Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak Kooperatiben Nazioarteko 80. Jardunaldia itxi du Gasteizen
Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak Kooperatiben Nazioarteko 80. Jardunaldia itxi du gaur Gasteizen, Nazio Batuen Erakundeak sustatzen duen Kooperatiben Nazioarteko VIII. Egunaren barruan.

Azkarragak, bere hitzaldian, ´kooperatibismoaren oinarrietako bat errebindikatu zuen: komunitatearen interesa, komunitatearekiko ahalegin eta zerbitzu gisa ulertuta´. Azpimarratu zuenez, ezaugarri hori ´lanaren eta bizitzaren aurreko jarrera bat da batez ere, lantokitik haratago doana´. ´Ezaugarri hori -adierazi zuen- kooperatiben eta komunitateen arteko lotura estu bat da, komunitatearen haziera ekonomiko, sozial eta kulturalarekiko kezka. Azken finean, baztertu ezin den konpromiso bat da, gaur egun Nazioarteko Aliantza Kooperatibotik azpimarratzen ari dena´.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, ildo horretatik, Nazioarteko Aliantza Kooperatiboaren mezua azpimarratu zuen, enpresen erantzukizun sozialari eta gobernuek kooperatibei ingurune egoki bat errazteko duten interesari buruzko mezua, hain zuzen ere, gero enpresa horiek jendeari bere buruari laguntzen lagundu ahal diezaioten. Adierazi zuenez, ´hor egon behar du Administrazioaren lanak.

Hala, Eusko Jaurlaritzak, Euskadin, jasangarritasunaren babeserako egindako apustua berretsi zuen Azkarragak, ´konpromiso horren ardatz nagusiak, besteren artean, kohesio soziala eta partaidetza dira´. Izan ere, haren iritziz, ´kooperatibismoaren eta sektore publikoaren arteko sinbiosia, behar-beharrezkoa izateaz gain, erronka handi bat da bi alderdientzat, eraginkortasun sozial handiagoa lortzeko, eta beraz, aukera ezin hobea gizarte-kohesiorako´.

Sailburuaren iritziz, gizarte-kohesioak kooperatibaren lurraldearekiko lotura du oinarri. ´Hori dela eta, kooperatiba-proiektuek erroak botatzen dituzte kokatzen diren lekuetan, eta leku horietako lurretik elikatzen dira, aldi berean, jendearen ongizatea elikatuz. Toki batean errotutako langileekin egindako proiektuak direnez, toki horretako proiektuak ere badira, neurri handi batean. Epe luzeko proiektuak, eta horren ondorioz, egonkortasuna ematen dutenak´, azpimarratu zuen Azkarragak. ´Hori da, seguruenik -sailburuaren hitzetan-, kooperatibismoak komunitateari egiten dion ekarpenik handiena´.

Hala eta guztiz ere, Azkarragak dioenez, kooperatibismoa haratago joan daiteke -eta hala egin behar du- ´besteez arduratzeak sortarazten dituen ekarpen horien bitartez, horiek laguntzen baitiete komunitateei gizarte-aurrerapenaren aldeko bidea egiten´. ´Noski, horretarako, logikoa den bezala, enpresek errentagarriak izan behar dute, eraginkorrak, baina, hain zuzen ere halakoak direlako, kooperatibak bitarteko garrantzitsua dira bizimodu hobea lortzeko bidean´, esan zuen amaitzeko.

Jatorria: Joseba Azkarraga