Adingabeei familia-harrera egiten dieten entitateek antolatutako erakusketa baten inaugurazioan parte hartu zuen sailburuak, Vitoria-Gasteizen

Joseba Azkarragak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, bere eskerrona adierazi zuen harrera familien elkartea egiten ari den lanarengatik; izan ere, aitortu zuenez, lan hori premiaz sustatu behar diren gizarte-balio egiazkoenen adierazgarri da: elkartasuna eta elkarren arteko laguntza.

Elkartasun horrek, esan zuen sailburuak, ´balio berezia du, babesik gabeko adingabeekin erabiltzen delako, dagoen ondasunik baliotsuena eskainiz: familia bera, maitasuna, gurasotasuna…, finean, adingabeak familia izateko duen eskubidea bideragarri egitea´.

Baina, elkartasunezko konpromiso horretaz gainera, Azkarragaren ustez, harrera-erakunde horiei esker gauzatu daiteke harrera-familien, familia biologikoen eta erakunde arduradunen arteko laguntza, eta hori gabe ezinezkoa litzateke harrera-prozesuak ´errespetuz, koordinazioz eta eraginkortasunez´ garatzea.

Horrela, sailburuak azpimarratu zuenez, ´adingabeari heziketa-bide nagusia, hau da, familia eskaintzen zaio; eta hor eraikitzen dira balio pertsonal eta sozialak, baita nortasuna bera ere´.

Azkarragak aurreratu duenez, bere sailak jarraituko du elkarte horiek sustatzen dituzten sentsibilizazio kanpainei laguntzen, orain arte egin duen bezala, 60 erakunde baino gehiagori, 550.000 euroko laguntza eman dien ´familiaren arloan lan egiten duten erakundeei laguntzeko Aginduaren´ bitartez.

Era berean, aurreratu zuenez, Eusko Jaurlaritza sortzen ari den Familiari Laguntzeko Legearen proiektuan baldintza berdinak aplikatuko zaizkie familia-harrerari eta adopzioari, bai diru-laguntzen programei, bai lana eta familia bateragarri egitekoei dagokienez.

Jatorria: Joseba Azkarraga