EAren iritziz, Otamendi, Uria, Oleaga, Auzmendi eta Torrealdairen kontrako ahozko epaiketa irekitzea burugabekariaren garaipena da eta inoiz hasi behar izan ez zuen jazarpen baten gorena jotzen du.

Auzitegi Nagusiak Euskaldunon Egunkariaren aurkako prozesua artxibatzeari uko egin eta auzi horretan inputaturik dauden lagunen kontrako ahozko epaiketa irekitzea erabaki duela eta, Eusko Alkartasunak auzipetuei babesa eta elkartasuna berretsi die eta Espainiako auzitegi berezia salatzen du, arrazoi politikoek, ez juridikoek, bultzatuta hartu duelako erabakia. Bakarrik horrela uler daiteke ETAko kide izatea leporatzea Euskal Herrian hain ezagunak diren Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joan Mari Torrealdai y Xabier Oleagari.

EAren ustez, oso adierazgarria da Fiskaltzak berak, eta ez bakarrik defentsak, auzia ixteko eskatzea epaiketara joateko delitu zantzurik ez dagoela ikusten duelako. Bultzada politikoa agerikoa da Auzitegi Nazionalak defentsaren zein Fiskaltzaren helegiteak errefusatu dituela eta bere autoa herri akusazio gisa ari diren AVTren eta Dignidad y Justicia elkarte ultraren argudioetan oinarritzen duela ikusirik.

Erabaki hau zentzugabekeriaren garaipena da, eta 2003ko otsailaren 20tik dirauen prentsa eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoa gorenera eraman du Auzitegi Nazionalak. EAren iritziz, auziak arrazoizko amaiera bakarra du: akusatu guztiak errugabe jotzea.

Jatorria: Eusko Alkartasuna