“Gizarte bidezkoagoa, berdintasunezkoagoa, demokratikoagoa eta askeagoa eraikitzea gure esku dago”

Gure Esku Dagok antolatuta eta atzo Auzitegi Gorenean hasitako epaiketaren aurrean lider independentistei babesa adierazteko igandean Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dio Eusko Alkartasunak euskal jendarteari. Alderdi sozialdemokrataren militantziak parte hartze aktiboa izan zuen asteartean egindako kontzentrazioetan eta politiko demokraten aurkako epaiketari kaleetan erantzun behar zaiola uste du.

Euskal gizartea kalera ateratzeko deia egin du EAk, gatazka politikoen konponbidea elkarrizketa eta hitzarmena izan behar dela defendatzeko: “Atzo Oriol Junquerasek esan bezala, negoziazio mahian esertzeari uko egin eta bere ardura epaitegien eskuetan uzten duen Estatuak ez dio jendarteari inolako berme demokratikorik eskaintzen”.

“Aurten, aurrean ditugun hauteskundeekin gizarte bidezkoago, berdintasunezkoago, askeago eta demokratikoagoak sortzeko aukera dugu. Herri txikienetik Europar Parlamenturaino, Hegoaldeko lau herrialde eta orain baita Espainiar estatuan ere, gure esku dago jendartearen ahalduntzearen oinarria jartzea. Erabakitzeko eskubidea eremu guzti horietan defendatu behar dugu, benetan eskubide bat izan dadin eta ez delitua”.

Eusko Alkartasunako oinarri sozialak eta ordezkariak kalera aterako dira epaituak izaten ari diren lagunei, beren familiei eta alderdiei ere babesa eta elkartasuna adierazteko, baita proiektu politiko demokratikoen gauzatze librea aldarrikatzeko ere: “Biolentziarik gabe dena zela posible esaten ziguten Euskal Herrian eta Katalunian bide baketsu eta demokratikoetatik ezin dela ezer egin esaten diete orain. Eskuin muturraren igoera baino lehen ere Estatu espainolaren kalitate demokratikoa oso txarra zen”.