Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak gaur azpimarratu duenez, Giza Eskubideak babestu eta sustatzea Jaurlaritzaren politikaren “ardatz nagusietako bat” da. “Bakea lortzeko benetako aukera dugun une hauetan, bizikidetza berria zuzen eta solidarioagoa izan dadin lortzeko ekintzen bidez erakutsi behar dugu gure konpromisoa”, adierazi du.

Azkarragak, Jon Landa Giza Eskubideen zuzendariarekin batera, gatazken konponbidea gaitzak hartu duen Giza Eskubideen Nazioarteko II. Biltzarra aurkeztu du, eta bertan azpimarratu duenez, biltzarraren bigarren edizioa Eusko Jaurlaritzaren Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Planean jasotako ekintzetako bat da, eta Plan horren asmoa adiskidetzearen benetako “bidai orria” izatea da.

“Ez dugu zalantzarik gatazkak bake bidez konpontzea dela bide bakarra. Hori baita benetako bakea” esan du Azkarragak.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak berriro esan duenez, tamalgarria da oraindik gatazka dagoela ukatzen duenik eta Euskadi nazioartean ikusi nahi ez duenik egotea; izan ere, nazioartean hainbat adibidek erakusten dute errepresioa ez dela gatazkak konpontzeko bide eraginkorra.

“Hemen eta nonahi agerian gelditzen da gatazkak errepresioaren bidez konpondu nahi direnean Giza Eskubideen babeserako estandarrak gutxienekoetara jaistea —edo guztiz ezabatzea— baino ez dela lortzen. Eta guztiz kontrakoa bilatu behar genuke, alegia, Giza Eskubideen babesa eta errespetua mailarik gorenetan jartzea” azpimarratu du Azkarragak.

Horren ildotik, Justizia sailburuak salatu duenez, “Giza Eskubideen errespetuaren aurkakoa da molotov koktelak erabiliz izua zabaltzea, armak lapurtzeko emakumeak bahitzea, edo herritarren sektore bati eskubide zibil eta politikoak ukatzea. Oinarrizko errespetu hori gabe ezin da bizi demokratikorik izan, ezta bizikidetzarik ere.”

Giza Eskubideen Nazioarteko II. Biltzarra azaroaren 14tik 16ra bitartean izango da, Bilboko Euskalduna Jauregian. Topagune horretan, Azkarraga sailburuaren hitzetan, beste batzuek arazoei nola aurre egin dieten ikusi ahal izango dugu. “Helburua ez da ustezko konponbide magiko batzuk mimetismoz hona ekartzea. Nire ustez, Biltzarra positiboa izango da orain bizi dugun Bake eta Normalizazio Politikoaren prozesurako” adierazi du sailburuak amaitzeko.

Jatorria: Joseba Azkarraga