Gaur goizean, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak EAEko egungo lan-merkatuaren daturik nagusiak aurkeztu ditu prentsa-aurrean, baita datorren 2006rako enpleguari buruzko adierazle nagusien bilakaeraz bere sailak egiten duen aurreikuspena ere.

Sailburuaz gain, hedabide aurreko agerraldian Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordea, Juanjo Loroño, eta Egailan sozietate publikoaren Lan-merkatuaren Behatokiko arduraduna, Javier Ramos izan dira.

2005eko balantzea (2005eko hirugarren hiruhilekoan lortutako emaitzetatik abiatuta)

Orokorrean, Sailak –ekitaldia amaitzeke egonik, eta hirugarren hiruhilekoaren datuak eskuan dituela–, oso balantze ona egiten du urte honetaz, eta honako hau esatea badugu: 2005a oso urte ona izaten ari da EAEko lan-merkatuari dagokionez, eta urrats sendoak egiten ari gara Lisboan 2010erako aurreikusitako helburuak lortze aldera.

Aurten, enplegua nabarmen hazi da –2005eko hirugarren hiruhilekoaren datuak erreferentziatzat hartuta, eta 2004ko garai berekoekin alderatuta– , eta enplegu-tasa (% 65,8) ia puntu eta erdi handiagoa da 2004koa baino, emakumezkoen enplegu-tasa (%55,1) Europar Batasunaren antzeko parametroetan izanik. 55 eta 64 urte bitartekoen enplegu-tasa (ehuneko 42) bi puntu baino gehiago hazi da, eta gazteena (%54,7) hiru puntu eta erdi.

Antzekoa gertatzen da langabeziaren bilakaerarekin. Langabezia-tasa %5ekoa da (%4,3koa gizonena, eta % 5,9koa emakumeena), orain dela urte bete genuena baino 2,6 puntu txikiagoa; Europar Batasuneko batez bestekoa, berriz, % 8,7koa da, eta Espainiakoa, % 8,4koa.

Gazteen langabezia-tasa erdira gutxitu da (%10,3). Europar Batasunean, % 18,5ekoa da, eta Estatutan % 18koa. Garrantzitsua da gogoraztea orain dela lau urte soilik gazteen langabezia-tasa ehuneko 25,5ekoa zela. Eta gaur egun, berriro esango dut, ehuneko 10,3koa dugu.

Era berean, langabetu guztien artean, bi taldek bilakaera ona izan dute: luzaroko langabetuek (%33,8) eta lehenengo lan bila dabiltzan langabetuek (%7,3).

Baina datu on horiekin batera, badaude beste adierazle batzuk, nolabait kezkatzeko modukoak. Jarduera-tasaren hazkunde motelaz ari naiz, eta, batez ere, lan ugari ezegonkorrak izateaz; izan ere, ezegonkortasuna gure lan-merkatuan errotutako egiturazko ezaugarria bihurtzen ari da. 2005eko hirugarren hiruhilekoan kontratuen ehuneko 27,5 behin behingoak izan dira, eta gure inguruko Europako herrietan, berriz, batez bestekoa % 10 ingurukoa da, Estatu espainolean salbu (bertan antzeko kopurua dute). Sinatzen diren 100 kontratu berrietatik 7 soilik dira mugagabeak.

Lanpostuak industrian gutxitzeak eta zerbitzu-sektorean handitzeak nolabaiteko ziurtasunik eza sortzen du etorkizunari begira. Industria garrantzia galtzen ari da ekonomian, eta hori gure herrian alarma-seinalea izan daiteke.

2006ko egoera makroekonomikoa

Oro har, badugu esatea euskal ekonomian 2006rako 2005eko antzeko egoera aurreikusten dela. Horrela, datorren aurreko aurreikuspenak barruko eskaera sendoan eta inbertsioaren bizkortze iraunkorrean oinarritzen dira. Aurreikuspen horren azpian inbertsioaren hazkundeak sortuko dituen finantza-baldintza egokiak dira faktorerik nagusietariko bat. Bestalde, kanpoko sektoreak –betiere, aurreikuspenaren arabera– berriro ere gutxituko du hazkundea; izan ere, euskal produktuak jasotzen dituzten merkatuek hazteko aukera eskasak dituztelako, eta hori oztopo nagusia da esportazioak handitzeko.

