienetan pentsatzeko gaitasuna eta askatasuna ezabatzen baititugu, alderdien interesen aldarean´.

Espiritu honen esparruan girotu zuen aurkeztutako obra, eta goraipatu ere egin zuen, izan ere ´muturretatik ihes egiten baitu baina ez dio eztabaidari ihes egin nahi´, zeren eta ´auziaren alderdi ezberdinak sakon jorratzen baititu eta gaiari arrazoiz eta modu arrazoituan heltzen baitio, gaia argitzeko asmo zintzoak bultzaturik´. Sailburuaren arabera, egileen merezimendua ez datza bakarrik gaia ikuspegi zientifikoz jorratzean, baizik eta baita azken ondorio bateratu batzuetara iristean ere.

Sailburuaren arabera, “eztabaida eta negoziazio prozesuetara fede onez egindako hurbilketa” bereziki pozgarri eta lasaigarri suertatzen da une hauetan, non ´batzuen fanatismoak ez baitu zalantzarik aurkari politikoa bortxatzeko eta baita fisikoki ezabatzeko ere; non interes ekonomikoagatik diplomazia lurperatu egiten baita genozidioa eraginez; non hitzik lodienak erabiltzen baitira aurkaria iraintzeko, haren arrazoiak eta egiak entzun baino lehen; eta non terrorismoaren aurka borrokatzeko, demokrazia eta askatasunak murriztea ontzat hartzen baita´.

Jatorria: Joseba Azkarraga