Pertsona oinarri duen lanbide-orientazioaren ereduaren alde agertu da Heziketaren bidez gizon eta emakume berdinen etorkizuna lortuko dugulako konbentzimendua agertu du Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak. Confebask-ek Bilbon gaur antolatutako jardunaldi batzuen baitan, Joseba Azkarragak esan duenez, Europa garapen-eredutzat hartzean egiten den “egoeraren diagnostikoak berretsi egiten du gure gizartean estereotipoak nagusi direla, eta, enpleguan zein hezkuntzan, segregazioa”.

Egoera hori leuntzeko, sailburuak defendatu du orientazioak langabetu guztiei bermatu behar diela enplegua lortzeko neurri aktiboak eskuratzeko aukera. “Gure ustez, kolektibo desberdinen beharretara eta eskaeretara egokitu behar dira ekintzen diseinua eta ekintzak gauzatzeko prozesua. Horregatik, hain zuzen, lan-merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboekin egin beharreko lana antolatzen ari gara, beste entitate eta erakunde batzuekin batera”.

Ildo horretan, Azkarragak aurreratu duenez, hurrengo Enplegua Sustatzeko Planaren (2007-2010) ardatz nagusietariko bat “emakumeentzako lana sortzea” izango da, betiere “adostasuna eta gizarte-ituna abiapuntu izanik”. Eta, hori egiteko, gizarte- eta ekonomia-eragileen partaidetza eskatu du: “benetako gizarte eta kultura aldaketa lortuko bada”, adierazi du.

Amaitzeko, sailburuak bere “elkartasuna eta babesa” azaldu die euskal enpresaburuei. “Erakundeak eta ordezkari nauen Eusko Jaurlaritza lehenengoak gara estortsioa eta xantaia erabat arbuiatzerakoan”.

Azkarraga biolentziaren amaiera exijitu du; izan ere, norbait bere alternatiba indarrez inposatu nahi duen bitartean, ez da egongo etorkizuna duen gizartea –gizon eta emakumeak berdintasunean hartzen dituena– eratzeko aukerarik”.

“Lehergailuak jartzen tematzen direnek, herri honetako herritarrak izutzea eraginkorra dela sinesten jarraitzen dutenek, gauza bat argi izan behar dute: bide horretan egonkortzen diren bitartean, ez da bakerako biderik egongo. Horregatik nabarmendu nahi dut bizikidetzako etorkizunaren alde lanean ari garenok asko garela, eta ez dela garaia hori arriskuan jartzeko”.

“Hitz egiteko eta biolentzia isiltzeko garaia heldu da. Euskal Herriak eskatzen du”.

Jatorria: Joseba Azkarraga