Barne Produktu Gordinak hazkunde-erritmo handiari eutsiko dio, erlatiboki; hala, 2006rako, honako aurreikuspen hauek egin dira: BPG 3 eta 3,3 puntu artekoa (iturrien arabera), aurreikusita dago enpleguaren hazkundeak (%1,8) ere garrantzitsua izaten jarraitzea, eta produktibitate irabazpenekin (%1etik gertu) bateragarria. Era berean, langabezia-tasak gutxitzen jarraitzen du (6 hamarrena).

2006ko adierazleak

Osotara

Lan egiteko adinean dauden biztanleei dagokienez –hau da, 16 eta 64 urte bitartekoak– gutxitzeko joera txikia aurreikusten da, belaunaldi-ordezkatzerik ezarengatik.

Enplegu-tasaren 1,3 puntuko hazkundea, eta % 67,2ra helduko dela aurreikusten da, hau da, Europak 2010erako ezarritako helburua –%70– lortzeko bidean gaude.

2006rako, aurreikusten dugu 16 eta 44 urte bitarteko biztanle enplegudunak ehuneko 1,8 gehiago izango direla, hau da, gutxi gorabehera lanpostua lortuko duten 17.000 pertsonen hazkunde garbia.

Jarduera-tasa 7 hamarren hazi egiten da –orobat–, batez ere emakumeei dagokienez. Biztanleria aktiboa deitzen diogun taldean 12.000 pertsona gehiago sartuko dira.

2006an, langabezia-tasa berriro gutxituko da. Adierazle hori 6 hamarren gutxituko da. Zenbaki absolutuetan, langabezian 5.000 pertsona gutxiago egongo dira.

Atal horri dagokionez, Azkarraga sailburuak azaldu du bai Biztanleria Jardueraren Ikerketak, bai Biztanleria Aktiboaren Inkestak aldaketa metodologikoak sartu dituztela, Europako zuzentarauetara egokitzeko, egonkortzeko denbora beharko baitute. Horrenbestez, datozen hilabeteotan distortsioren bat sor dezaketen datuak topatuko ditugu, eta horrela jarraituko dugu tasa hori egonkortu arte. Ildo horretatik, dualitate baten lekuko izango gara: alde batetik, estatistiketan jasotako langabezia handituko da eta, aldi berean, benetako langabezia gutxituko. Baina kontaketa metodologietatik haratago, izan gogoan datu hau: Euskal Autonomia Erkidegoan, langabeziak gutxitzen jarraitzen du, eta 2006an 5.000 langabetu gutxiago izango ditugula aurreikusten da.

2006a bitartean ere pertsona okupatu soldatadunak gutxitzeko joera txikia egongo da, aurreko urteetako joerari jarraiki.

Emakumeak

Emakumeen enplegu-tasa ia bi puntu handituko da; eta ehuneko 58,3ra helduko, Europak 2010erako ezarritako helburutik –%60– oso gertu dago. Emakumeen enpleguaren hazkunde iraunkorra, ehuneko 3koaren ingurukoa. Guztira, lehen komentatu dizuen bezala, 2006an sortuko diren 17.000 enplegu berrietatik, 12.000 emakumeenak izango dira.

Jarduera-tasa handitu egingo da emakumeentzat, ehuneko puntu bat baino gehiago, eta 2006an ehuneko 47,8koa izango da.

Emakumeen langabeziaren gutxitze txikia: aurreikuspena da 4 hamarren gutxituko dela, hau da, 1.000 emakume gutxiago langabezian. Emakumeen kolektiboan enpleguak sortzen jarraitzen badu ere, langabezia-tasak ez du aldaketa handirik izaten, gero eta emakume gehiagok nahi duelako lan-merkatuan sartu, eta, horrela, lehen aipatuta dugun jarduera-tasa handitzen da.

