Idurre Bidegure, EH Bilduko senatariak lan eredua aldatzeko beharra aldarrikatu du, “autonomo faltsuen gaitzarekin behingoz amaitzeko”. Langileen Estatutuaren Legea aldatzeko Lege Proiektuari buruz Senatuan gaur egin den eztabaidan, Rider Legea deitutakoa, Bidegurenek XXI. mendeko eskari, behar eta eskubideei erantzungo dien lan eredua ezartzeko lan egiteko deia luzatu du.
Senatariak gogorarazi duenez, langile autonomo izateko derrigortasuna ez da riderren kolektibora mugatzen, “beste plataforma digital, kolektibo eta sektore batzuk oraindik ere babesgabe daude, eta 300.000 pertsonara izan daitezke”.
Autonomo faltsuaren figurak suposatzen duena “langileengan abusua eta lan-eskubideen falta” baino gehiago da, “enpresaburuek gizarte-segurantzari iruzur egitea ere bada, kotizazioetan dituzten betebeharrak saihesten baitituzte. Beraz, pentsio-sistemari egindako lapurreta da”.
Bidegurenek azaldu duenez, EH Bilduk operadore digitalek legea betetzea espero du. Hala ere, koalizioak “lan ikuskapenak indartzearen” alde egin du, legea ez dadin paper hutsean geratu.
Eusko Alkartasunako kideak parte hartu duen eztabaidaren emaitzez, azkenean, Langileen Estatutuaren Legea aldatu da. EH Bilduk positibotzat jo du aldaketa, “lan-eskubideak indartzen dituelako eta plataforma digitalen esparruan banaketan diharduten pertsonak besteren konturako langileak izatea ahalbidetuko duelako, autonomo faltsuak izateari utzita”.
IMG-20190530-WA0011