Gazteak

Gazteen artean biztanle aktiboak nabarmen gutxitzen dira, biztanle-egituraren ondorioz (belanauldi-ordezkaritzarik eza). 13.000 gazte gutxiago inguru. Oso garrantzitsua izango da etorkinen bilakaeraren berri izatea, zentzu honetan: gaur egun ez dakigu 16 eta 24 urte bitarteko zenbat etorkin sartuko diren legalki lan-merkatuan, EAEn bizi diren gazte aktiboen gutxitzea nolabait konpentsatzeko.

Langabeziaren hazkunde txikia, ehuneko 10etik gertu jarrituko badu ere. Kolektibo honi dagokionez, berriro ere arazo demografiko nabarmena aukitzen dugu, eta, horrekin batera, EAEko gazteak berandu lan-munduratzerak gaur egungo lan-merkatuak kolektibo horretan duen eragin negatiboa; non gaztetasuna eta laneko behin-behingotasuna bat diren.

Luzaroko langabezia

Ia ez da aldatuko aurreikuspena, alegia, langabezia osoaren ehuneko 34 izaten jaraitzea. Kronifikatzeko arriskua duen kolektiboa aurkitzen dugu, eta, edonola ere, deabruzko gurpil horretatik nekez ihes egingo duena.

Ondorioak

§ EAEko lan-merkatuak hobetzen jarraitzen du.

§ Euskal Autonomia Erkidegoa Europar Batasunak okupazio-tasa orokorrari dagokionez ezarritako helburuetara gerturatzen ari da (hiru puntu baino gutxiago falta zaio), urrats sendo eta seguruak emanez, baita emakumeen enplegu-tasari dagokionez ere (1,7 puntu falta zaio), eta 2006ko amaiera-aldean oraindik lau urte geratuko dira helburu horiek betetzeko.

§ Enpleguak jarraitzen du pixkanaka-pixkanaka handitzen, eta, aldi berean, langabeziaren eta langabezia-tasaren gutxitzea areagotzen ari da.

§ Enplegua zerbitzuetan eta eraikuntz-sektorean hazten da urtez urte.

§ Gero eta afiliatu gehiago dago Gizarte Segurantzan, soldatadunen eta afiliatu atzerritarren bilakaera dela-eta.

§ Baina datu on horiekin batera, badago beste adierazle bat, kezkatzen gaituena: jarduera tasa oso motel hazten da, eta hori oinarrizko adierazlea da Lisboako Gailurraren helburuak betetze aldera. Gizonezkoen lan-merkaturatze erritmoa gero eta motelegoa da, eta emakumeena espero baino motelagoa. Dena den, aurreko urteetan baino aurrejubilazio gutxiago hartzeak aurreko efektua konpentsatuko du, eta jarduera-tasa handitzea erraztuko.

§ Gure kezka azaldu dugu beste kontu bati dagokionez: lan ugari behin-behingoak dira, eta ezegonkortasun hori gure lan-merkatuaren egiturazko ezaugarria bilakatzen ari da. Seguru aski, sektore ekonomiko dinamikoenak eraikuntza eta zerbitzuak izateak laguntzen dute hori gertatzen; sektore biok gaur egun behin-behinkotasunerako joera handia dute-eta.

Joseba Azkarragak adierazi duenez, “Eusko Jaurlaritzak jarraituko du zenbait politika taxutzen, parametro positiboen bilakaera areagotzeko eta nolabaiteko alarma dakartenei aurre egiteko”.

“Lehenengo eta behin –egiaztatu du sailburuak- jarraituko dugu enplegua –kalitatezkoa–sortzeko laguntzak eta abantailak ematen dituzten politikak egiten.”

Bigarrenik, autogobernuan sakontzen jarraituko dugu eta dagozkigun eskumenak erreklamatzen, esaterako, enplegu-politikak –Gernikako Estatutuan ezarritakoa–, horrek Lan Harremanen Euskal Esparrua sortzen lagunduko du”.

Eta hirugarrenik, “jarraituko dugu gizarte-eragileen gizarte-elkarrizketaren alde egiten, enpleguaren alde eta laneko behin-behingotasunaren kontrako akordio handia lortu ahal izateko”, amaitu du Joseba Azkarragak.

Jatorria: Joseba Azkarraga